Orain hilabete itzuli zen lehiara Ion Azpiroz (Berastegi, Gipuzkoa, 1980), Benasquen (Espainia), Gran Trail Aneto-Posets lasterketan. Itzulera ezin hobea izan zuen, irabazi egin baitzuen. Hiru urteko sufrikarioaren ostean, argia ikusten hasi da. Chamonixen dago berriro (Frantzia), duela hiru urte orkatilan lesioa izan zuen tokian. TDS lasterketan lehiatu berri da —145 kilometroko luzera du, eta 9.100 metroko desnibela—, baina hasi eta gutxira erretiratu da.
Hiru urteren ostean, Chamonixen zaude berriro. TDS lasterketan hartu duzu parte, baina hasi eta gutxira erretiratu egin behar izan duzu. Pena duzu?
Bai. Nahi baino azkarrago geratu naiz lehiatik kanpo. Hotz handia egin du gauean, eta horrek kalte egin dit orkatilan; izugarrizko mina jarri zait. Horrez gain, agian, ez nengoen prest maila honetako lasterketa batean aritzeko. Azken asteetako errusiar mendiak ez du amaiera ona izan. Orain, etxekoekin atseden hartu nahi dut, eta gero, gerokoak.
Emaitza alde batean utzita, nola sentitu zara berriro Chamonixen egonda?
Kilimak sentitzen ditut gorputzean. Azken bi asteak Chamonixen egin ditut; prestakuntzarako astebete baino ez da izan. Iaz, lasterketa ikustera bakarrik etorri nintzen emaztearekin, baina aurten bi alabak ere gurekin etorri dira.
Hiru urteko etenaldiaren ostean, gehiago kostatzen da berriz gorputza eguneratzea?
Lehen, lasterketa luze bat egin eta gero, nahiko azkar errekuperatzen nintzen. Orain, agian, izan dudan geldialdi luzearen eragina izango da gehiago kostatzea. Lasterketa luzea eta gogorra izan zen Anetokoa, eta gorputzak ere nabaritu zuen aspaldian horrelako ezer egin ez izana.
TDSa utzi behar izan duzu, baina irabazi egin zenuen jokatu zenuen lehen lasterketa: Gran Trail Aneto-Posets. Halako itzulera izatea espero zenuen?
Inondik inora ere ez. Maiatzean, Zegama-Aizkorriko dortsalari uko egin behar izan nion, ez nuelako ikusten neure burua itxurazko lasterketa bat egiteko moduan. Baina hurrengo bi hilabeteetan gorputzak bira eman zidan. Entrenamenduak ondo barneratzen hasi nintzen, eta Benasqueko lasterketara proba modura joan nintzen. Bertan ikusi nahi nuen ea ondoren Chamonixen lehiatzeko moduan nintzen. Zorionez, dena ondo atera zen.
Ezustekoa izan zen irabaztea?
Ezusteko handia. Antolatzaileak lagunak ditut, eta galdetu nien ea dortsalen bat zuten. Dortsala ordaindu, eta aipatu nien test moduko bat egitera nindoala, eta ez nuela neure burua aurrean ibiltzeko moduan ikusten. Aurreko bi asteetan oso sentipen onak izan nituen entrenamenduetan, baina ez nekien hamasei ordutan gorputzak nola erantzungo zuen.
Sentipenak onak izan al ziren?
Beldurrarekin abiatu nintzen, baina aldi berean lasai nengoen. Argi neukan test bat egitera joan nintzela. Lasterketaren erdian oso gorputzaldi txarra izan nuen, eta botaka egin nuen. Hala ere, berriro abiatzea erabaki nuen. Argi neukan gorputzari gogor egin behar niola, horretarako direlako testak. Hala, lasterketaren bigarren erdia oso gustura egin nuen. Aspaldian izan ditudan sentipen onenekin aritu nintzen.
Zer sentitu zenuen helmugan?
Helmugara iritsi baino hamar kilometro lehenago anoa puntu bat zegoen. Han esan zidaten 40 minutuko abantaila neramala bigarrenarekiko. Handik aurrera, barruak husteko probestu nuen: igarotako hiru urteak, txakalaldiak, etsipenak... Alabak ez ziren lasterketa ikustera joan, eta horrek hutsune bat sortu zidan. Negar asko egin nuen korrika nindoala. Negarra eta emozioa uztartuta joan ziren kilometro haietan.
Luze joan dira hiru urte hauek?
Bai. Oso urte gogorrak izan dira. Ikusten nuen lesioak ez zuela aurrera egiten, eta horrek etsita uzten ninduen. Halere, eta berekoia izanda, pandemia ondo etorri zitzaidan arlo psikologikoan. Urte eta erdian ez zen ia lasterketarik jokatu, eta buruarentzat ona izan zen. Iaz, ordea, gehiago sufritu nuen. Horregatik erabaki nuen Chamonixko UTMB festara joatea ikusle gisa. Barruko harra atera nahi nuen. Berriro zerbait sentitu nahi nuen; mesede egin zidan.
Geldirik egon zaren hiru urteetan lasterketak ikusi dituzu edo ez zenuen ezer jakin nahi?
Lehiatzen ibiltzen nintzen garaietan bezala ikusi ditut. Nire inguruan lagun asko dauzkat lasterka ibiltzen direnak, eta oso gustuko dut haiei jarraitzea. Pixka bat sufritzen nuen haiek ikusita, baina, aldi berean, gozatu egiten nuen.
Askotan pentsatu al duzu ez zinela berriro mendi lasterketetan lehiatuko?
2020. urtea oso gogorra izan zen. Plasmarekin egindako infiltrazioa ez zen ondo atera, eta ondorenebakuntza egin zidaten. Baina harekin ere ez nuen hobekuntzarik ikusi. Hura izan zen psikologikoki momenturik okerrena. Halere, fisioterapeutak beti esaten zidan: «Zu lasai, hau konponduko dugu eta!». Haren laguntzarekin, eta oinetakoentzako hainbat barne-zola probatu ondoren, gutxinaka hasi nintzen argia ikusten. Baina oso gogorra izan da. Emaztearekin inoiz bost kilometro egiteko moduan ez nintzela izango pentsatzera ere iritsi nintzen. Horrekin dena esan dizut.
Etxekoek nola bizi izan dute?
Egunerokoan mendira ez joateaketsipen handia eragiten zidan, eta, aldi berean, erretxinduta sentitzen nintzen. Horrek, askotan, etxean tentsioa sortu zuen. Alabek, esaterako, anoa guneetan egotearen falta sumatzen zuten. Lasterketa gehienetara joaten dira emaztearekin batera, eta askotan aipatzen zidaten: «Aita, zu laguntzearen falta sumatzen dugu!».
Kostatu zaizu ilusioa berreskuratzea?
Azken hilabeteetan ilusioa berreskuratu dut. Mendiko lasterketetan 20 urterekin hasten den gazte baten ilusio berbera daukat orain. Horrek bultzatu nau Chamonixera iristeko bidean.
Ion Azpiroz. Mendi korrikalaria
«Hogei urteko gazte baten ilusioa dut berriro»
Orkatilako lesio baten ondorioz, ia hiru urte egin ditu geldi. Luzea eta gogorra izan da osatze aldia: plasma infiltratu diote, baita ebakuntza bat egin ere. Ilusioa galtzear zela osatu zen, eta berriz lehiatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu