Azkarra, oso azkarra izan da aurtengo Gorbeia Suzien. Aurreko egunetako euriak ibilbidea zertxobait lokaztu arren, hegan egin zuten atzo korrikalariek Gorbeialdeko zidor, bide eta malkarretan, eta bi garaileek, Clementine Geoffray frantziarrak eta Alain Santamaria espainiarrak, hobetu egin zituzten orain arteko markak: Geoffrayk hiru ordu, 34 minutu eta 25 segundo behar izan zituen probaren 32 kilometroak eta 2.400 metroko desnibela osatzeko. Santamariak bi ordu, 57 minutu eta zortzi segundoan geratu zuen kronoa helmugan.
Emakumezkoen lasterketa zirraragarria izan zen. Iris Pessey frantziarra, Skyrunning World Series zirkuituko liderra, eta iaz bigarren izan zen Onditz Iturbe igorretarra (Bizkaia) bizi-bizi abiatu ziren lasterketaren lehen txanpan. Pessey bera igaro zen aurrena Gorbeia tontorreko gurutzetik, Anastasia Rubtsova errusiarra minutu bat eta 28 segundora, eta Onditz Iturbe minutu bat eta 47 segundora. Gailurrean, bi minutu eta 53 segundora igaro zen Clementine Geoffrey.
Jaitsieran, ordea, goitik behera aldatu zen proba. Clementine Geoffray denbora jaten ari zitzaien aurrekoei, eta azken kilometro ikusgarriak eginda bera helmugaratu zen aurrena Zeanuriko (Bizkaia) plazan. Iris Pessey herrikidea izan zen bigarren (3.35.50), minutu bat eta 25 segundora, eta Anastasia Rubtsova hirugarren (3.39.55), irabazlearengandik bost minutu eta 30 segundora. Euskal korrikalaririk azkarrena Iturbe izan zen, laugarren.
Santamaria, bikain
Gizonezkoetan ere su bizian abiatu ziren lasterkariak. Lehen kilometroetan, Frederic Tranchand frantziarrak hartu zuen burua, erritmo ikaragarri bizian, baina une oro hurbil izan zuen Alain Santamariaren arnasa, eta Gorbeiako gurutzera iristerako, Santamariak aurre hartua zion Tranchandi. Frantziarra hamasei segundora igaro zen gailurretik, eta Antonio Martinez espainiarra, hiru minutu eta 15 segundora.
Beheranzkoan, Ezkaraikoak jakin zuen aldeari eusten; lehena helmugaratu zen, probaren errekorra ezarrita: 2.57.08. Antonio Martinez Alacanteko (Herrialde Katalanak) korrikalaria izan zen bigarren, 56 segundora, eta Frederic Tranchand frantziarra hirugarren, minutu bat eta 33 segundora. Lehen euskal korrikalaria Markel Urigoitia (3.08.28) izan zen; zortzigarrena helmugaratu zen, Santamariarekiko 11 minutu eta 20 segundora.
Hegan, eta nola gainera
Geoffray frantziarra nagusitu da gizonezkoen Gorbeia Suzien proban; Santamaria espainiarra emakumezkoenean. Biek markak hobetu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu