Hiraidek eta Nakayimak istripua izan dute K2n

Bi japoniar, munduko alpinista onenetako bi, erori egin ziren larunbatean, 7.500 metroan, K2ren mendebaldeko aurpegian bide berri bat zabaltzeko ahaleginean ari zirela. Helikoptero batek begiztatu zituen, baina geldirik zeuden, mugitu gabe.

Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima Shispare mendian (7.611m), bide berri bat zabaldu eta jaitsi berritan. Urrezko pioleta irabazi zuten jarduera horrekin. KAZUYA HIRAIDE BILDUMA
Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima Shispare mendian (7.611m), bide berri bat zabaldu eta jaitsi berritan. Urrezko pioleta irabazi zuten jarduera horrekin. KAZUYA HIRAIDE BILDUMA
ramon olasagasti
2024ko uztailaren 29a
10:00
Entzun

Kazuya Hiraide (45 urte) eta Kenro Nakajima (39 urte) alpinista japoniarrak, munduan diren onenetako bi —Hiraidek urrezko hiru piolet ditu irabaziak—, K2ko mendebaldeko aurpegian bide berri bat zabaltzeko ahaleginetan ari ziren, haien estilo arin eta azkarrari leial, baina, itxura denez, larunbatean, 7.500 metro inguruan zirela erori egin ziren. Pakistango armadako helikoptero batek bi japoniarrak begiztatu zituen atzo, baina geldirik zeuden, inolako mugimendurik gabe, eta orain lurretik ari dira erreskatea bideratu nahian.

Eguraldi txarrak hainbat astez atzeratu zuen Hiraide eta Nakajimaren ahalegina, eta aurreko asteazkenean, uztailak 24, abiatu ziren gorantz, azken saiakera bat egiteko asmoarekin. «Goizeko 04:30ean euria ari zuen, baina, nolanahi ere, kanpaleku nagusi aurreraturantz goaz, azken aukeraren zain», azaldu zuen Hiraidek. Larunbatean, bigarren kanpalekuaren goiko aldea aztertu behar zutela jakinarazi zion Hiraidek berak Ishii Sports etxe babesleari. Ordu batzuen buruan, babesleek jakinarazi zuten bi mendizaleak erori egin zirela, Gilgit-Baltistango agintariek emandako albistearen arabera.

Atzo, igandea, Pakistango armadako helikoptero batek K2ren mendebaldeko aurpegia aztertu zuen, eta bi eskalatzaile japoniarrak begiztatu zituzten, baina geldirik, inolako mugimendurik gabe. Lekua ikaragarri tentea eta arriskutsua zela eta han lur hartzerik ez zegoela ikusirik, buelta hartu zuen helikopteroak. Orain lurretik ari dira salbamendua antolatzen, baina hori ere ez da batere erraza izango.

2023ko abenduan, Rope filma aurkeztu zuen Hiraidek Mendi Filmen, Tirich Mirreko igoerari buruz.

K2ko mendebaldeko aurpegian, 3.000 metroko paretatzarrean, bide bat zabaltzea, horixe zen Hiraideren ametsa. Bere ibilbideko «espediziorik garrantzitsuena» izango zela iragarri zuen aurreko abenduan Bilbon, Mendi Film jaialdian, Ternua babeslearen eskutik Tirich Mirreko filma aurkeztera etorri zenean. «Nire orain arteko igoera eta espedizio guztiak hau prestatzeko izan dira. Agian, ondoren, erretiratzeko moduan izango naiz, familiarekin denbora gehiago igarotzeko», aurreratu zuen.

Urrezko hiru piolet

Hiraide mentoreak eta Nakajima ikasle aurreratuak handiak eginak zituzten K2ko hau baino lehen. Biek elkarrekin bi urrezko piolet lortu zituzten Shispare (2017) eta Rakaposhi (2019) mendietan zabaldutako bideengatik. Horrez gain, nabarmentzekoak dira Karun Roh (2022) mendian eta aipatutako Tirich Mir (2023) mendiaren ipar aurpegian zabaldutako bide zail eta teknikoak.

Horren aurretik, 2009an, Hiraidek eta Kei Taniguchi sokakideak beste urrezko piolet bat irabazi zuten, Kamet mendian eginiko igoeragatik. Hain zuzen, Taniguchi izan zen urrezko pioleta irabazi zuen lehen emakumezkoa. 2015ean, ordea, mendi istripu batean hil zen Taniguchi, Kurodake mendian. Hiraide dena bertan behera uztekotan egon zen, baina orduan agertu zen Nakajima, geroztik sokalagun izan duen kide sendoa. Hiraidek hemeretzi espedizio eginak ditu Himalaiara, eta hamabi bide berri zabaldu ditu, guztiak mendi tekniko, ezezagun eta zailetan.

Kazuya Hiraide alpinista japoniarra 2023ko Mendi Filmen, "Rope" filma aurkezten
Kazuya Hiraide alpinista japoniarra 2023ko Mendi Filmen, Rope filma aurkezten. Pantailan, Hiraide bera eta Kenro Nakajima ageri dira Tirich Mir tontorrean. MENDI FILM

K2ko mendebaldeko aurpegia, 8.000 metrotik gorako mendietan tente eta zailenetako bat, behin baino ez da igo orain arte. 2007an izan zen: orduko hartan, Pavel Shabalin buru zela, eskalatzaile errusiarren talde indartsu batek lortu zuen paretatzar hura gainditzea. Hormaren zailtasunak kontuan izanda, bi hilabete luzetan teknika astunak erabili zituzten errusiarrek, sokak finkatu zituzten ia gailurreraino, eta haizete eta baldintza oso zailak jasan zituzten. Zailtasunak zailtasun, ordea, hamaika taldekidek jo zuten gailurra, oxigeno botilarik erabili gabe. Zortzimilako batean inoiz zabaldutako biderik gogorrenetakoa izan zen K2ko mendebaldekoa. Puristenek ere ez zuten hitz erdirik esan jarduera hari buruz, ikaragarria izan zelako. Galdera airean geratu zen, ordea: egin ahal izango da horma hori noizbait estilo alpinoan? Hiraide eta Nakajima baiezkoan zeuden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.