«Hasiera biribila izan da»

Abiatu da Urmuga, mendi ibilaldiak eta musika uztartzen dituen proiektua. Euskal Herriko urmuga zeharkatuko dute hemeretzi egunean, uztailaren 30era arte.

«Hasiera biribila izan da».
jakes goikoetxea
2023ko uztailaren 13a
00:00
Entzun

Urrats batekin hasten dira ibilaldi guztiak. Baita luzeenak ere. Urratsez urrats iristen da helmugara, baita urrunenetara ere. Atzo 09:00etan eman zuen lehen urratsa Urmugak, Anguloko mendatean. Hemeretzi eguneko ibilaldia, Euskal Herriko urmugan barrena. Ez hori bakarrik, Urmuga mendi ibilaldi musikatua baita.

Urratsak egiten hasi aurretik, musika entzun zuten. Lander Agirre eta Aitor Aspuru trikitilari eta pandero jolearena, batetik. Boreas Camara taldearena, bestetik. «Musika goxoa», Felipe Uriarte Urmugaren sortzaile, mendi ibilbidearen arduradun eta Mendiak eta Herriak elkarteko mendi gidariaren esanetan. «Ikusi mendizaleak kantaren bertsio oso goxoa jo dute, zeharo ezberdina. Zoragarria izan da».

Anguloko eta Urduñako mendatearen (Araba) arteko 22 kilometroak egin zituzten atzo. Gorobel mendilerroaren tolesturak eta amildegia ezkerrean zituztela. Bidean, ezuste bat. Musika, berriz ere. Gorka Benitez saxofoi jotzailea eta bere taldekideak, Praileburu orratzaren aurreko belardi batean. «Bikaina. Ederra».

Urmugak badu fantasia, irrealtasun kutsu bat, paraje ederretatik ibiltzeaz gain, paraje eder horietan imajinatuko ez liratekeen musika emanaldiak izaten baitira. Artista ezagunenak eta ez hain ezagunenak.

«Urmuga sortu zen euskaldunok dugun kezkatik», azaldu du Uriartek. «Gure herria irreala da: gugan bizi da, gure hizkuntzan bizi da, baina gure nazioa zatituta, ukatuta dago. Esaten digute ez garela, gure hizkuntza mugatua eta zokoratua da. Nik bidaiatu dudanenean hori nire barruan joan da».

Euskal Herriaren ukazio horretatik sortu zen Urmuga, aldarrikapen gisa: «Erradikala izan nahi duena, baina jantzia, kulturaz, musikaz eta hitzez».

Sei laguneko lantalde bat arduratzen ari da ibilbideaz. Anguloko mendatearen eta Hiru Erregeen Mahaia mendiaren arteko ibilbidea egingo dute, hemeretzi egunean. Etapetan bidelagunak izango dituzte, eguneko ibilbidea egitera animatzen diren ibiltariak. Bost izan ziren atzo eta bost espero dituzte gaur ere. Uriartek uste du gehiago izango direla ibilbidearen erditik aurrera.

Eguneko martxa bukatuta, pozik zegoen. Garrastatxuko baselizaren atzeko aterpe moduko lokal batean lo egin behar zuten, ganbaran. «Hasiera biribila izan da». Ibilbideaz ari zen, musikaz, eta eguraldiaz: «Ipar haizea, lainoak zeruan azkar nabigatzen eta, sarritan, eguzkia». Euria izan zuten, baina ibilaldia bukatutakoan, Urduñako mendatean. Duela bi aste minberatutako belaunak ere utzi zion atzoko ibilbidea minik gabe egiten. «Hirugarren eguna izaten da txarrena, mendizaleok esaten dugunez, behin hirugarrena pasatuta, laugarrena samurragoa izango dela».

Altubeko mendatera iritsiko dira gaur (Araba). Delikako ur jauzia ikusteko itxaropena dute, «garairik politena baita». Iaz ezin izan zuten ikusi, eta ez dakite orain zenbat ur duen.

ATZO (LEHEN ETAPA)

Anguloko mendatetik Urduñako mendatera. Gorobel mendilerroan zehar iritsi ziren Urduñako porturaino.

GAUR (2. ETAPA)

Urduñako mendatetik Altubeko mendatera. 22 kilometroko etapa da, Araban. Urduñako portutik abiatu, Gibixoko mendilerroa zeharkatu eta Delikako ur jauziaren ingurutik —Nerbioi ibaia jaiotzen den lekutik gertu— pasatuko dira. Gaur arratsaldean Burbuilak taldearen, Xabin Guaresti kantariaren eta Lander eta Ander trikitilarien kontzertua izango dute, Garrastatxuko ermitan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.