Kyotoko bidegurutze bateko semaforoetan ehunka pertsona zain. Lanetik irten berri japoniarrak, isilean; hurrengo pagoda ikustera joateko zer autobus hartu behar genuen galdezka, turistok. Gure aurrean, trafikoa moztuta eta poliziaz babesturik, Alemanian, Estatu Batuetan edo Britainia Handian ez bezala, Palestinaren aldeko manifestazioa. Aldarrikapena: Palestinan Genozidiorik ez!! Kontaketa azkar bat eginda, 2.000-3.000 lagun? Zain geundenok isilean. Zer pentsatzen zuen ondoko japoniarrak? Eta mendebaldar gizen hark? Genozidioaren alde? Aurka?
Egun hartan Inari-yama mendira abiatu ginen. Inari, arrozaren jainkosa da, eta hedaduraz aberastasunarena. Inari-yamaren malda oro, santutegi sintoistaz blai daude. Gailurreraino, kolore gorriko zurezko atez, torii, osatutako tunel batetik doa bidea. Milaka pertsonaz osatutako uholde hartan bi gehiago ginen. Denok selfieak egiten; barrez, pozik, pilaturik, tunelaren bestaldean sintoismoaren ardatza den basoari erreparatu gabe.
Lasaiago ibili ginen Nakasendo bidea, Tokio eta Kyoto lotzen zuen antzinako xendan. Magometik Tsumagora 8 kilometroko zatia egin genuen, motxiletan hartzak uxatzeko txintxarria. Herrixkak antzinako eran mantentzen dira. Ezinbestekoa da bisita Japoniara hurbiltzen garen turista ibiltariontzat.
Hunkituta atera gara Hiroshimako Bakearen Museotik: bonba lehertu zen eguneko argazkiak; erradiazioaren kalteak; hildakoen argazkiak; leherketa ondorengo bizimodua. Bonba atomikoak lehertzeko bi arrazoi izan zituzten Estatu Batuetako agintariek. Baga, Errusiaren aurrean indar erakustaldia egitea. Biga, herritarren aurrean bonba lortzeko gastua justifikatzea, esanez, kostatu zaigu, bai, baina begira zer lortu dugun, bi bonbarekin 200.000 pertsona hiltzea!
Zein zaila, Maialen, borroka irabaztea desesperantzari!!
Hiroshima (Japonia)
2024ko irailaren 28a