Mendia. XIV Orduak ibilaldia

Ibiltarien olinpiada

Olinpiar urtea izaki, maiatzeko azken igandean egingo dute XIV Orduak ibilaldia, maiatzaren 27an; bi mila mendizalek eman dute izena dagoeneko.

Mendizale ilara luzea, Gorrititik Lekunberrirako bidean, 2008ko XIV Orduak ibilaldian. HITZA.
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Berezia dator 2012. urtea.Olinpiar urtea da eta, ondorioz, XIV Orduena ere bai. Kirolaren hiriburua izango da Londres, abuztuan. Kirolzale direnek eta ez direnek hiri hartan jarriko dute mira, maiatzaren 27rako mendizale eta ibiltari direnek eta ez direnek Tolosan jarriko duten gisan. Euskal Herrian tradizioa duen ibilaldirik bada, Aralarko Adiskideak elkarteak lau urtez behin antolatzen duen zeharkaldia da hori, XIV Orduak, eta, olinpiar urtea izaki, maiatzeko azken igandearekin batera egingo dute.

Aralar mendilerroa zeharkatzen duen ibilaldiak 15. aldia du aurtengoa. Orain artean bi mila lagunek eman dute izena, antolatzaileek jakinarazidutenez. Kopuru handia da hori, baina duela lau, zortzi edo hamabi urte baino txikiagoa, ibilaldirako bi aste falta direla. Izena emateko bide bakarra jarri dute Aralarko Adiskideak elkartekoek: www.aralarkoadiskideak.org. Atari horretan dituzte ibiltariek izena emateko lotura eta zeharkaldiaren inguruko informazio guztia.

Tolosako Berazubi futbol zelaia izango dute ibiltariek abiapuntu eta helmuga. Aurrenekoak 05:00etarako abiatuko dira, eta haien atzetik 80 bat mendizale minuturo. 68,5 kilometro izango dituzte aurretik, Gipuzkoako eta Nafarroako herri eta mendietan. Tolosatik Gaztelura joango dira, eta Ulin izango dute pasatu beharreko lehenengo kontrola. Gorritin, Lekunberrin, Aralarko Done Mikelen baselizan, Igaratzan eta Amezketan jarriko dituzte hurrengo kontrolguneak. Amezketatik Tolosara joango dira azken zatian, Alegiatik pasatuta. Duela lau urte egin bezala, arratsaldean autobus zerbitzua jarriko dute Tolosa eta Amezketa artean, zeharkaldia bertatik bertara ikusi edota ibiltariren bati zapatilak edo arropa eraman nahi dietenentzat. Berazubira iristen diren guztiek jasoko dute diploma bana oroigarri.

Azpiegitura lan handia

Ibilbidean aldaketa txiki bat egin dute: Lekunberri herrigunera trenbide zaharraren bidetik iritsiko dira ibiltariak, errepidea saihestuz. Aldaketa horrek Lekunberriko anoa guneari eragingo dio: herriko plazan jarriko dute, pilotalekuan jarri beharrean.

XIV Orduak ez da lasterketa bat. Lehiaketarik gabeko ibilaldi bat da. Ezaugarri hori nabarmendu nahi dute Aralako Adiskideak elkartekoek. «Mendi martxa bat da, eta ospakizun moduan hartzen du jendeak», dio antolakuntzako kide Iñigo Goñik. Izan ere, ekitalditik ekitaldira ibiltarien prestaketa asko hobetu da, eta lehia ukitua ere hartu du ibiltzeko martxa denak. Antolatzaileek parte hartzaileek bete beharreko gutxieneko eta gehieneko ordutegiak zehaztu dituzte: 12 ordu eta erdi eta 16 ordu bitarteko epean egin behar dute ibilbidea. «Bi multzo handi bereiziko nituzke parte hartzaileen artean: kirolari eta mendizaleena, batetik, eta XIV Orduetan irtetea ohitura dutenena, bestetik. Lehenengo multzokoak ibiltzera ohituta daude, trebatutako mendizaleak dira eta beste ibilaldi eta lasterketa askotan parte hartzen dute. Bigarren taldean, berriz, martxan behin parte hartu eta martxari lau urtetik behin lotu zaizkionak», dio Goñik.

Eta, noski, dena behar bezala irten dadin, azpiegitura lan handia dago atzean. Zenbaki dantza handiaren adierazgarri dira ondokoak: 22.200 ur botila, 1.300 kilo laranja, 1.300 ogi, 222 kilo tomate, 180 kilo urdaiazpiko, 600 litro salda, 18 kilo kafe… jarriko dituzte anoa guneetan, eta boluntario lanean 250 pertsona ariko dira. Antxon Bandres ere gogoan izateko eguna izango da maiatzaren 27koa; iazko udazkenean hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.