Idoia Martinez eta Andoni Esparta Euskadiko boulder txapeldun

Larunbatean jokatu zen proba, Berangoko Sputnik Climbing rokodromoan. 207 lehiakide aritu ziren, eta finalak maila handikoak eta oso estuak izan ziren.

Idoia Martinez eskalatzailea
Idoia Martinez larunbateko blokeetako batean. @SPUTNIKBERANGO
ramon olasagasti
2024ko martxoaren 19a
18:15
Entzun

Euskadiko Boulder Txapelketa jokatu zen larunbatean, martxoak 16, Berangoko Sputnik Climbing rokodromoan. Finalak maila handikoak eta oso estuak izan ziren, eta azkenean Idoia Martinez eta Andoni Esparta nagusitu ziren maila absolutuan.

Guztira 207 lagunek eman zuten izena, lau kategoriatan banatuta (14 urtez azpikoak, 16 urtez azpikoak, 18 urtez azpikoak, absolutuak eta seniorrak), eta Euskadiko Boulder Txapelketa eskaladaren festa bihurtu zen, goizeko zortzietan hasi eta goizaldean amaitu. Lehiaketaren formatuari esker —txapelketa eta Sputnik Opena— Euskadiko Federazioko kirolariez gain beste federazio batzuetako eskalatzaileak ere aritu ziren larunbateko proban.

Boulderrak diseinatzeaz arduratu ziren sei ekipatzaileek 30 bloke prestatu zituzten guztira, Sputnik Climbing rokodromoaren 1.500 metro karratuetan, eta horma berezi bat utzi zuten finaleko blokeetarako. Final horretan, kategoria bakoitzeko eskalatzaileek lau bloke gainditu behar izan zituzten.

Txapeldun absolutuak Idoia Martinez eta Andoni Esparta izan ziren. Biek ala biek finaleko lau blokeak gainditu zituzten. Haizea Oses eta Mikel Linazisoro, hiruna blokerekin, bigarren izan ziren, eta hirugarren, berriz, Joanes Esparta eta Aitziber Urrutia.

Andoni Esparta eskalatzailea
Andoni Esparta larunbateko proban. @SPUTNIKBERANGO

Gazteen artean, 18 urtez azpikoetan Ainhoa Uskola izan zen txapeldun, Elur Arteaga bigarren eta Libe Castillo hirugarren. Mutiletan, maila berean, Asier Antunez nagusitu zitzaien Martin Arzelus eta Manex Guenetxeari. 16 urtez azpikoetan, Udane Mujikarentzat izan zen txapela, eta Ines Allende eta Elene Otermin igo ziren podiumeko hurrengo kosketara. Mutiletan, berriz, Eñaut Uson gailendu zen, Lier Perez izan zen bigarren, eta Gorka Gardeazabal hirugarren. 14 urtez azpikoetan, Laga Hernaiz izan zen irabazle, Maddi Mendibururen eta Olatz Cabreraren aurretik. Eta mutiletan, Lur Guenetxea izan zen txapeldun, Unax Rodriguez eta Markel Korta podiumaren albo banatan zituela.

Seniorretan, Susana Arevalo eta Eneko Guenetxea izan ziren garaile.

Bimini Hortsmann eta Alex Crespo Sputnik Openean

Opena ere goi mailakoa izan zen: Bimini Hortsmann estatubatuarrak finaleko lau blokeak gainditu zituen, eta Idoia Martinezek baino saiakera gutxiago behar izan zituenez, berak lortu zuen garaipena. Hortsmann Munduko Kopako probetan lehiatutakoa da gazte mailetan. Mutiletan, berriz, Alex Crespo extremadurarra  —2023an, Espainiako Bloke Kopako lehen proba irabazi zuen— izan zen garaile Sputnik Openean. Sailkapen nagusian hirugarren izan zen, Andoni Esparta eta Mikel Linazisororen atzetik.

Sailkapenak Euskal Mendizale Federazioaren webgunean daude eskuragai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.