Felipe Uriarte
FUJI SAN-ETIK GOSAIKUND-ERA

Hyolmo Xerpa

2024ko azaroaren 20a
05:00
Entzun

Langtang ibaitik hegora egiten denean, Thulo Syabru herriko malda aberatsak aurkitzen dira. Intxaurrondo, gaztainondo, kiwi, limoiondo eta barazki askotarikoak nonahi, oilo gizenak, emakume alaiak alfonbrak ehuntzen, gizonezkoak lurrak goldatzen... Nekez aurkitu liteke horrelako lursail aberatsik Nepalen. Badago airean naturaren aberastasunak sortzen duen bizipoza. Xerpa jende asko bizi da inguruan. Baina ez omen dute xerperaz hitz egiten, tibeteraz baizik. Hainbat hitz trukatzen dituzte, hala ere, eta bukaerak ere bai. Gorago, Chandabasi, Sing Gompan eta Gosaikund-eko herrixketan, ez dugu xerparik aurkitu, tamang etniakoak dira gehienak.

Ustekabea izan dugu Laurebina mendatea (4.646 m) gurutzatu dugunean. Phedi deituriko herrixkan, orain arte sekula entzun gabekoa topatu dugu: *Hyolmo Xerpa. Harritu ninduen esamoldeak. 50 urte Himalaia aldean, eta ezagutu ez.

Zer esan nahi duen? Xerpa gara, baina ezberdinak. Eta hasi gara hitzak trukatzen, Kisan Djolmo eta Dolma Djolmo xerpekin.

Hyolmo Xerpa kartela
Hyolmo xerpen eskualdeko lodge baten kartela. FELIPE URIARTE

Hurrengo egunean Tadepathi herrixkan te hartzera gelditu gara Ang Maya Hyolmo xerpa lodge-an. 17 urteko neska batek zerbitzatu gaitu. Ahots apala, dotoreziaz gainezka. Katmandun ikasten dabil; Dasai festa handia dela eta, hemen dago, aitonaren lodge-an laguntzen. Agurtzerakoan, Yambula tuke bota dit irribarrez, Katmandu arte!

Liluraturik alde egin dugu Hyolmo xerpen Helambu eskualdetik. Jende dotorea, gozoa, apala; urrun Khumbuko xerpen harrokeria horretatik. Harrigarria egin zait Ngima eta Pemba xerpek hauekiko erakutsi duten atxikimendurik eza. Khumjungo xerpek zorte handia dute: Chomolungma handia eta beste mendi ospetsuak dituzte eskualdean. Xerpa Hyolmoek, berriz, ez dute mendi ospetsu erraldoirik inguruan; aske bizi dira haien itzal, turista eta diru uholdetik.

* Djolmo, Hyolmo, Yolmo

2024ko azaroaren 12a
Boudnath

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.