Korrika eta presaka komunera egindako bueltak. Material guztia behin eta berriro begiratu beharra. Urduritasuna. Hanka astunak. Agur musuak eta besarkadak. Begiradak zerura. Begi itxiak, gertukoenez eta hilabeteetako prestaketa hilabeteez gogoratzeko. Txalaparta, bihotz taupaden erritmoaren pare. Bertsoak. Vangelisen Conquest of paradise-ren (Paradisuaren konkista) doinuak, barruraino sartuta. Oilo ipurdia. Atzerako kontua. Aurrera, abenturara.
Gaur abiatuko da Ehunmiliak asteburua Beasainen (Gipuzkoa). Antolatzaileen eta korrikalarien ia urte guztiko prestakuntza hiru lasterketatan eta hiru egunetan kontzentratuta: Ehunmiliak (168 kilometro, +11.000 metro), gaur, 18:00etan hasita; Goierriko Bi Handiak (88 kilometro, +6.500 metro), gaur, 23:00etan; eta Marimurumendi (42 kilometro, +2.300 metro), igandean, 09:00etan.
Inoiz baino parte hartzaile gehiago izango ditu lasterketa sortak. Nabarmentzekoa da Ehunmilietan 400 korrikalari baino gehiago izango direla, eta Goierriko Bi Handietako dortsalak, aurreko urteetan ez bezala, aurten egun gutxitan bukatu direla.
Ohikoak izango dira ibilbidea, giroa, korrikalariei ematen zaien arreta eta berotasuna, ikusleentzako autobus zerbitzua... Berrikuntzen artean, Ehunmiliako korrikalariez gain, Goierriko Bi Handietakoek ere eramango dutela geolokalizatzailea, une oro non dauden jakin ahal izateko.
Eguraldia da antolatzaileen eta korrikalarien kezka nagusia. Izan ere, ez baita harrigarria Ehunmilietan, asteburu berean, muturreko eguraldiak izatea, ekaitzetatik bero saparaino. Euskalmetek iragarpen berezi bat egin du Ehunmilietarako, eta zaparrada trumoitsuen arriskua iragarri du gaurko eta bihar goizalderako eta goizerako.
Lasterketak irabazteko faboritoak aztertzen hasiz gero, Ehunmilietan bi izen dira nagusi: Javi Dominguez —iaz irabazi zuen, eta hiru aldiz irabazi du— eta Silvia Trigueros —iaz irabazi zuen, eta bi aldiz irabazi du—. Ez dira ahaztu behar, ordea, Jon Aizpuru, Ion Azpiroz, Erlantz Zaldunbide, Elena Calvillo eta Jone Urkizuren moduko korrikalariak. Goierriko Bi Handietan, Daniel Agirre eta Aitziber Osinalde dira faborito nagusiak. Marimurumendin, berriz, asko daude: Iñaki Uribe-Etxebarria, Alex Bautista, Andrea Garai, Ainhoa Lendinez, Irene Genbe, Oihana Arratibel, Laida Elizegi...
Hiru mendi lasterketa, hiru erronka, hiru festa
Gaur abiatuko dira, Beasaindik, Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak ultrak, eta, igandean, Marimurumendi maratoia. Hamasei herrialdetako ia 1.200 korrikalarik parte hartuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu