Gogotsu eta sasoiko dago Iñaki Alvarez alpinista (Zumarraga, Gipuzkoa, 1974). Hilabete asko prestatzen ibili eta gero, Manasluko (8.156 metro) neguko espedizioa abiatu berri du Alex Txikonekin eta Simone Mororekin batera. Hamasei urte igaro dira Shisha Pangma mendia (8.013 metro) zapaldu zuenetik. Manaslu igotzea lortzen badute, negu-neguan tontorrera iristea lortuko duen lehen espedizioa izango da.
Nor da Iñaki Alvarez?
Batez ere, mendizalea eta alpinista. Betidanik oso gustuko izan dut mendian ibiltzea. Historia ere asko gustatzen zait, eta Geografian eta Historian graduatua naiz. Zaletasunen artean, irakurtzea ikaragarri gustatzen zait, eta gaur egun Irizarren egiten dut lan. Egoera ez da erraza, baina esperantza izan behar dugu etorkizunera begira.
Azken hilabeteetan berriro ere ezagun egin zara, gehienbat Alex Txikonekin Manaslura zoazelako. Hala ere, zu ez zara hasiberria alpinismoan.
Ez, ez. 18 urterekin jada haitzean eskalatzen nuen, eta Ostadar mendi taldearekin Pirinioetara joaten nintzen ordurako. Handik aurrera, gauza teknikoagoak egiten hasi nintzen. Etxean ez zuten zaletasunik, baina niri betidanik gustatu izan zait esploratzea. Beti izan naiz abenturazalea, eta mendian ere ibilbide logiko bat egin nuen. Lehenik, Pirinioak eta Europako gailurrak; ondoren, Alpeak; eta, amaitzeko, Andeak eta Himalaia.
Oso gaztetan Pamireko mendikatean izan zinen, Komunismo mendian (Tajikistan, 7.495 metro).
Bai, ordurako lanean hasita nengoen, eta, gainera, hara joateko hilabeterik onena abuztua izaten da: gure oporrak, alegia. Hura jauzi handia izan zen. Oso herrialde arraroa zen niretzat, oso exotikoa. Garai bateko Sobietar Batasunaren arrastoak gelditzen ziren, eta herrialdea ere oso nahastuta zegoen. Mongoliako jende asko zegoen. Mendia bera asko gustatu zitzaidan. Ez ginen Alpeez hitz egiten ari. 7.500 metroko mendi bat zen jada, eta exijentzia Himalaiakoen parekoa zen.
Handik, Shisha Pangmara joan zineten. Zure lehen zortzimilakoa izan zen.
Pedro Garcia ordiziarraren bidez joan ginen. Jakin zuen Zumarragan baginela alpinista batzuk espedizio bat egin nahian. Komunismoko igoeraren ondoren ezagutu gintuen, eta, Himalaiara joateko jendea behar zuenez, gurekin jarri zen harremanetan. Katalan batekin joan behar zuen; eta gu, berriz, Xabier Ormazabal herrikidea, Azpeitiko Ibon Azkune eta Azkoitiko Jexux Mari Errazu elkartu ginen. Hara joateko dirua bildu behar izan genuen. Udalak diru laguntza bat eman zigun, festetan txosna bat jarri genuen, kamisetak saldu genituen...
Zer oroitzapen duzu espedizio hartaz?
Oso oroitzapen onak ditut. Azkune eta Errazu gu baino ausartagoak ziren, eta, bide arruntetik joan beharrean, paretaren erdian zegoen korridore batetik sartzeko ahalegina egin nahi zuten. Ni konbentzitu egin ninduten, baina besteek bide normaletik jarraitu zuten. 1.000 metroko igoera zuen bideak, eta inoiz igo gabea zela uste genuen. Oso igoera polita izan zen. Lehen 300 metroak egin nituenean, zailtasun handia zuela ikusi arren, konturatu nintzen jada ezin nuela atzera egin. Ezinbestean igotzera kondenatuta nengoen. Gutxinaka igoz joan nintzen, eta, kostatu zitzaidan arren, gailurra zapaldu nuen Azkunerekin eta Errazurekin batera. Igoera hura hasi baino lehenago, Xabi Ormazabal topatu genuen gailurretik beherantz zetorrela. Gailurra egin zuela aipatu zigun, eta hura izan zen harekin izandako azken elkarrizketa. Handik egun gutxira, Cho Oyuko [8.021 metro] gailurra zapaldu, eta jaitsieran hil egin zen. Gu ordurako etxera itzuliak ginen.
Ormazabal izan zen zure sokalaguna urte askoan. Etorkizun handiko alpinista izango zela esaten zuten. Zuk ere hala uste duzu?
Bai. Menditik bizitzeko hautua egin nahi zuela aipatzen zuen beti. Ni ordurako, berriz, lanean hasita nengoen. Urte askoan batera ibili arren, etorkizuna oso modu ezberdinean genuen antolatua. Helburu oso handiak zituen, eta ordurako mendi gida izateko ikasketak egiten hasita zegoen. Bestalde, ikusten nuen haren apustuak oso arriskutsuak zirela. Asko arriskatzen zuen mendian, eta, agian, gazte izateak eramaten zuen gauza arriskutsuak probatzera. Oso pertsona berezia zen; nahigabean bultzatu egiten zintuen. Jendea motibatzeko dohain berezia zeukan.
Haren heriotza izugarrizko kolpea izango zen zuretzat. Zuk eman zenien berria, gainera, familiakoei?
Bai, hala da. Pedro [Garcia] Kathmandun gelditua zen oporretan, eta handik deitu zuen gure etxera. Amak aipatu zidan nola esan zion Xabiren gorpua aurkitu zutela, eta etxekoei deitzeko. Xabierren anaia zaharrenari, Andoniri, deitu nion. Inoiz egin dudan deirik gogorrena izan zen hura.
Nola kudeatzen da hori?
Nik mendian jarraitu nuen. Nire bizitzatik mendia eta alpinismoa kentzen baditut, nire existentzia oso pobre bihurtzen da, zerbaitekin bete behar dut bizitza. Beste askok ezkontzeko eta haurrak izateko hautua egin zuten, baina nik beste bide bat aukeratu nuen. Konpromisoa ez zait gustatzen, Mendiak ematen dio zentzua nire bizitzari. Bertako bizipenak oso bereziak dira niretzat. Ez nuen mendia uzteko planteamendurik ere egin! Shisha Pangman ezagutu nuen Errazu, eta harekin egin nituen irteera asko, baita Pedrorekin eta Koke Lasarekin ere. Nire bidea aurkitu behar izan nuen
Ez zinen zortzimilakoetara itzuli. Zergatik?
Aukerarik ez nuelako izan. Lau edo bost urte Geografiako eta Historiako ikasketekin aritu nintzen buru-belarri, eta horrek denbora asko kendu zidan. Denbora gehiena eskalatzen pasatu nuen, eta Alpeetara eta Andeetara ere irteera batzuk egin nituen.
Orain, hamasei urteren ondoren, Alex Txikonekin itzuliko zara berriro ere. Nolatan sortu da aukera?
Komunismon ezagutu genuen elkar, eta oso harreman estua egin nuen harekin. Geroztik, inoiz ez dugu berriro batera eskalatu, baina adiskide onak izan gara. Konfinamenduan, sakelako telefonoko agendan nituen guztiekin hitz egiteko ohitura hartu nuen. Alexi ere deitu nion, eta garai bateko kontuez aritu ginen. Elkarrekin zerbait egin genezakeela pentsatu genuen; aukerak aztertzen hasi ginen. Zazpimilakoren batera joan nahi zuen berak. Baina nik, behin Himalaiara joanda, zerbait handiagoa nahi nuen. Neguan Manaslu egin genezakeela aipatu zidan, eta hortik irten zen asmoa.
Txikon ohituta dago, baina zuretzat neguko lehen espedizioa izango da. Zerk ematen dizu errespetu handiena?
Hain zuzen ere, ez dakidala zer den neguko espedizio bat! Oraindik ere ez dut bistaratzen hura zer izan daitekeen. Alexek esan dit hotza arriskutsua izan daitekeela 7.500 metrotik gora. Berak esperientzia handia dauka neguko espedizioetan.
Harekin bakarrik ez zoaz: neguko espedizioetan izugarrizko esperientzia duen beste alpinista bat ere sokalagun izango duzue: Simone Moro italiarra. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Niretzat, erreferentzia Alex da. Simonek orain dela hilabete erabaki zuen gurekin etortzea, baina nik harekin ez daukat inolako harremanik. Ez dakit nolako pertsona den. Sintonia ona edukitzea espero dut. Hala ere, konturatu naiz bera espediziora batu denetik komunikabideetan oihartzun handia izan duela. Esperientzia haiek jarriko dute: nik ezin dut beste munduko ezer jarri. Nigan adiskide on bat izango dute altueran, indartsua eta zentzuduna. Haiek adina izan nahi dut, eta gailurra zapaltzen saiatuko naiz. Horretarako prestatu nahiz sei hilabetez. Diziplina handia izan dut prestakuntzan. Gozatu egin nahi dut espedizioan.
Nola entrenatu zara espediziorako?
Konfinamenduaren ondoren, Manaslukoa aterako zela ikusi nuenean, lankide batekin, Iker Baztarrikarekin, hasi nintzen bereziki prestatzen. Goi mailako errendimenduan eginak ditu ikasketak. Astean behin aerobikoa landu dut. 20 kiloko motxila hartu, eta eskailerak gora eta behera igotzen eta jaisten ibiltzen naiz. Mendian korrika ere denbora asko pasatu dut, eta gimnasiora ere joan naiz indar ariketak egitera. Bi egunetik behin zerbait egin dut azken sei hilabeteetan.
Zer espero duzu espedizio honetatik?
Esperientzia ahaztezina eta berezia izatea gustatuko litzaidake. Altuerako hotzak kezka sortzen dit, baina Alexen konfiantza daukat horretarako. Zainduko nauen esperantza daukat. Ez dut uste ni baino gehiago izango direnik indar aldetik. Baina hotza nola kudeatzen den ez dakit, eta horrek sortzen dit kezka. Orain, hamasei urteko esperientzia daukat, Shisha Pangmarena, eta han oso ondo ikusi nuen neure burua. Mila metroko korridore bat igo behar izan genuen, eta airoso atera nintzen. Manaslun, berriz, azken eguna ez da hain gogorra; mendi etzanagoa da. Orain, esan dezaket orduan baino indartsuagoa naizela, hobeto prestatu naizelako. Garai haietan ez ginen hain ondo prestatzen. Ez zegoen hainbeste interesik prestakuntzan.
Zerekin konformatuko zinateke etxera itzultzean?
Roger Baxter-Jones izeneko alpinista batek zera esaten zuen: espedizioetatik, lehenik, bizirik itzuli behar da; ondoren, lagun; eta, azkenik, tontorra zapalduta. Esaldi hura niretzat hartu nuen. Hiru gauzak betetzea izugarria izango litzateke. Neguan behin bakarrik igo da Manaslu, baina espedizio guztia ez zuten negu betean egin. Beraz, askok diote ez zela negu-neguko espedizio bat izan. Simone Moro bi aldiz egona da han, Iñurrategi anaiek ere egin zuten ahalegina... Gehienak ez dira 7.000 metrora ere iritsi.