Mendia. Euskadiko Boulder Txapelketa. Esther Cruz. Eskalatzailea

«Haurrek ni naizena ezagutzea nahi dut»

Eskalatzeko grinari bizi-bizi eusten dio Esther Cruzek. Hiru seme-alabaren ama izateak eta adinean gora egiteak ez diote ilusioa itzali. Sasoian dela berretsi du Euskadiko Boulder Txapelketa irabazita.

Zumaia
2011ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Etxeko guztien buruak estaltzeko adina txapel dituzte etxean. Zailtasuneko nahiz boulderreko Euskadiko txapelketa asko irabazi ditu Esther Cruzek (Murtzia, Espainia, 1976). «Galdua dut kontua, baina Dabid senarrak —Dabid Carretero eskalatzailea— eta biok irabazitakoak aintzat hartuta, bost buru erraz estaliko genituzke», dio Eneko, Haizea eta Lur seme-alabak gogora ekarriz. Txapeletan azkena Elgetan jantzi zuen, larunbatean. Murtziarra da, baina 21 urte zituenetik bizi da Euskal Herrian. Egunen batean elkarrizketa euskaraz egingo zuela agindu eta halaxe erantzun ditu galderatako batzuk.

Txapelketa berezia izan zen Elgetakoa zuretzat, ezta?

Asko disfrutatu nuen. Goizeko kanporaketetan Eneko semeak ere parte hartu zuen —10 urte beteko ditu laster—, eta harekin batera txapelketa batean eskalatzeak ilusio handia egiten zidan. Ama batentzat oso polita da hori.

Zer iruditu zitzaizun lehiaketa?

Jon Gurutz Lazkozek eta Gotzon Gardeazabalek ezagutzen gaituzte eskalatzaileok, eta asmatu egin zuten denetariko zailtasunak zituzten blokeak prestatzen. Kanporaketetan zortzi jarri zituzten, eta haietako hiru, gogorrak. Lehen aldiz, gizonezkoei eta guri bloke desberdinak jarri zizkiguten; mesedegarria izan zen hori, bai haientzat bai guretzat, eskalatzeko ezaugarri desberdinak ditugulako.

Zu zeu dotore aritu zinen, finaleko bost blokeetatik lau kateatuta.

Pena izan zen azken hori. Bero egiten zuen pilotaleku barruan, eta helduleku txikiak irristakor zeuden. Sasoian nagoela ikusteko balio izan zidan, behintzat.

Boulder lehiaketak zailtasun txapelketak baino ikusmin handiagoa izaten ari dira. Zer dute bereizgarri?

Ikuslearentzat dinamikoagoak dira. Aldi berean eskalatzaile bat baino gehiago ikus dezakete eskalatzen, bakoitza dagokion blokea eskalatu nahian eta bakoitza bere erara eta estiloarekin. Zailtasuneko lehiaketetan, eskalatzaile bakarra ari da sokarekin igotzen. Eskalatzaileontzat ere txapelketa erakargarriagoak dira.

Emakumeen parte hartze urria izan zen, akaso, txapelketako orbana.

Ez dut uste beste emakume askok baino maila gehiago dudanik, baina lehiaketan gazteagoei kosta egiten zaie parte hartzea eta duten onena ateratzea. Ni ere oraindik urduri jartzen naiz, baina eskarmentua eta esperientzia dut lagungarri. Bloke baten aurrean jartzen naizenean topera noa beti; belaunaldi gazteei ez diet gure garaikoen ilusio eta mentalitate hori ikusten.

Boulderrean edo sokarekin eskalatzen, zertan sentitzen zara erosoago?

Azken aldian sokarekin eskalatzen hasi gara ostera, harkaitzean, eta askoz ere gehiago gustatzen zait hori. Boulderra dibertigarria da, lehiatzeko batez ere, baina harkaitzeko eskalatzaileak gara gu, eta umeak hazi ahala mendira itzuli garenean erosoago gaude harkaitzean.

Haurrak ere gurasoen bidetik hasi dira, beraz.

Eneko seme zaharrena hasi da horman gora, natural-natural. Haur bat giro horretan hezten denean, harentzat giro naturala hori bihurtzen da. Beste modu batera gozatzen dugu eskalada.

Seme-alabaren bat eduki eta kirol mundura itzultzen diren emakumeen kasuak badira, baina hiru seme-alaba edukitakoak ez dira asko izango. Zerk ematen dizu indarra?

Familiak berak. Bada zenbait gurasoren jarreran gustatzen ez zaidan kontu bat; seme-alaba bat eduki eta beste ezer ezin dutela egin uste izatea, hain zuzen. Ezin dut hori ulertu. Aita eta ama gara Dabid eta biok, baina ez hori bakarrik; ni ama naiz, baina eskalatzailea ere bai, eta seme-alabek naizen modukoa ezagutu nazaten nahi dut, ni neu izan. Zorionez, geroz eta ohikoagoa da eskalatzera seme-alabekin doazen bikoteak ikustea.

Amatasuna pizgarri izan duela zioen Oihana Kortazar mendiko lasterkariak. Zure kasuan hala izan al da?

Haurdunaldiaren eta erditzearen ondoren denbora luzean geldi egon eskalatzera itzuli eta sasoia berriro hartzen duzula ikustea pizgarria da ezinbestean, oso motibagarria.

Nola moldatzen zarete egunerokoa, etxea, seme-alabak, lana eta eskalada uztartzeko?

Zaila da, nekagarria, baina posiblea ere bai. Goizean jaiki eta Dabid lanera joaten da. Nik Eneko eta Haizea ikastolara eramaten ditut, eta handik entrenatzera joaten naiz Lurrekin, Zumaian lagun talde batek prestatu genuen rokodromora. Denbora gutxi entrenatu arren, denbora horri etekina nola atera ikasi dut. Garai batean gehiago entrenatzen nintzen, baina emaitzak beretsuak ziren.

Asteburua izaten duzue familian eskalatzeko ihesbide…

Himalayako espedizio bat ematen dugu; bostentzat janaria, arropa, eskalatzeko materiala... ikuskizuna izaten da. Baina jendeak ezagutzen gaitu, eta alde horretatik pozten naiz beste batzuei bidea ireki diegulako. Egun Gaubeara joaten garenean ume gehiago egoten da jende heldua baino.

Bide hori irekitzea nekeza izan al da?

Hasieran jendeak galdetzen zidan ea nola moldatzen nintzen eskalatzeko. Niretzat hori da normalena. 17 urterekin hasi nintzen, eta 25 urterekin eduki nuen Eneko; urte gehiago eskalatu dut ama naizenetik. Dena dela, inork ez dio aita bati galdera hori egiten. Txapelketa batean gizon batek galdetu zidan ea nola eskalatu nezakeen Dabid umeak zaintzen utzita. Zorionez, gauzak aldatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.