Zortzi egun besterik ez dira falta mendi lasterketetako ultra distantziako festarik handienari hasiera emateko. Chamonix (Frantzia) izango da mendi lasterketen erdigune, han jokatuko baita hilaren 30ean denboraldiko ultrarik garrantzitsuena, Mont Blancekoa. Hamazazpigarren ekitaldia du aurtengoa, eta ibilbidea betikoa da: 170 kilometro luzean, eta 10.000 metroko desnibel positiboa. Hilaren 30ean, arratsaldeko bostetatik aurrera helduko diote erronka horri ia 3.000 korrikalarik.
Gizonezkoetan, iazko podiuma osatu zuten hiru korrikalariak lehiatuko dira: Xavier Thevenard frantziarra —hiru aldiz irabazi du: 2013an, 2015ean eta iaz—, Robert Hajnal errumaniarra eta Jordi Gamito kataluniarra. Chamonixen izango ez direnen artean ere bada izen aipagarririk: Francois D'Haene frantziarra eta Kilian Jornet kataluniarra —hiru aldiz irabazi dute proba—. Urtero bezala, Euskal Herriko mendi korrikalariek ez dute hutsik egingo, eta euren onena emateko prest lehiatuko dira. Bi korrikalari nabarmentzen dira: Javi Dominguez gasteiztarra —2013an, bigarren izan zen, eta bosgarren 2016an— eta Ion Azpiroz berastegiarra —hamahirugarren izan zen 2015ean—. Biak ala biak lehen hamarren artean sartzeko hautagai nagusi dira.
Emakumeetan ere ez du hutsik egingo iazko garaileak, Francesca Canepa italiarrak. Ez du bide samurra izango bigarrenez jarraian irabazi nahi badu. Lasterketa irabazitako zenbait korrikalari bikain izango ditu arerio oraingoan: Nuria Picas kataluniarra —garaile 2017an, eta bigarren 2013an eta 2014an— eta Rory Bosio estatubatuarra —irabazle 2013an eta 2014an—, besteak beste.
Euskal korrikalariei dagokienez, Uxue Fraile donostiarrak izango du garaipena lortzeko aukera gehien. Eskarmentu handiadu Frailek proban, eta badaki zer den podiumean izatea, orain arte UTMBn aritu den hiru aldietan izan baita bertan: bigarren izan zen 2015ean eta iaz, eta hirugarren 2016an. Denen ahotan dagoen beste izenetariko bat, Maite Maiorarena da. Orain arte distantzia guztietan nabarmendu da, baina estreinakoz ariko da ehun miliako proba batean, eta errespetu handia dio 170 kilometroko distantziari. Fraile eta Maiora, biak ala biak dira podiumera igotzeko hautagaiak.
UTMBaz gain, beste sei lasterketa jokatuko dituzte: astelehenean hasiko dira PTL —300 kilometro 25.000 metroko desnibel positiboa—eta MCC —40 kilometro eta 2.300 metroko desnibela—; asteartean, YCC —6,3 kilometroko aitzinetapa bat, eta 27 kilometroko lasterketa, 1.800 metroko desnibelarekin—; asteazkenean, TDS —145 kilometro eta 9.100 metroko desnibela; ostegunean, OCC —55 kilometro eta 3.500 metroko desnibela; eta ostiralean, CCC —101 kilometro eta 6.100 metroko desnibela—. Horietan ere euskal korrikalariak ariko dira.
Historikoa izan daiteke
Hilaren 30ean jokatuko da ultratrailik garrantzitsuena, Mont Blancekoa, eta Euskal Herriko korrikalari onenetako asko hura prestatzen ari dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu