Azken hilabeteetan itzuli duen liburua eskuetan duela iritsi da hitzordura Ioritz Gonzalez Lertxundi (Azkoitia, Gipuzkoa, 1980). Azken lau hilabeteetako lanak bere fruituak eman dituela ikustearen irribarrea ezin kendurik dabil, liburuari begiratzen dion bitartean. Ohituta dago euskaraz idaztera, eta 'Pyrenaica' mendi aldizkarian ere ohikoak ditu eskaladari buruzko artikuluak. Gustura aritu da lan horretan. Hitz errazekoa dela nabari da.
Nondik etorri zen Zain dezagun mendia liburua euskarara itzultzeko ideia?
Aldizkari batzuetarako itzuli izan ditut hainbat gauza, gehienetan orrialde bateko artikuluak. Euskarara itzultzea, gustatzen zaidan gauza bat da. Mundu honetan aletxo bat jartzeko aukera ere badela iruditzen zait. Egun batean, liburua katalanez itzulita zegoela ikusi nuen, eta neure buruari galdetu nion; «Zergatik ez euskarara itzuli?». Egun hartatik aurrera ideia mamitzen hasi nintzen. Nik ordurako liburua gaztelaniaz irakurrita neukan. Asko gustatu zitzaidan liburuaren mezua.
Zerk piztu zizun interesa?
Mendiaren inguruan ibiltzen garenontzat. Oso interesgarria iruditu zitzaidan Messnerrek zabaldu nahi zuena. Gainera, erreferente bat da mendizale edo alpinista moduan; baita, hizlari moduan ere. Hitz egiten duen bakoitzean jendeak entzuten duten horietakoa da, eta polemika ere pizten du horrelakoetan. Horrek, aldi berean, aldeko eta aurkako iritziak sortzen ditu. Bizitza guztia darama mendiaren inguruan, eta gizon errespetatua da.
Messnerrek liburu asko argitaratu izan ditu bizitzan zehar. Zergatik aukeratu duzu hau?
Momentu pertsonal nahiko gogor batean harrapatu ninduen, eta, lehen aipatu dudan moduan, liburua irakurtzen ari nintzela atentzioa eman zidan hark zabaldu nahi zuen mezuak. Hausnarketarako aproposa iruditu zitzaidan mezua, eta, besteak beste, mendian zertan ari garen, mendian nola ibiltzen garen, egiten ditugun jarduerak nola egiten ditugun, zer filosofiarekin eta zer helbururekin egiten ditugun... Pil-pilean dagoen gai bat da.
Zerk harritu zaitu gehien?
Mezuaren zuzentasunak harritu ninduen batez ere. Nik, esaterako, bizi osoa daramat mendian, eta neure buruarekiko hausnarketa egitera eraman nau liburu honek. Onerako, sorpresaz harrapatu ninduen liburuak, batez ere, dibulgazio liburu bat delako. Oso liburu aberatsa iruditu zitzaidan hasiera-hasieratik.
Zure kasuan bi zaletasunak uztartu dituzu liburu honetan: mendia eta euskara. Hori kontuan hartuta, errazagoa egin zaizu itzultzea?
Gauza gehiago ere bai! Irakaslea izateaz gain, biologia ikasitakoa ere banaiz, eta Pyrenaica-n ere askotan erabiltzen ditudan hitzak erabili ditut liburu honetan. Idazten ditudan iritzi artikulu gehienak, gainera, euskaraz idazten ditut. Aldagai horiek guztiak kontuan hartuta, ez zait batere zaila egin liburua itzultzea. Eskaladaren eta ingurumen arloko gauza asko idaztea tokatu zait. Ez nuke esango horrek dena erraztu didanik, baina egia da asko lagundu didala. Oso eroso sentitu naiz une oro.
Mendiko hiztegia asko ezagutzen ez duen batentzat, irakurtzeko liburu zaila al da?
Ez, helburu nagusia mezua delako. Oso zehatza eta zuzena izaten saiatu naiz, eta aldi berean irakurtzen erraza izan zedin. Messner bera ere horrelakoa izan da bere bizitzan zehar, nahiz eta batzuetan hitz teknikoak erabili dituen; esaterako, eskaladako bideak deskribatzeko garaian. Ez da teknikoki oso jantzita egon behar liburua irakurtzeko eta ulertzeko. Hitz batzuek lan pixka bat eman didate, askotan beste hizkuntza batzuetako hitzak erabiltzen ohituta gaudelako, edo hitz zehatzik ez duelako.
Messner beti izan da hausnarketak egiteko zalea eta polemikoa. Harekin identifikatuta sentitzen zara?
Kasu gutxi batzuetan bai, baina, hori baino gehiago, hausnarketara bultzatzen duelako sentitzen naiz identifikatuta. Hark liburuan egiten duen hausnarketa Euskal Herriko mendizaleengana iristea gustatuko litzaidake. Batzuetan oso zuzena eta erradikala dela iruditzen zait. Ni, agian, lasaiagoa naiz gauzak esateko moduan, baina mezu orokorra asko gustatu zait.
Gustura gelditu zara egindako lanarekin?
Bai, oso. Hiru edo lau hilabetez buru-belarri jardun naiz lanean, eta lan handia eskatzen du. Liburua fisikoki eskuetan hartu nuenean, izugarrizko ilusioa egin zidan. Konstantzia mantentzea izan da gauzarik zailena.
Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?
Egia esan, niretzako ere sorpresa bat izan da. Pyrenaica-rako artikulu motzak idazten hasi nintzen, gehienbat, nik ondoen ezagutzen dudan kirolari buruz, alegia, eskaladari buruz. Konturatu nintzen oso gustura aritzen nintzela, eta, beste alde batetik, nire aletxoa ere jar nezakeela eskaladaren inguruan. Beste askok bideak irekitzen dituzten moduan, nik idatziz jarri nahi nuen nirea. Ahalik eta gehiena euskaraz idazten saiatu izan naiz beti. Denborarekin, erredakzioan sartzeko aukera eskaini zidaten. Neu ere harritu ninduen aukerak, baina baten batek zerbait ikusiko zuen. Gaur arte bertan segitzen dut, eta, egia esan, oso gustura nabil.
Eskalada munduan ere oso sartuta zaude. Betidanik izan duzu zaletasun hori?
Urolan betidanik joera handia egon da mendirako. Etxe inguruan izan dugu Kantera izeneko leku bat eskalatzeko, eta gertuko eskalatzaile gehienen moduan, ni ere bertan hasi nintzen. Etxean ere beti izan dugu mendirako joera. Agian, beste modu batera garatu dut nik ondoren, baina hori ere oso baliagarri izan zait mendiko balioak ezagutzeko. Herriko lagunekin hasi nintzen eskaladan, eta unibertsitateko garaian gehiago barneratzen joan nintzen. Eskalatzaile bikainekin eskalatzeko aukera izan dut azken urteetan. Gaur egun bizimodu bat da niretzat eskalada.
Zerk kateatu zintuen?
Lehenik inguruneak, eta, beste alde batetik, egunerokotik ateratzeko modu bat izan da. Beldurrei aurre egiteko modu bat ere bada eskalada. Eskaladak ezaugarri asko ditu, eta izugarrizko ekarpena egiten dit. Gizaki edo pertsona moduan ere asko eman dit eskaladak. Urte asko dira jada eskaladan, eta urte askotan jarraitzea espero dut.
Eskalatzaileak eta idazleak oro har oso metodikoak eta konstanteak dira. Zu ere horrelakoa al zara?
Uste dut urteekin gehiago jorratu ditudan bi gauza direla. Lehen, kaotikoagoa nintzen, baina, egia da igerilari izanak asko lagundu ninduela. Diziplina handia eskatzen duen kirola da, eta, nahi gabe, uste dut neuk uste baino metodikoagoa nintzela gaztetan ere. Igeriketan nuen konstantzia eskaladan jorratu nuen, nahiz eta hasieran ez zen horrela izan.
Eskalada eta Olinpiar Jokoak eskalatzaile askoren ahotan dabiltzan hitzak dira azken garaietan. Eskalada Olinpiar Jokoetan sartzearen aldekoa zinen, edo aurkakoa?
Beldur nintzen hasieran. Gauza onak ekar zitzakeela pentsatzen nuen, baina arriskuak ere ikusten nituen. Diru asko sartuko zela banekien, eta hala izan da. Horrelakoetan interesak sortzen dira. Gaur egungo eskalatzaile gazteei ondo egin die; baliabideak ugaritu dira, rokodromo berri asko ireki dituzte, azpiegiturak indartu dituzte... Lehen, frantziarrekin edo italiarrekin alderatuta, hogei urte atzerago geunden denean, eta, orain, aldiz, gauzak asko garatu dira. Gazteak fisikoki oso indartsu datoz. Halere, kirol hau asko masifikatu da orokorrean, eta horrek istripuak eragin ditu. Mendiko balioak ezagutu egin behar dira, eta rokodromoetan bakarrik dabiltzanek ez ezagutzeak ere kezka sortzen dit. Oso denbora gutxi pasatu da, eta, oraingoz, ontzat jotzen dut.
Ez zaizu iruditzen arroka eta rokodromoa bateragarriak izan daitezkeela?
Iruditzen zait guztiz bateragarriak direla rokodromoa eta arroka. Gaur egungo gazte askok, gurasoekin mendira joateko ohitura izan dutenek batez ere, badute joera arrokan eta rokodromoetan eskalatzeko. Aldiz, mendia ezagutzen ez duenak, rokodromorako joera dauka bakarrik. Gauzak asko aldatu dira azken urteetan. Lehen, mendira joaten ginen eta, tartean, eskalatu egiten genuen. Gaur egun, eskalatu besterik ez da egiten. Aukera ezberdinak egotea ona dela uste dut. Gero, bakoitzak aukeratu behar du zer egin nahi duen.
Ioritz Gonzalez Lertxundi. Eskalatzailea eta idazlea
«Hausnarketarako liburua da itzuli berri dudana»
Reinhold Messner alpinista famatuak bere garaian idatzitako liburu bat itzuli berri du Gonzalez Lertxundik Sua argitaletxearen eskutik: 'Zain dezagun mendia'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu