Mendia. Iraupen luzeko ibilaldiak

Ibiltariak, lehen urratserako prest

Villabonako Aizkardi elkartearen ibilaldiarekin hasiko da iraupen luzeko ibilaldien denboraldia, igandean. Berezia dator urtea ibiltarientzat: Tolosako XIV Orduak eta Hiru Handiak izango dituzte denboraldiko erronka nagusietako bi.

Hiru ibiltari,  2008ko XIV Orduak ibilaldian. Lau urtean behin egiten dute Tolosako ibilaldi ezagun hori. BERRIA.
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Ibiltariek badute ibiltzen hasteko tenorea. Udaberria iristearekin batera, igande honetan hasiko da iraupen luzeko ibilaldien egutegia, eta ohiko legean eta lekuan egingo dituzte ibiltariek lehenengo urratsak: Villabonako Aizkardi elkartearen martxan. Urria iritsi bitartean dozenaka ibilaldiren artean aukeratzeko modua izango dute mendizaleek. Aukera handia da.

Iganderako bi ibilbide prestatu dituzte Aizkardikoek: 43 kilometroko luzea eta 24 kilometroko laburragoa. Luzean parte hartuko dutenak 07:00etan irtengo dira Aizkardi elkartearen egoitzaren ingurutik (kontuz ordu aldaketarekin), eta martxa motzagoa aukeratu dutenak, berriz, 08:00etan. Dagoeneko ia mila mendizalek eman dute iganderako izena, eta parte hartu nahi dutenek badute oraindik aukera. Izena www.aizkardi.com webgunean eman behar dute.

Villabonako ibilaldiaren atzetik, Altsasuko Hiru Mendilerroen zeharkaldia izango da egutegiko bigarrena, martxoaren 30ean. Hegotik iparrera nahiz ekialdetik mendebaldera, Euskal Herria ezagutzeko modua dira iraupen luzeko ibilaldiak, eta urtetik urtera ibiltari gehiago erakartzen ditu mendira joateko molde horrek. Euskal Mendizale Federazioak (EMF) eta Nafarroakoak zirkuitu bana prestatu dute ibilbideen harira, nahiz eta martxetako batzuk bi zirkuituen barnean dauden.

EMFren aurtengo zirkuitua 23 ibilaldik osatuko dute, eta Nafarroakoa, hamarrek. Iaz 4.433 ibiltarik parte hartu zuten EMFren ibilaldietan, eta 94 ibiltarik lortu zuten finalista izendapena —horretarako, gutxienez zortzi ibilaldi osatu behar dira, eta gutxienez bat herrialde bakoitzetik—.

Federazioek antolatutako ibilaldietatik harago, zabala da aukera. Ia herri guztietako elkarteek antolatzen dute ibilaldiren bat. Horien guztien inguruko informazio zehatza nahi duenak Interneten irekitako webguneetan eskura dezake; www.mendimartxak.creatuforo.com atarian, esaterako.

XIV Orduak

Londresen jokatuko dira aurten Olinpiar Jokoak, eta Aralarren egingo dute iraupen luzeko ibilaldien artean tradizio handiena duenetako bat: XIV Orduak. Aralarko Adiskideak elkarteak antolatzen du martxa, eta maiatzaren 27an izango da.

Tolosa abiapuntu eta helmuga hartuta, 68 kilometroko ibilaldia izango dute. Duela lau urtekoarekin alderatuz, ez dago aldaketarik ibilbidean. Aralar mendilerrorako joan-etorrian Uli, Gorriti, Lekunberri, San Migel, Igaratza eta Amezketa lotuko dituzte ibiltariek Tolosara itzuli aurretik.

Gasteizko Manuel Iradier elkartearen Hiru Handiak izango da ibiltari askoren urteko erronka; ekainaren 2an izango da. Bi urtean behin antolatzen dute Gorbeia, Anboto eta Aizkorri lotzen dituen ibilaldi hori. Izena emateko epea ireki eta 10 orduan amaitu ziren 1.300 zenbakiak. Mendebaldetik ekialdera antolatu dute zeharkaldia. Zigoitiko Ondategi auzotik irten(Araba) eta Araian bukatuko dute; 100 kilometro eta ia 10.000 metroko desnibel metatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.