Lan polita osatu dute Mikel Zabalza, Adrian Legarra eta Ekaitz Maizek Candanchuko La Zapatilla horman (Huesca, Espainia). Harritxoriak izeneko eskalada mistoko bidea zabaldu dute, WI5, M8 eta 6c zailtasunekoa.
Alpinismoaren hastapenerako ikastaro bat eskaintzen ari zela ikuskatu zuen Maizek ondoren landutako lerro ikusgarria. Etenik gabe, behin eta berriz bideratzen zitzaizkion begiak Maizi lerro horretara; izotzezko xafla batean hasi eta haitzaren artean sortzen ziren izotzezko txurroek osatzen zuten. Alde guztietatik argazkiak atera, eta Zabalza eta Legarrari bidali zizkien, amuari kosk egingo ziotelakoan. Hala izan zen. Martxoaren 4an ekin zioten hiru euskal eskalatzaileek Harritxoriak zabaltzeari. «Oso bide estetiko eta logikoa da; horrelako bide bat eskalatzeko aukera nola edo hala aprobetxatu beharra nuen», azaldu du Maizek.
Bidearekin lehen hartu-emana izan aurretik jakin zuten ez zirela lerro liluragarri hori zabaltzeko asmoa zuten lehenengoak. Urte batzuk lehenago Oscar Cacho eta Chiro Sanchez izan ziren han, eta lerroaren lehen bi luzeak ireki zituzten, hormaren zati bertikalena hasten den lekuraino. «Bidea ikusi nuenean, ez nekien zabalik ote zegoen edo ez; gerora konturatu ginen lehen bi luzeak zabalik zeudela», dio Maizek. Horraino ezer arrarorik ez.
Bidea eskalatzen hasi bezain laster jaso zuten ezustekoa Zabalza, Legarra eta Maizek. Izotzezko lehen zatiari Maizek ekin zion lehenik, eta elur hautsaren azpian zegoen kalitatezko izotzak eskalada polita ahalbidetu zion Etxaurikoari. Behin hori gaindituta, haitzezko zati baten azpian zegoen Maiz. Nondik igo aurkitu ezinik, artifizialean igo zen bigarren segururaino, eta orduan izan zuen ezustekoa; piolet eta kranpoiak sartzeko taladroz egindako zuloak aurkitu zituen. Ez bat edo bi… haitz hutsean eskalatu beharreko tarte osoa aurkitu zuten zulatuta. Praktika hori ez zetorren bat hiru euskal eskalatzaileekin, baina ez zuen atzerapausorik. «Inolaz ere ez zaizkit beharrezkoak iruditzen zulo horiek; kirol eskaladako bide batean baldintza berezi bat bada erabiltzea, tira, baina mendiko bide batean erabiltzea izugarria iruditzen zait, erabat gaitzesgarria», salatu du Maizek. Artifizialean gainditu zuen etxauriarrak tarte hori, eta izotz fineko tarte motz bat eskalatu ostean bukatu zuen luzea.
Argazkietan ikusitako izotz txurroek beste dimentsio bat hartu zuten horien azpian kokatutakoan, etxauriarraren arabera. Zabalza eta Legarra Maizekin elkartutakoan, segurtasuna areagotzeko bilera eskuinerago muntatzea erabaki zuten.
Hurrengo luzeari Zabalzak ekin zion. Horrelako eremuetan eskarmentu handia duen eskalatzailea da Zabalza, eta hala erakutsi zuen orduan ere. Haitzezko diedro motz bat gainditu ostean, izotzezko txurro txiki bat eskalatu eta orduan hasi ziren komeriak Zabalzarentzat. Horma diagonalean zeharkatzen zuen zartada bat gainditzeko, bereak eta bi pasa behar izan zituen; bi alditan erori zen Zabalza tarte horretan. Horietako bakoitzean seguru batek huts egin zion; eskerrak ederki sarturiko totem batek eutsi zuen. Azkenean, lortu zuen izotz txurroa gainditzea eta bilera muntatzea. «Ondo legoke erortzen garenean denok Mikelen umorea edukitzea», dio Maizek.
Zabalzaren atzetik, Maiz abiatu zen gorantz. Etxaurikoak esperientzia gutxiago du izotza eta haitza uztartzen dituzten bideetan, eta besaurreak puztuta iritsi zen bilerara. «Duela gutxi hasi naiz izotzean eskalatzen, eta eskaladak berak baino gehiago, igotzen garen tokiek erakartzen naute. Izotz eskalada monotono xamarra iruditzen zait, baina eskaladari gehitzen dizkion zenbait faktorek asko erakartzen naute: lekua, konpromisoa, baldintza aldakorrak...», esan du eskalatzaile nafarrak.
Zailtasunari dagokionez, Maizek erreferentzien falta du horretarako, baina Zabalzari M8 izan daitekeela iruditu zitzaion. «Euskal Herrian eskalada mistoa praktikatzen duen maisu asko dago; horietako bat da Mikel. Gainera, berehala kutsatzen dizute euren afizioa; hark duen zakurkeriaz eta motibazioaz asko ikasten da», adierazi du eskalatzaile nafarrak.
Bidea bukatzeko azken luzea kalitate eskaseko haitzean hasten zela eta, seguruak jartzeko aukera eskasa emango zuela iruditzen zitzaion Maizi. Hasi bezain laster aldatu zuen ustea, ordea. Erraz gainditu zuen Etxaurikoak 6c zailtasuneko haitzezko tartea, eta, hiruzpalau seguru jarri ostean, iltze batean zintzilikatu zen; botak jarri, eta tontorrera eramaten duen goulotte-a gainditu zuen ondoren nafarrak. Bilera muntatu, eta kideak igotakoan luze guztiak rapelatu zituzten; hala, bukatutzat eman zuten Candanchuko La Zapatilla-ko bidea. Emaitza, Harritxoriak, zailtasun maila handia duen lerro estetiko eta logikoa.
Mendia
'Harritxoriak' izotz artean
Mikel Zabalza, Adrian Legarra eta Ekaitz Maizek eskalada mistoko bide berri zabaldu dute Candanchuko 'La Zapatilla' horman: 'Harritxoriak' , WI5, M8 eta 6c zailtasunekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu