Hiraide eta Nakajima K2n geratuko dira

Bertan behera utzi dute bi alpinista japoniarrak erreskatatzeko ahalegin oro, mendiaren mendebaldeko horma oso arriskutsua baita. Hala jakinarazi du Ischii Sports etxe babesleak, familiekin adostuta. Mendiaren mundua doluz da.

Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima alpinista japoniarrak, Tirich Mir tontorrean.
Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima, Tirich Mir (7.708 m) mendiaren gailurrean, iazko udan, ipar aurpegian bide bat zabaldu ondoren. KAZUYA HIRAIDE BILDUMA
ramon olasagasti
2024ko abuztuaren 1a
09:30
Entzun

Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima alpinisten istripuari buruzko albisteak zirrikitu gutxi uzten zizkion esperantzari, eta, egunak aurrera joan diren heinean, susmorik goibelenak ere zirrikitu horretan behera hondoratu dira. Ischii Sports etxe babesleak jakinarazi du bertan behera utzi duela bi japoniarrak erreskatatzeko ahalegin oro, haien familiekin hitz egin ondoren. «Erreskatatzaileek larregizko arriskuak hartu beharko lituzkete K2ren mendebaldeko horma erraldoi eta arriskutsu horretan, eta beste tragediaren bat gertatzeko arriskua legoke. Hiraide eta Nakajima, mende honetako sokaldirik onena, jada ez dira gurekin izango: K2k besarkatuko ditu betiko», dio etxe babesleak igorritako oharrak.

Bi japoniarrak erori egin ziren larunbatean, 7.000 metro inguruan zirela. Thibaut Marot drone pilotu frantziarrak zartarazi zuen alarma, K2ko ohiko kanpalekutik, eta bi japoniarrak desagertuta zeudela jakinarazi zuen. Benjamin Vedrines alpinista frantziarraren igoera jarraitzen ari zen Marot. Igandean, Pakistango armadako helikoptero batek haien gorputzak begiztatu zituen, baina geldirik zeuden, ez ziren mugitzen. K2ko mendebaldeko aurpegiaren bertikaltasuna dela eta, helikopteroak ezin izan zuen lur hartu. Herenegun, bi alpinisten filmaketa taldeko kideek jakinarazi zuten kanpaleku nagusitik haien gorputzak begiztatu zituztela. Geldirik jarraitzen zuten. Japan Times egunkariaren arabera, serac handi eta mehatxagarri baten azpian zeuden, eta, beraz, erreskatea ikaragarri arriskutsua zatekeen lurretik.

Hiraide eta Nakajimaren asmoa zen K2 mendiaren (8.611 m) mendebaldeko aurpegian bide berri bat zabaltzea, estilo alpinoan, ohikoa duten eran. Aurrez talde bakar bat igoa zen 3.000 metroko harkaitz eta izotzezko horma horretara: Pavel Shabalin buru zuen talde errusiar indartsu batek lortu zuen, 2007an, eta, hormaren zailtasunak zirela medio, estilo eta teknika astunak erabiliz lortu zuten igotzea. Shabalinek berak adierazi du ondo ezagutzen duela bi japoniarrak zeuden lekua. Haren iritziz, «arriskutsuegia» litzateke inor hara bidaltzea erreskate lanak egitera, «glaziarra arrakalaz betea dagoelako eta aurpegi horren maldak ezinezkoa egiten duelako helikopteroak han lur hartzea».

Dolua mendiaren munduan

Mendiaren mundua doluz da. Kazuya Hiraidek lotura estua zuen Euskal Herriarekin, Ternua baitzuen etxe babesleetako bat. Ternua taldeak berak ohar bat kaleratu du une latz hauetan familei «doluminik beroena» adierazteko. «Azken aldiko sokadarik onenetakoa zen, eta Ternuarentzat benetako plazera eta harrotasuna izan da Hiraiderekin egotea haren ametsetan eta mendiko lorpenetan. Atseden har bezate bakean».

Bilboko Mendi Film jaialdian ere bitan izana zen Hiraide, azkena iazko abenduan, Tirich Mir mendiaren ipar horman eginiko igoerari buruzko Rope filma aurkeztera etorri zenean.Mezu hauxe eman du argitara Mendi Filmek bere sare sozialetan: «Gora Mendi! batekin hauspotu zigun haien ametsa Kazuya Hiraidek, abenduan, Bilbon. Iazkoa bigarren egonaldia zuen Mendi Filmen. ROPE filmaren nazioarteko estreinaldia egin eta bidenabar Ternuaren ordezkaritza lanak fin bete zituen. Etxekotzat daukagu, hala sentitzen zen bera ere. Arin bekizue lurra, Kazuya eta Kenro lagunak».

Eskaladako krokisei buruzko Harri, orri, Arkatz proiektuaren hirugarren urratsean, orain osatzen ari diren film dokumentalean, partaideetako bat izatekoa zen Hiraide: Jon Herranz zuzendariak elkarrizketa egin zion duela hilabete batzuk filmerako. «Pribilegio ederra izan zen elkarrizketa egitea. Zoritxarrez, ezingo diogu emaitza erakutsi, eta ezingo dugu haren azken igoerari buruzko dokumental hori ikusi, eta, batez ere, ezingo dugu haren gizatasun umilaz gehiago gozatu. Gure pentsamendua, une zail hauetan, Kazuya eta Kenroren familientzat da», adierazi dute proiektuko kideek.

Iker eta Eneko Pou anaiek ere dolumina agertu dute: «Hiraide eta Nakajimaren sokaldiak alpinismoaren agenda markatu dute azken urteotan, eta bide handiak zabaldu dituzte munduko mendilerro altuenean. Mendi Film jaialdian ezagutu genuen Hiraide, eta oso-oso atsegina iruditu zitzaigun. Gure maitasun eta indar guztia helarazi nahi diegu familiei, lagunei eta Japoniako alpinismoari».

Hiraidek eta Nakajimak urrezko bi piolet zituzten elkarrekin, Shispare (2017) eta Rakaposhi (2019) mendietan zabaldutako bideengatik. Horrez gain, nabarmentzekoak dira Karun Roh (2022) mendian eta aipatutako Tirich Mir (2023) mendiaren ipar aurpegian zabaldutako bide zail eta teknikoak. Horren aurretik, 2009an, Hiraidek eta Kei Taniguchi sokakideak beste urrezko piolet bat irabazi zuten, Kamet mendian eginiko igoeragatik. Hiraidek hemeretzi espedizio eginak zituen Himalaiara, eta hamabi bide zabaldu zituen horietan, guztiak mendi tekniko, ezezagun eta zailetan. K2ko mendebaldeko horma aspaldi zuen begiz joa. Bere ibilbideko «espediziorik garrantzitsuena» izango zela iragarri zuen aurreko abenduan Bilbon. «Nire orain arteko igoera eta espedizio guztiak hau prestatzeko izan dira», aurreratu zuen. Bere obra handia ezin izan du burutu, baina ibilbidea ikusgarria izan da, mendiaren munduan utzi duen arrastoaren neurrikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.