«Hau ez da mendiko eskia»

William Bon Mardion munduko txapeldun ohiak uko egin dio Munduko Kopako Andorrako proban parte hartzeari, irteeran besoak gurutzatuta. Olinpiar Jokoen eraginez, «kirola bere esentzia galtzen» ari dela salatu dute Kilian Jornetek eta beste hainbatek.

William Bon Mardion mendiko eskiatzailea
William Bon Mardion, besoak gurutzatuta, protesta ekintza moduan, joan den asteburuko Munduko Kopako hirugarren proban, Andorran. SKIMOSTATS
ramon olasagasti
2025eko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun

Joan den asteburuan, Mendiko Eskiko Munduko Kopako hirugarren proba jokatu zuten Andorran, Arinsaleko eski pistetan. Irteerako lehen lerroan zen William Bon Mardion frantsesa, hainbat aldiz munduko txapeldun izandakoa. Irteera eman orduko, lehiakide guztiak ziztuan abiatu ziren posizio ahalik eta onena lortzeko asmoarekin, baina Bon Mardion geldirik geratu zen, besoak aurpegiaren aurrean gurutzatuta, protesta gisa. Ibilbidearen artifizialtasuna eta Olinpiar Jokoen eraginez nagusitzen ari diren proba ereduak —esprintak eta eski estazioetan trazatutako zirkuitu azkarrak— salatu nahi izan zituen Bon Mardionek ekintza horren bidez. Ekintzak harrabots handia sortu du, eta mendiko eskiatzaile asko Bon Mardionen alde agertu dira, besteak beste Kilian Jornet, Xavier Gachet, Axelle Gachet-Mollaret, Emily Harrop, Matheo Jacquemoud, Françoise D’Haene... Munduko onenetako batzuk.

Areches-Beafortaineko semea da Bon Mardion, Pierra Menta proba entzutetsua egiten den mendien altzoan sortua, eta, beraz, mendiko eskiatzaile petoa. Aspaldi honetan kirola hartzen ari den jirarekin kezkatuta, hauxe adierazi zuen Bon Mardionek Andorran: «Hau ez da mendiko eskia. Diziplina bere balioak eta esentzia galtzen ari da. Zoritxarrez, Munduko Kopako zirkuitua aldentzen ari da gure kirolaren balioetatik eta menditik. Inoiz ez nuen imajinatuko hau egingo nuenik, 20 urteotan hainbeste maite izan dudan zirkuitu honetako proba bati boikota egingo nionik». Finean, «maitasun kontua» dela adierazi du Bon Mardionek bere sare sozialetan. «Izugarri maite dudalako kirol hau. Ondo hausnartutako ekintza izan arren, asko erasan zidan erabakiak, ez datorrelako bat nire izaerarekin. Inoiz ez naiz atentzioa erakartzen saiatu; nahiago izan dut gailur elurtuen itzalean geratu, baina ezin nuen gehiago ezkutatu. [...] Zer balio transmiti ditzakegu gure diziplina, gure historia eta kirol honetan aritzen diren kirolariak errespetatzen ez dituzten lasterketekin?».

«Zer balio transmiti ditzakegu gure diziplina, gure historia eta kirol honetan aritzen diren kirolariak errespetatzen ez dituzten lasterketekin?»

WILLIAM BON MARDIONMendiko eskiatzailea

Aurrez ere agertu izan du eskiatzaile frantsesak bere haserrea. 2022an, mendiko eskia Olinpiar Jokoetan izango zela jakinarazi zutenean baina banakako modalitatea kanpoan geratuko zela eta esprinteko modalitatean eta errelebokako formatuan bakarrik jokatuko zela azaldu zutenean, hala adierazi zuen Bon Mardionek: «Ez dut ulertzen horri nola esan dakiokeen mendiko eskia. Lotsagarria da gure kirol hau horrela desitxuratzea telebistan eman ahal izateko. Mundu osoari kirol eder bat erakutsi geniezaiokeen, eta orain eski pista batean 200 metro gora eta behera nola ibiltzen garen besterik ez diogu erakutsiko. Esprinta lagin txiki bat da, baina ez da gure kirola. Tamalgarria da».

Andorrako proba Arinsaleko eski pistetan egin zuten, zirkuitu berari hainbat itzuli emanez. Partaideek 360 metro desnibeleko malda bat igo behar zuten, Font Roja gaineraino, tartean oinezko tarte labur batekin, eta gero berriro abiapuntura jaitsi. Zirkuitu horretan lau itzuli osatu behar zituzten, eta, ondoren, beste bat laburragoa helmuga inguruan. Guztira 1.400 metro inguruko desnibela. Azken batean, Munduko Kopako probetan ere esprint distantziako eredua nagusitzen ari dela salatzen dute partaideek, distantzia zertxobait luzatuta.

Proba eredu horiek direla eta, gurean, Igor Alzelaik, mendiko eskiko euskal selekzioko hautatzaileak, «Olinpiar Jokoen eraginez mendiko eskia zatitzeko arriskua» zegoela iragarri zuen joan den urtearen hasieran eginiko elkarrizketan. «Kirol honek bi bide hartu ditu. Lehena, betiko lasterketena: esaterako, Pierra Menta edo Patrouille des Glaciers lasterketena; eta, bestea, Olinpiar Jokoetan jokatuko diren modalitateena. Eskaladarekin gertatu den antzera, dirua sartuko da mendiko eskian. Kirolari askok bekak dituzte, markek ere kirol honen aldeko apustua egin dute, eta jada nabari da. Hiru minutuko probak dira, eta, ondo saltzen badute, ikuskizun itzela izango da telebistan ikusteko».

Kilian Jornet: «Kirolaren beraren esentzia dago arriskuan»

Harrotutako polemikaren harira, hainbat eskiatzailek agertu dute bere iritzia. Kilian Jornetek, esaterako, adierazi du ulertzen duela Andorrako antolatzaileen ahalegina, baita Bon Mardionen jarrera ere. «Seguru nago ahalegin guztia egin zutela, baina elur baldintzak amesgaizto bat izaten dira antolatzaileentzat, eta ez txikiagoa lehiakideentzat. Ez dut uste Williamen eta beste partaideen haserrearen arrazoi nagusia Andorrako elur falta eta ibilbidea izan direnik, denbora tarte laburrean kirol hau nola aldatu den baizik». Bon Mardion bera bezala, Kilian Jornet ere mendian jaiotakoa da, Pirinioen altzoan hazia eta zaildua, hura bezala hainbatetan izan da garaile Pierra Mentan, eta, ondorioz, kataluniarra ere kezkatuta dago mendiko eskian gertatzen ari den aldaketarekin: «Lehen mendiko trebeziak baloratzen ziren kirol honetan, eta tristea da ikustea gaur egungo banakako lasterketa askotan gaitasun horiek jada ez direla beharrezkoak. Olinpiar ametsaren ondorioz, eraldatzen ari da kirol hau, Jokoen ordutegi eta eskakizunetara egokitzeko, eta kirolaren beraren esentzia dago arriskuan».

«Olinpiar ametsaren ondorioz, eraldatzen ari da kirol hau, Jokoen ordutegi eta eskakizunetara egokitzeko, eta kirolaren beraren esentzia dago arriskuan»

KILIAN JORNETMendiko eskiatzailea eta korrikalaria

Jornetek azaldu du bera ez dagoela esprint edo bertikala bezalako modalitateen aurka, diziplina horiek kirolari ikusgarritasuna ematen diotela eta mendiko eskira jende gehiago erakartzen dutela uste du, baina lehiaketa guztiak «eredu bakar batean estandarizatzen» ari direla gaineratu du. «Eta, ondorioz, diziplina tradizionalagoak, menditik eta kirolaren esentziatik gertuago daudenak, egutegian zokoratuta geratzen ari dira, eta diziplina berrien araudi eta eraginaren ondorioz, gero eta gehiago artifizialtzen ari dira».

Gordinago hitz egin dute beste batzuek. Xavier Gachet frantsesak, besteak beste Pierra Menta, Patrouille des Glaciers, Altitoy, Tour du Rutor, Adamello, Mezzalama eta halako proba entzutetsuak irabazi dituen eskiatzaileak, galdera hau bota du bere sare sozialetan: «Noiz arte onartu behar dugu mendiko eskia sarraskitzea?». Eta, galderaren segidan, bere iritzia adierazi du: «Egia da azken urteotan elur baldintzek ez dietela askorik laguntzen antolatzaileei, baina ez al da ba gure diziplina mendiaren baldintzetara egokitzen dena? Elurra baldin dago, eskiekin igoko gara; ez badago elurrik edo malda handiegia bada, oinez igoko gara; ondoren, jaitsi, larruak kendu eta ahalik eta azkarren irristatzen saiatuko gara... Ba ote errazagorik! Eta benetan ez badago elur nahikorik... tira, zer zentzu du kosta ahala kosta saiatzeak? Inoiz ikusi duzue Leon Marchand igerilaria bular igeriketa egiten igerileku huts batean?»

Sortu den harrabotsaren zurrunbiloan, Jornetek nabarmendu du ona dela protestatzea, ondoeza agertzea, hainbeste maite duten kirola bere balioetatik aldentzen ari dela ikusita, baina, kataluniarraren iritziz, «hori baino garrantzitsuagoa da erabakietan engaiatzea, federazioekin, elkarteekin eta antolatzaileekin hitz egitea, lan iraunkorra egitea aldeen arteko komunikazioari eusteko, eta modu aktiboan parte hartzea kirolaren balioak mantentzeko eboluzionatzen ari den aldi berean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.