Urmuga

Hegan egiteko beste modua

Hilabete luzetako prestakizunen ondoren, iritsi da Urmuga proiektua abian jartzeko eguna. Angulo mendatean elkartu dira mendizale, musikari eta antolatzaileak hasiera ekitaldi xumea egiteko.

Hegan egiteko beste modua.
Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Migel Zeberio Et Incarnatus orkestrako zuzendariak Nafarroako Gorteen ereserkia txistuz jo, hitz batzuk esan, Guillermo Olmok okasiorako egindako eskultura-lekukoan Harkaitz Canoren mezua eta Nerbioiko ura sartu, eta hasi da oinez Urmugako taldea, Felipe Uriarte gidari dutela, proiektu berri guztiek ematen duten indarra, ilusioa eta urduritasun punttuarekin. Izan ere, asteartean abiatu zen Urmuga, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatuko duen ekinaldia.

Hasiera lasaia izan da, Mandagoan zerbait jan, oso goiz jaiki baitira gaur gehienak, eta Piedra Picada goi lautadan zaldiak eta behiak izan dira aurkitutako kide bakarrak. Iturrigorrira iritsitakoan aurkitu dituzte lehen pertsonak, ibilbideko lehen tontorrean. Artistak zain dira beheraxeago, Ponata paraje ederrean, eta iritsi bezain pronto hasi da Amaia Elizaran dantzan, Xabier Zeberioren soinu bereziekin, Out lana eskainiz. Garazi Egiguren dantzariaren txanda etorri da gero, Flavio Banterlak ahotsa eta gitarra jarriz. Jarraian, bere jaioterri Veronako Arena anfiteatro ospetsua ekarri du gogora Verdiren Aida obraren bertsio partikularra eskainiz,Et Incarnatus laukotearekin. Maider Zabalegi kantaria elkartu zaio gero, laukotearen laguntza «hegan egiteko beste modua» dela adieraziz, lehen kontzertu eder horri amaiera emateko. Entzule mordoa bildu da, eta emanaldia gustukoa izan dutela erakutsi dute.

Ikuskizunarekin eta janariarekin berrindartuta, etaparen amaierari ekin diote gainez gain, Bedarbide, Solaiera eta Txolopeko gailurrak pasatuz, Garobel mendilerroko balkoi naturala, Aiara eta Arrastaria ibarren gainetik. Beste aldean gelditzen dira Losa haranean, Burgosen. Txarlazora iritsi aurretik, behealdera jo dute, Antigua santutegira eta Urduñara, gaurko helmuga: Bizkaiko hiri bakarra, jauretxe dotorekoa, Arabak eta Burgosek inguratua.

Lehen eguna borobiltzeko, Euskal Sagardoak eskainitako dastaketa izan da, euskal gaztekin. Egoera berezi honetan mendira jo dute. Musikaren laguntzaz. Biziari kantua da hau.

BIHARKO ETAPA:

4. Etapa: Barazar-Urkiola (Uztailak 17). 10 km; 513 m igo, 404 m jaitsi; 4 ordu; Urkiola parke naturala, Altungana, Saibi, Dimako mendatea, Arginsolis, Pagobakar pasatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.