Hormako etorkizuna bermatua dago

Euskal Herriko eskalatzaileek emaitza onak lortu dituzte Espainiako Eskalada Txapelketan, Berriobeitin. Mikel Linazisorok irabazi egin du overall diziplinan, eta Bittor Esparta hirugarren izan da. Gaztetxo asko nabarmendu dira.

Unai Ugartemendia.
Berriobeiti
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Mikel Linazisoro, Ainhize Belar, Iker Karrera, Unax Uterga, Martzel Vicario, Eneko Carretero, Bittor Esparta, Unax Uterga, Oihana Ruiz, Haizea Oses... Espainiako Eskalada Txapelketan nabarmendu diren Euskal Herriko eskalatzaile gazteak dira.

Iragan asteazkenean hasi, eta bost egunez jokatu zen lehiaketa, Rocopoliseko horman (Berriobeiti, Nafarroa). Ohiko txapelketez gain, iaz bezala, aurten ere Olinpiar Jokoetan jokatuko den formatuan, overall deiturikoan, lehiatu ziren eskalatzaileak. Eskalatzaileek hiru diziplinatan lehiatzen dute —abiadura, boulderra eta zailtasuna—, eta hiruretan erregularrenak irabazten du. Mikel Linazisoro bergararrak lortu zuen txapela, eta Bittor Esparta bilbotarra izan zen hirugarren.

Linazisoro Munduko Kopako azken proban lehiatzen aritu zen iragan astean Espainiako selekzioarekin, Japonian, eta kostatu egin zitzaion lehen egunetan bere burua Rocopoliseko horman kokatzea. Sailkatze faseak erraz gainditu eta gero, podiumean sartu zen jokatutako lau finaletik hirutan: abiaduran eta zailtasunean hirugarren, eta overall-eko azken finalean garaile.

Bittor Espartak ere txapelketa bikaina egin du. Eutsi egin dio Espainiako Kopan zailtasuneko diziplinan erakutsi zuen mailari. Bigarren postua lortu zuen zailtasuneko finalean, eta horrek overall-eko finala jokatzeko aukera eman zion. Senior mailako sei eskalatzailerik onenen artean hirugarrena izan zen.

Eneko Carreterok diziplina bakarrean jokatu zuen txapelketa. Azken hilabeteetako motibazio faltaren eraginez, bere burua boulderrean bakarrik neurtu zuen gainerako eskalatzaileekin. Eta ez zuen hutsik egin. Sailkatze fasean oso ibilbide erregularra izan zuen, eta finalean onena emateko gai izan zen. Aurretik Alberto Gines bakarrik izan zuen.

Alberto Gines izan da 2019ko txapelketek utzi duten izen propio nagusietako bat. Eskalatzaile espainiarra Munduko Kopako zailtasun probako txapeldunorde izan berri da Japonian, Hiroto Shimizu japoniarraren atzetik. Europako eta Munduko Kopako sailkapen orokorrean ere bigarren postuan amaitu du denboraldia. Etorkizun oparoa du, eta hala erakutsi zuen Berriobeitin: hiru domina eskuratu ditu denera, bi urre —boulderrean eta zailtasunean— eta zilar bat —overall-en—. Dagoeneko sailkatu da 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetarako kanporaketa aurrekoa jokatzeko. Tolosako (Okzitania) proban erabakiko da Tokion egongo den ala ez.

Abiadura markak

Ostiralean abiaduraren eguna izan zen Rocopoliseko hamabost metroko horman. Eskalatzaile bat gailendu zen: Madrilen bizi den Erik Noya venezuelarra. Munduko abiadura eskalatzailerik onenetakoa da, eta hala erakutsi zuen Berriobeitin: Espainiako marka berria lortu zuen Mikel Linazisororen aurkako finalerdian: 6 segundo eta 28 ehunen. Linazisoro hirugarren izan zen azkenean.

Emakumeetan ere marka berria ezarri zuten; nork, eta Maria Labordak, Aragoiko 15 urteko gazteak, haurren mailako munduko txapeldunak. Denbora: 10.43. Aipatzekoa da 18 urtetik azpikoetan lehen hirurak euskal herritarrak izan zirela: Iker Karrera, Unax Uterga eta Martzel Vicario, hurrenez hurren.

Ez dira nabarmendu diren eskalatzaile gazte bakarrak: Ainhize Belar atxondarrak bi domina lortu zituen 14 urtez azpikoetan, boulderrean eta zailtasunean; Vicario arrasatearrak, 18 urtez azpikoetan, brontzezko bi domina lortu zituen, abiaduran eta zailtasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.