Idiazabal kirol elkarteko mendizaleek 40. urteurreneko ospakizunak egingo dituzte ostiralean eta igandean

Argazki erakusketa, urteotan eginiko ibilaldiei buruzko proiekzioa eta Aratzerako mendi irteera egingo dituzte. Bestalde, Beran, XVIII. Mendi Eguna egingo dute larunbatean, Luis Mari 'Loro' Pikabearen, Xabier Zubietaren eta Xabier Saralegiren oroimenez.

Idiazabal kirol elkarteko mendi saileko kideak 1985eko otsailaren 24an Aratz mendira eginiko irteera
Idiazabal kirol elkarteko mendi saileko kideek 1985eko otsailaren 24an Aratz mendira eginiko lehen irteera. IDIAZABAL K.E.
ramon olasagasti
2025eko urtarrilaren 7a
16:30
Entzun

Berrogei urte bete dira Idiazabalgo mendizaleek kirol elkartearen barruan mendi saila eratu zutela. 1984ko abenduko batzar batean egin zuten urrats hori, eta 1985eko otsailaren 24an egin zuten lehen irteera Aratz mendira. Geroztik, era guztietako ibilaldiak antolatu ditu mendi sailak: «Motzak zein luzeak, inguruko mendietara egindakoak batzuk, eta Pirinioetako gailurrik altuenetara beste zenbait. Mendizale helduentzat asko, eta eskolako umeentzat ere bai, mendian ibiltzeak dakartzan onurak erakutsi eta zabaldu nahian», azaldu dute mendi saileko kideek. Eta txangoak ez ezik, bestelako hainbat jarduera ere egin ditu taldeak, hala nola erakusketak, hitzaldiak, ikus-entzunezko emanaldiak… «Guzti-guztiak, herrian mendizaletasuna hauspotzeko».

Aste honetarako, 40. urteurren hori ospatzeko eta mendizaletasuna sustatzen jarraitzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Idiazabalen. Ostiralean, urtarrilak 10, urteotan egindako jardueren inguruko erakusketa bat irekiko dute udaletxeko areto nagusian, arratsaldeko seietan. «Argazkiak eta mendian erabilitako materiala ipiniko ditugu jendaurrean. Bi aste egongo da erakusketa ikusgai». Egun berean, 18:30ean, urte hauetan guztietan eginiko ibilaldien proiekzioa egingo dute. Eta eguna bukatzeko, afaria egingo dute Arretxe elkartean. Igandean, berriz, mendi irteera egingo dute Aratzera. Lehen txangoa gailur horretara egin zuten. Igandeko irteera 08:00etan izango da, plazan.

MUN BRAKK MENDIAK, KARAKORUMEN
Ekaitz Maizek Karakorumeko Mun Brakk mendian (5.430m) eginiko eskaladari buruzko proiekzioa egingo du larunbatean Berako Mendi Egunean. EKAITZ MAIZ

XVIII. Mendi Eguna larunbatean Beran

Larunbatean Luis Mari Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegiren oroimenezko XVIII. Mendi Eguna egingo da Beran (Nafarroa). Hiru mendizale nafarrak 2007ko urtarrilaren 13an zendu ziren Taillon mendiaren iparrean, eta, geroztik, haiek oroitzeko eguna egiten dute Beran, Agerra mendi taldeak eta Manttale taldeak antolatuta. Aurten, gainera, asteburu osoko egitaraua antolatu dute. Larunbatean izango da Mendi Eguna: arratsaldean ohiko mendi irteera eta binakako kronoigoera egingo dute Santa Barbara mendian. Gain hartan dago hiru mendizaleen omenezko eskultura. Oinezkoak 15:00etan abiatuko dira, eta kronoigoera osatuko duten lasterkariak, ordu erdi geroago. Ondoren, mokadu bat eta zozketa izango da partaide guztien artean. Jarraian, 19:30ean, kultur etxean Ekaitz Maizek Karakorumeko Mun Brakk II orratzean (5.430 m) zabaldutako Izar gorri, Mamuon betiko argi bideari buruzko proiekzioa egingo du. Igandean, berritasun modura, mendi irteera izango da, 09:00etan kiroldegitik abiatuta. Mendizaleak Manttalera igoko dira, eta Ibardinera jaitsi. Han hamaiketakoa egin ondoren, Berara itzuliko dira mendizaleak.

Durangoko Alpino Tabira Mendi Taldeko kideek 2025eko Urte Berri egunean Urkiolagirre mendian ateratako argazkia
Durangoko Alpino Tabira mendi taldeko kideek 2025eko Urteberri egunean Urkiolagirre mendian ateratako argazkia. ALPINO TABIRA

Durangoko Alpino Tabirak ekin dio denboraldiari

Urte hasierako Urkiolagirreko ohiko talde argazkia atera ondoren, Durangoko Alpino Tabira taldeak ekin dio jada 2025. urteko ekintzen egutegiari. Larunbatean, urtarrilak 11, Iurretako Gallanda eta Garaiko Arakaldo mendiak lotuko dituen ibilbide zirkular bat egingo dute (14 kilometro). Hilaren 19an, berriz, iaz hasitako Bizkaiko Birari (GR 123) jarraipena emango diote: oraingo honetan, Bakiotik Plentziarako etapa osatuko dute. Urtarrilaren 16a arte eman daiteke izena. Informazio guztia, www.alpino-tabira.org webgunean. 2025 urteko egutegiaren barnean, hainbat egunetako bi mendi zeharkaldi programatu dituzte, bata uztailean eta bestea abuztuan. Uztailekoak GR 11 ibilbideko 8 etapa kateatuko ditu Hondarribia eta Selva de Oza artean. Abuztukoak, berriz, Lleidako Pirinioetako Porta del Cel lau egunetako zeharkaldi zirkularra izango du helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.