ATZEKOZ AURRERA. Aitor Garmendia. Kazetaria

«Harro gaude inguruan dugunaz, baina ez dugu ezagutu ere egiten»

Gradu amaierako lanen Berria saria jasoko du gaur Garmendiak, 'Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean' lanarengatik. Leku ezagun horren ertz ezezagunak atera ditu lanean.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Sarritan, gradu amaierako lanak egin eta aurkeztu eta gero, betiko ahazten dira. Aitor Garmendiari (Itsasondo, Gipuzkoa, 2000), ordea, ez zaio halakorik gertatu. Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean erreportaje luzearengatik Berria saria jasoko du gaur, eta laster, laburrago bada ere, bi piezatan argitaratuko du lana egunkarian.

Espero al zenuen saria?

Egia esan, ez. CAF-Elhuyarren saria ere jaso nuen lan honekin duela hilabete batzuk, eta horrek asko harritu ninduen. Hori izan zen lehen ezustekoa. Niri iruditu zitzaidan lana ondo egin nuela, gustura gelditu nintzen, baina ez nuen uste hainbesterako izango zenik.

Zergatik aukeratu zenuen zehazki gai hori?

Gertuko gai bat delako. Goierrikoa izanda, beti izan dut gertu. Gainera, harro gaude inguruan dugunaz, Aizkorriz edo Aralarrez esaterako, baina ez dugu ezagutu ere egiten.

Zergatik diozu hori?

Nik ere hasieran uste nuen Aralar ezagutzen nuela, baina ez zen hala. Oso azalean ezagutzen dugu, eta hori elkarrizketatu guztiek esan didate. Ez bakarrik Aralar; ingurune naturalarekin gehienetan gertatzen da hori: bai mendiekin eta bai basoekin.

Zein izan zen lanaren abiapuntua?

Hasteko, liburutegira joan nintzen, eta Aralarren inguruko liburu guztiak hartu nituen. Horrekin hasi nintzen informatzen. Hasierako elkarrizketetatik abiatuta, beste elkarrizketatu batzuk lotzen hasi nintzen. Adibidez, talde ekologista bateko kide bat elkarrizketatu nuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lana kritikatzen zuen, eta kritikatzen zituzten haiengana jo nuen zuzenean, haien iritzia ere jakiteko.

Zer da proiektu honi esker Aralarren inguruan ikasi duzun gauzarik bitxiena edo bereziena?

Ataunen kontatzen den zerbait da hau: Lizarrustiko mendatean etxola bat omen dago. Euria egiten duenean, etxola horretako teilatuko alde batetik behera joten den ura Ataungo erreketara joaten da, eta, beraz, Kantauri itsasora. Beste aldetik erortzen dena, berriz, Nafarroara joaten da, eta Ebro ibaian jarraituz, Mediterraneo itsasoan amaituko du.

Gelditu zaizu ertzen edo gairen bat landu gabe?

Egia esan, artzainekin denbora gehiago igaroko nukeen, bertako bizimoduan gehiago sakontzeko. Horrek eman dit pena gehien. Ni artzain batekin egon nintzen egunean oso eguraldi ona egiten zuen, eta oso egun polita izan zen. Gustatuko litzaidake udako egun ilun batean ere haiekin egotea, lainoa beheraino sartuta dagoen egun horietako batean.

Aurki BERRIAn argitaratuko da zure erreportajearen zati bat. Hainbesteko lanaren ostean, gogoa duzu jendeak zure lana irakur dezan?

Bi zatitan aterako da, eta pieza originala moztu egin behar izan dut horretarako. Hala ere, esentzia mantendu dela esango nuke. Oso aukera polita iruditzen zait jendeak nik egindako lana irakurtzea. Lana amaitu nuenean, elkarrizketatutako batzuei aukera eman nien irakurtzeko, eta esan zidaten asko gustatu zitzaiela. Haiek esan zidaten horrelako lanak zabaltzea aukera polita izango zela. Oso ondo etorri zaizkit bi sari hauek, nire lana ezagutarazteko aukera eman didatelako.

Askotan, gradu amaierako lanak ahaztuta geratzen dira, hilabeteetako lanaren ondoren. Uste duzu baliabide gehiago eman behar direla graduatu berrien lanak zabaltzeko?

Bai. Ez dakit baliabide gehiago eman behar diren, edo egile bakoitzak ere bere lana ezagutarazteko gauza gehiago egin behar ote dituen. Okerrena da oso lan luzeak izaten direla, eta publikatzeko zail samarra izaten dela hori. Baina beti egin daitezke egokitzapenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.