Mendia. Nuptse 2012 espedizioa

Helburua bete gabe, etxera

Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak bukatutzat eman dute espedizioa Nuptseren gailurrera igo gabe

Nuptseren aldapa nabarmenetako bat. BAT BASQUE TEAM.
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendizaleek osatzen duten espedizioa hego hegaletik Nuptsera (7.861 m) igotzeko ahaleginean gailurretik 160 metro ingurura gelditu zen. Ez dute beste saiorik egingo; horrela, bukatutzat eman dute espedizioa.

«Osorik iritsi gara, eta horregatik, oso pozik gaude. Bizitzan saio asko egin ezin zaizkion bide horietako bat da Nuptseren hego hegaleko britainiarren bidea. Arrisku handia duen bidea da», adierazi zuen Juan Vallejok kanpaleku nagusitik. Hiru mendizaleek espero zuten baino gogorragoa izan da bidea: teknikoki, oso zaila, eta fisikoki, asko eskatzen zuena.

7.700 metrora iritsi ziren, gailurreko 7.861 metrotik oso gertu. Garaiera horretan zeudela konturatu ziren, ordea, ezinezkoa zela. Argi ordu nahikorik ez, etengabeko haize bolada indartsuak, espero baino zailtasun tekniko handiagoak eta pilatuta zeramaten neke fisiko eta psikologikoak ez zieten beste aukerarik eman.

Horrela deskribatu du Zabalzak igoera: «5.800 metro arte ez dago aparteko zailtasunik; betiere, tentu handiz joanda aldapa nahiko nabarmena delako eta aske dauden blokeak aurki daitezkeelako. Hortik 6.500 metroko garaierarako bidean hasten dira arazoak. Ertz zorrotz batetik doa bideak, zorabiagarria dena. Zati mistoak ditu, izotza eta haitza uztartzen dituenak. Eskalada etengabea da, ez dago atsedenerako unerik. Behin 6.500 metroko garaierara iritsitakoan, tarte eroso bat aurkitzea espero genuen, baina ez zen horrela izan; oraindik ere aldapa nabarmena zen 7.000 metroko garaierara iritsi arte. Hortik gora, 150 metroko desnibela duen haitzezko pareta bat dago. Igoera nahiko eroso egiten da, baina burutik kosta egiten da kentzea soka finkorik gabe jaisteak zein arrisku duen. Ez da beti irabazten», onartu du Zabalzak.

Kanpaleku nagusitik bidalitako mezu batean, Vallejok esan du Nuptseko hego hegaleko britainiarren bidea inoiz egin duen bide ederrenetariko bat dela. «Porrotek asko balio dute zenbaitetan, beste edozein garaipenen gainetik. Britainiarrek bidea zabaldu zutenetik 50 urte igaro dira, eta inork denbora horretan guztian bide zoragarri hortatik berriz ez igo izana ez da kasualitate hutsa».

Lan polita egin dute hiru euskal mendizaleek azken espedizioan. Hainbeste esfortzu fisiko zein psikologiko egin ostean gailurretik 160 metro eskasera gelditu izanak pena eman behar duen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.