Hegan egin nahi dute

Igandean jokatuko da Zegama-Aizkorri mendi maratoia. 550 korrikalarik hartuko dute parte, eta denen artean izen bat nabarmendu behar da: Kilian Jornet.

MANUEL MERILLAS
Manuel Merillas, iazko garailea, helmugara iristen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Unai Ugartemendia.
2024ko maiatzaren 22a
05:15
Entzun

Igandean jokatuko da 21. Zegama-Aizkorri mendi lasterketa. Urte hauetan guztietan, munduko mendi lasterkaririk onenek hartu dute parte bertan. Aldi honetarako ere ia 11.000 korrikalarik baino gehiagok eman zuten izena, baina, urtero bezala, 550 besterik ez dira abiatuko 42 kilometroak osatzeko asmoz. Lasterketa irabazteko faboritoen zerrenda luzatuz doa urtetik urtera, baina, gizonezkoetan, irteerako arrastoan egon ohi den aldiro, izen bat nabarmendu da: Kilian Jornet. Parte hartzea kontuan hartuta, inoizko  lasterketarik azkarrena izateko itxura du aurtengoak.

Jornetek azken asteetan sare sozialetan jarri dituen entrenamenduak kontuan hartuta, irabazteko faborito argia da. Baina badira beste hautagai batzuk ere. 2022an atzetik izan zituen lau korrikalariak—probaren marka ezarri zuen orduan—gauzak zailtzen saiatuko dira. Manuel Merillas, Davide Magini, Elhoussine Elazzaoui eta Robert Pkemboi dira korrikalari horiek. Merillas izan zen iazko garailea. Irabaziz gero, Jornetek 11. aldiz jantziko du txapela.

Euskal Herriko lasterkarien artean, berriz ere Aritz Egea nabarmendu behar da. Azken urteetan ultra distantzian aritu ondoren, aurten lasterketa motzagoak egitea erabaki du. Egeaz gain, Ander Iñarra, Asier Larruzea, Borja Zubizarreta eta Hassan Ait Xaou izango dira lehen hogei korrikalarien artean sailkatzen saiatuko direnak. 

Mathys eta Laukli ez dira arituko


Emakumezkoen artean ere lehia handia espero da. Are gehiago azken orduetan izan diren hutsuneak kontuan hartuta. Irtengo ez direnen artean daude Maude Mathys eta Sophia Laukli.  Dena den, ez da izarrik faltako. Iaz Daniela Oemusek irabazi zuen, eta berriro ere horretan saiatuko da.


Ez du lantegi erraza izango, ordea. Izan ere, iaz podiumean izan ziren Catlin Fieder eta Theres Lebouf txapela bereganatzen ahaleginduko dira lehen aldiz. Euskal Herriko korrikalariei dagokienez, parte hartzea inoizko onena izan daiteke. Izan ere, Sara Alonso, Lide Urrestarazu eta Malen Osa arituko dira. 

Alonsok 2022an hartu zuen parte lehen aldiz Zegama-Aizkorrin, eta hirugarren izan zen. Urrestarazu eta Osa, berriz, aurreko aldiz arituko dira. Horiez gain, Naiara Irigoien, Ainara Urrutia, Mayi Mujika eta Ainara Uribarri ere parte hartzaileen artean izango dira. Oihana, Kortazar, Maite Maiora eta Oihana Azkorbebeitia, aldiz, ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.