Alaia Juaristi. Eskiatzailea

«Hiru urre lortu nahi ditut Espainiako Txapelketetan»

Euskal Herrian iraupen eskiatzaileen artean atera diren azken harribitxietako bat da Alaia Juaristi. Jakako Mayencos taldean hasi zuen ibilbidea. Azken urteetako gorakadaren ondoren, Espainiako selekzioko jarraipen taldean ari da.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Azpeitia
2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Sorterrian hartu du BERRIA Alaia Juaristik (Azpeitia, Gipuzkoa, 2004), Iraupen Eskiko Espainiako Txapelketen atarian. Denboraldiko azken txapelketa izango du jokoan, eta gogo handiz dago astebururako. Hitz errazekoa da, eta eskien gainean daukan trebetasuna du hitzekin ere.

Urte batzuk daramatzazu iraupen eskian, baina nola iritsi zinen kirol horretara?

Ni jaio aurretik, gurasoak iraupen eskian ibiltzen ziren jada. 8 urte bete nituenean, berriro ere joaten hasi ziren anaiarekin eta nirekin, baita lehengusuekin ere. Asteburuero Jakara joaten ginen, Candanchun edo Somporten eskiatzeko asmoarekin. Mayencos izeneko talde bat zegoen, eta han eman nuen izena. Ibiltzearen poderioz, gustatu egin zitzaidan, eta hor jarraitzen dugu oraindik.

Gogoan al duzu noiz hasi zinen lehiatzen?

10 urte nituenean, jada lasterketak jokatzen ziren Somporten, frantziarrekin batera. Liga moduko bat izaten zen. Orduan hasi nintzen ni ere lehian, baina oso konfiantza gutxi nuen neure buruarengan. Irteera eman orduko, denak aurrera bidaltzen nituen [barrezka], eta beti azken postuan amaitzen nuen. 14 urterekin, berriz, Tolosako Alpino Uzturre mendi taldean federatu nintzen, Espainiako eta Euskal Herriko Txapelketetan parte hartzeko. 14 urtez azpikoekin hasi nintzen lehiatzen, eta, orduan, Belaguan, Linzaneta Bereten izaten ziren lasterketak, besteak beste.

Lehiatzeari ekin eta gutxira, lasterketak irabazten hasi zinen, gainera.

Bai, hala da. Neure buruarengansinesten hasi nintzenean, lehen garaipenak lortu nituen. Jauzi handia egin nuen orduan. Kirolhonetan ere, ezinbestekoa da konfiantza izatea.

Garai haietan parte hartzaile asko izaten al zineten lasterketetan?

Jende dezente izaten zen lasterketetan. Nire mailan, esaterako, Euskal Herriko zortzi neska ibiltzen ginen lehian. Tolosatik batzuk joaten ziren, eta, gero, Getxotik, Mutrikutik, eta Lekunberritik ere izaten zen baten bat. Kanpora irteten ginenean, Kataluniatik joandako jende asko elkartzen zitzaigun. Egia da adinean aurrera joan ahala emakumeen kopurua apaldu egiten dela.

Lehian urte batzuk eman ondoren, Espainiako selekzioarekin aritzeko deia jaso zenuen. Nola izan zen?

16 urte nituenean deitu ninduten lehenbizikoz. Gaur egun, jarraipeneko taldean nago. Berez, talde honetan egonda eta emaitza onak lortuta, Espainiako selekzioan sartuko nintzateke. Aurtengo denboraldira arte, 18 urtez azpikoekin aritu naiz lehian, baina, jada hasia naiz 20 urtez azpikoen mailan. Gaur egun, gauzak ez daude oso ondo federazioaren barruan. Iraupen eskia ez da oso kirol ezaguna Espainian, eta federazioko diru gehiena alpinoko selekziorako jartzen dute. Europako Kopako probetara joatea oso zaila da guretzat. Erdibidean gaude, eta horrek asko zailtzen ditu helburuak lortzeko aukerak.

Gaur-gaurkoz, zer txapelketatan lehiatzen zarete?

Espainiako txapelketetan eta FIS lasterketa batzuetan. Lasterketa horiek ez daude Europako Koparen barruan. Lasterketa solteak dira, eta, horietan ere, puntuak lortzen ditugu.

Nola antolatzen duzu denboraldia?

Udan ordu asko ematen ditugu iraupena lantzen. Denboraldi honetan, esaterako, bi egonaldi egin ditugu selekzioarekin; lehena, uda hasieran,,eta bigarrena, irailean; biak Katalunian. Rolleskian ibiltzen gara etengabe. Federaziokoek irailean bidaltzen digute egutegia, eta lasterketak azaroan hasten dira. Ez dugu nahitaez lasterketa guztietara joan behar, baina jokatutako lasterketetan ondo aritu garela erakutsi behar izaten dugu. Beraz, ia ezinbestekoa bihurtzen da Euskal Herriko eta Espainiako txapelketak jokatzea.

Iaz 18 urtez azpikoekin lehiatu zinen arren, Espainiako txapeldun izan zinen senior mailan, esprint modalitatean. Aurtengoan, ordea, ez zinen horren ondo aritu. Zer gertatu zitzaizun?

Gaixorik nengoen, eta ez nintzen bete-betean aritu. Bi aste lehenago, zorabioekin ibili nintzen, eta uste nuen presioarengatik izango zela. Baina ez zen horregatik izan: oso nekatuta nengoen, gaixo nengoelako. Azkenera arte ibili nintzen zalantzan, joan edo ez. Azkenean, joatea erabaki nuen. Nire mailan bigarren izan nintzen esprintean, baina sailkapen orokorrean seigarren postuan amaitu nuen. Hogei kilometroko lasterketan ere, bigarren izan nintzen nire mailan. Ez nintzen batere gustura egon txapelketa guztian. Ez zait aitzakiak jartzea gustatzen, baina oso nabaria izan zen.

Asteburuan, Espainiako Txapelketak jokatuko dituzu berriz ere Vaqueira-Bereten, zenbait distantziatan. Zer asmorekin zoaz?

Hiru urre lortu nahi ditut nire mailan. Urtero aldatu egiten dituzte distantziak, baina, aurten, 1,4 kilometrokoa, hamar kilometrokoa, eta azken egunean beste hamar kilometrokoa —erdia klasiko eran eta beste erdia patinatzaile eran— jokatuko ditugu. Urteko helburu nagusia izango da. Ez dut aukerarik izan Europako Kopako proba batera joateko, eta horregatik eman nahi dut dena Vaqueira-Bereten. Nire mailan irabazteaz gain seniorren artean podiuma zapaltzen badut, izugarria izango da. Denboraldiko azken proba izango da, eta urte guztian egindako lana erakustea gustatuko litzaidake. Gero izango dut oporretarako denbora.

Nolako denboraldia daramazu orokorrean?

Lehen aipatutako lasterketak kenduta, nahiko gustura nago orain artekoarekin. Urtarrilean bi lasterketa jokatu genituen Italian; besteak beste, Marcialonga lasterketa famatuaren barruan jokatzen den hamarkilometrokoa. Sailkapen orokorrean hirugarren amaitu nuen, eta nire mailan, berriz, bigarren. Oso gustura aritu nintzen Italian.

Europako Kopako probaren batera joateko aukerarik baduzu oraindik?

Hiru urreak irabazita ere, nahiko zail ikusten dut. Kontuan hartuta Irati Cuadrado nola dabilen eta ikusita oraindik ez dutela eraman...

Irabazi beharrak presioa eragiten dizu?

Iaz, oso gaizki pasatu nuen. Alde batetik, batxilergoa gainditu beharra nuen, eta beste alde batetik emaitza ona lortu eskian. Negar asko egin nuen. Aurtengorako, BAT Basque Teameko laguntza eskatu dut, neure burua hobeto kudeatzeko. Lehen aldia da niretzat, eta izugarrizko aldea nabaritzen ari naiz presioa kudeatzeko garaian.

Zer da zailagoa kirolari batentzat, irabazten ikastea edo galtzen ikastea?

Niretzat, galtzen ikastea. Irabazten azkar ikasten da. Behin irabazita, bizio bihurtzen da. Galtzen ikastea oso gogorra da, gehienbat hasieran. Galtzean, irabazlea zoriondu, aurpegi ona jarri, eta aurrera. Etxean izaten da negar egiteko denbora.

Zein dira zure gaitasunak?

Mentalki oso gogorra naiz, eta sufritzen ere badakit. Ez naiz azkar etsitzen duten horietakoa. Fisikoki ere asko behartzen dut nire gorputza, eta dudan guztia ematea gustatzen zait. Oso burugogorra naiz [barrezka].

Zer duzu hobetzeko?

Agian, teknika. Aldapan gora hasten naizenean, izugarrizko bizkarreko mina izaten dut, eta horretan hobetu behar dut.

Iaz, Gazteen Olinpiar Jokoetan egon zinen, Finlandian. Nolako esperientzia izan zen?

Nik ez nekien halakorik bazegoela ere! Miguel Angel Plazas Txikiurte askoan nire entrenatzaile izandakoak aipatu zidan bazirela gazteentzako Olinpiar Jokoak eta FIS puntu gutxiena zituena joaten zela Espainiatik. Ahalegin horretan jarri nuen neure burua, eta, azkenean, lortu nuen han egotea.

Nolako esperientzia izan zen?

Izugarria izan zen Vuokattiko esperientzia! Nire kirol ibilbideko eta bizitzako esperientziarik ederrena izan zen. Denera, sei egun egon ginen. Bernat Selles katalanarekin joan nintzen, eta denboraldiko azken lasterketak izan ziren. Pistak aurretik ezagutzen nituen, zoragarriak ziren, eta hori abantaila zen niretzat. Oso lasterketa onak atera zitzaizkidan: agian, denboraldi guztiko onenak. Nahiz eta 50. postuan amaitu, niretzat oso postu ona izan zen. Olinpiar Jokoek, gainera, aukera ematen dute beste modalitate batzuk ikusteko, baita lagun berriak egiteko ere.

Suitzako, Italiako eta Norvegiako eskiatzaileengandik oso urrun ikusi al zenuen zeure burua?

Beste maila bat dute. Egunero entrenatzen dira, eta, horretarako, munduko laguntza guztia eskaintzen diete, gainera. Sei -zortzi hilabete pasatzen dituzte eskien gainean; kanpoan lehiatzeko aukera dute, eta gazteak jada profesional izatera bideratzen dituzte. Horren aurka ezer gutxi egin daiteke.

Zein dira hurrengo urteetarako helburu nagusiak?

Oraindik bi urte dauzkat aurretik 20 urtez azpiko mailan. Gero, berriz, senior maila iritsiko da, eta orduan aldaketa handiak izaten omen dira. Europako Kopan, esate baterako, urte asko daramatzaten eskiatzaileen aurka aritu behar izaten da lehian. Hori beste kontu bat izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.