Mendia. Kirol eskalada. Mikel Ziarrusta. Eskalatzailea

«Helburu bat obsesio bihurtzea ez da ona»

'Sistematik ihes' (9a) bidea kateatuta, bederatzigarren dimentsiora egin du jauzi Mikel Ziarrustak. Bi urte egin ditu zailtasun maila horretako bide bat kateatu nahian.

Mikel Ziarrusta, Sistematik ihes bidea eskalatzen, Aizpunen. EKAITZ MAIZ.
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Bi urte egin ditu 9a mailako bide bat kateatu nahian Mikel Ziarrustak (Gasteiz, 1985). Gertu zuela bazekin, aurten bertan eskalatu baititu Honky Mix (8c+), Araotzen, eta Na-Nai (8c+), Baltzolan, besteak beste. Azken urratsa behar zuen bederatzigarren dimentsiora jauzi egiteko, eta Ekaitz Maiz adiskideak Aizpunen (Nafarroa) irekitako Sistematik ihes bidean egin du urrats hori. Gasteizko eskalatzaile harrobia emankorra da oraindik ere.

Zer garrantzia ematen diozu bederatzigarren dimentsiora jauzi egiteari?

Egindako lanaren emaitza da. Duela bi urte jarri nuen helburutzat 9a mailako bide bat eskalatzea, eta entrenatzen eta eskalatzen aritu arren ez nuen lortzen; lesioren bat zelako edo eguraldiak laguntzen ez zuelako... bazen beti zerbait. Lanaren fruituak aurten ari naiz jasotzen, eta Sistematik ihes eskalatu izana da adibidea. Pozik nago egindakoarekin.

Aurrez saiatu zinen 9a mailako beste bide batzuetan, Baltzolako Il Domani-n, esaterako. Helburua obsesio bihur al daiteke halakoetan?

Bihur daiteke, eta hori eragozten saiatu naiz, obsesio bihurtzea ez delako ona. Halakorik antzematen hasten nintzenean, bidea eskalatzeko saioak egiteari uzten nion, Il Domani-n egin nuen bezala [30 saialdi egin zituen], eta beste bide batzuk eskalatzen ditut.

Sistematik ihes kateatuta egin duzu jauzia? Nolako bidea da?

Hogei bat metroko sabaia da, eta azkeneko bi edo hiru metroak plaka etzana dira. Sabaia gainditzeko ahalegin fisiko handia egin behar da, erresistentzia handiko bidea da, baina baita teknikoa ere; taloiak, belaunak eta hankak ongi erabiltzen asmatu behar da. Azkeneko plakara indarrarekin iritsi behar da, helduleku txiki batzuk heldu behar direlako. Azken zati hori da zailena.

Zure eskalatzaile ezaugarrietarako aproposa al da?

Baietz esango nuke. Eskalada fisikoa hobeto doakit teknikoa baino. Sabaietan moldatzen naiz ongien, besoekin indarra egin behar den bideetan, eta zatirik handienean ezaugarri hori du Sistematik ihes-ek.

Ekaitz Maiz da bidearen sortzailea, eta hark aseguratuta eskalatu zenuen. Aholkurik eman al zizun?

Mugimendurik zailenak gainditzeko aholkuak Ekaitzek eman zizkidan, baina maiz gertatzen da batentzat egokia den mugimendua beste batentzat ezinezkoa izatea. Ekaitz ni baino altuagoa da, eta Sistematik ihes bideko mugimendu batzuk desberdin egin nituen [argazkikoa da bat]. Azken zatian, bai; nahitaezkoa da Ekaitzen sistema, eta Gorka Karapetok eta biok halaxe gainditu genuen [Karapeto da bidea gainditu duen beste eskalatzailea].

Nola oroitzen duzu kateatzea?

Berezia izan zen, adiskide talde bat zegoelako han niri begira. Bidea kateatu eta behera jaitsi nintzenean ez zitzaidan hitzik ateratzen; besarkadak ematea baino ez nuen egin, eta eskerrak eman guztiei. Hunkigarria izan zen.

Hunkigarria ez ezik, sasoi betean zaudelako seinale. Nola prestatu zara?

Harkaitzean eskalatuta. Erronka bat harkaitzean duzunean, eremu horretan eskalatzea da egokiena. Hiru urte dira Lander Gardeazabal entrenatzaile dudala, eta haren aholkuak eta prestaketa jarraituta joan naiz pixkanaka maila igotzen. Uztailean harkaitzeko bideetan serieak egiten aritu nintzen, erresistentzia lantzeko. Sistematik ihes probatzen hasi nintzenean, berehala konturatu nintzen zer behar nuen kateatu ahal izateko: indarra. Abuztua eta iraila horretan pasa nuen.

Zenbat saio egin zenituen?

Hamabost saio izan dira denera, Sistematik ihes eskalatzeko.

Suhiltzailea zara ogibidez. Afizioa eta ofizioa nola uztartzen dituzu?

Zorionekoa naiz, eta denborarekin geroz eta garbiago dut hori. Eskalatzeko edo beste edozer zaletasun egin ahal izateko denbora libre asko dugu suhiltzaileok. Astegun buruzuri batean harkaitzean eskalatzera joaten naizenean, eta bi edo hiru eskalatzaile bakarrik gaudela ikustean jabetzen naiz dudan zoriaz.

Eta joaten zaren harkaitz eskola horietako zein duzu gustukoen?

Galdera zaila da, denboraldiak izaten ditudalako. Negurako Etxauri gustatzen zait, eta Baltzolako koba ere bai, han hasi nintzelako duela urte batzuk zailtasun bat duten bideak eskalatzen eta graduan gora egiten.

Euskadiko eskalada txapelketak irabazi zenituen iaz, nola zailtasunekoa hala boulderrekoa. Hilaren 16an jokatuko da aurtengoa, Gasteizko Ariznabarran. Joatekoa al zara?

Joatekoa naiz, bai, eta irabazteko asmoarekin joango naiz, gainera. Beti joan behar da asmo horrekin, gainerakoan hobeto etxean geratzea.Txapelketetan emaitzarik onenak harkaitzean gehien eskalatu dudanean lortu ditut. Horman gora mugitzeko lagungarria da, eta bideak irakurtzeko ere bai.

Harkaitza edo rokodromoa. Zer duzu nahiago?

Harkaitza, zalantzarik gabe. Gazteagoa nintzenean rokodromoan lehiatzen gozatzen nuen, baina harkaitza da eskaladaren eremu naturala eta lagunekin gustura egoteko lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.