Google Earth eta satelite bidezko begi erraldoi eta zelatarien bidez den-dena kartografiatuta dagoen garaiotan, esploratu aditzak ez du, menturaz, mende bat atzera zuen indar eta zentzurik. Lur arrasean, ordea, goiko zelatari horrek atzeman ezin ditzakeen ehunka, are milaka mendi, glaziar eta ertz daude oraindik esploratu gabe. Satelite batetik eta lur arrasetik arras desberdina baita ikuspegia. Esaterako, Karakorum mendiguneko eztarri izoztuetan, Pakistanen, inork igo gabeko bosmilako, seimilako eta zazpimilako asko daude hango glaziar eta morrena galduak harresitzen. Behar da, ordea, garai bateko esploratzaileen izaera hori eztarri haietan barneratzeko, mendi haiek eskaladarako zer aukera ematen duten aztertzeko; behar da garai bateko urre bilatzaileen amets sukar hori inor ibili gabeko lekuetan zerbait topatzeko, jakinda esku hutsik itzultzeko arriskua handiagoa dela harribitxi bat topatzeko aukera baino.
Iaz Ladakheko Shafat ibarrean ibili ziren Ekaitz Maiz (Etxauri, Nafarroa, 1979) eta beste hainbat lagun, hango hormak arakatzen, miatzen, esploratzen, eta jarduera bizia osatuta itzuli ziren: 17 bide zabalduta eta Amaiur Peak orratz ikusgarria eskalatuta. Aurten ere tankera bereko espedizio bat egiteko gogoz zen Ekaitz Maiz: «Oso ezaguna ez den toki batera joan, zer mendi eta orratz dauden esploratu, aukerak aztertu, mendian beste inor gabe egon, ibar edo glaziar guztia guretzat izan...». Nora joan erabaki nahian zebiltzala iritsi zen haren eskuetara Skarduko (Pakistan) Asghar lagunak bidalitako irudi sorta bat: Sosbun glaziarreko argazkiak ziren, eta mendi zorrotz eta ikusgarriak ageri ziren haietan. «Ez genuen Trangora, Charakusara edo jende gehiago ibiltzen den lekuetara joan nahi. Jakin genuen duela 12 urte poloniarren espedizio bat egona zela Sosbun glaziar horretan, baina beste inor ez, eta aurrera egin genuen». Uztailaren hasieran abiatu ziren Pakistanera Ekaitz Maiz bera, Oier de la Fuente (Elorrio, Bizkaia 1993) eta Markel de la Fuente (Elorrio, Bizkaia 1995) anaiak, eta Josu Linaza (Igorre, Bizkaia, 1992).
Karakorumen bi glaziar nagusi daude: Baltoro da bat, eta, haren ipar-mendebaldean, Biafo bestea. Hain zuzen, Biaforen paraleloa da Sosbun glaziarra, ferra formakoa: ferraren goiko aldea Sosbun North da, eta bestea, Sosbun South. «Batean zein bestean mendi mordoa dago esploratzeko. Ez dira zortzimilakoak, baina bai mendi ederrak eta zorrotzak», Maizen hitzetan. Skardutik 4x4 batean heldu ziren Hoo herrira, izen bereko ibarrean gora, eta herritarren harrera abegitsu eta herabeak erakutsi zien ez zela hara kanpotarrik iritsi aspaldian. Maizen hitzetan, ezagun da kanpotarrek hainbat lekutan sortzen duten eragina: «Bazterrak ere garbi-garbi zeuden, eta ez zaborrez beteta, Baltoroko glaziarrean bezala».
Hoo herritik abiatu, eta hiru eguneko ibilian heldu ziren kanpaleku nagusira. Hoo ibar horretako bertako 30 bat zama eramailek lagundu zieten garraioan. «Ez dira zama eramaileak. Haientzat ez da, ezta gutxiago ere, ogibide nagusia, diru sarrera gehigarri bat baizik. Laborariak, abeltzainak eta meatzariak dira ibar hartakoak. Batez ere meatzariak». Harribitxiak bilatzen dituzte, topazioak, errubiak eta beste hainbat. Mendirako bidean, espediziokideek pareta asko ikusi zituzten zuloz josita, erlauntz baten modura. «Granitozko hormak dira gehienak: haietan zain bigunak bilatzen dituzte, eta zuloak egin, harribitxiak bilatu eta erauzteko. Lana banatu egiten dute: batzuk bilatzaileak dira, beste batzuk zulatzaileak, besteak garbitzaileak... Norbaitek zerbait aurkitzen badu, guztien artean banatzen dute. Komunitate sentimendu hori oso errotua dute», azaldu du Maizek Hoo ibar hartako biztanleen bizimodua.
Kanpaleku nagusira heldu orduko, espediziokideak ere bilaketan hasi ziren, zer horma eskalatu. Bi mendi baino ez zituzten ezagunak, Sokka Brakk eta Sosbun Brakk, gainerako guztiak eskalatzeko zeuden. Jomuga aukeratzeko edo, zehazkiago, zer mendi saihestu erabakitzeko, gora bezainbeste behera begiratzen dute halakoetan eskalatzaileek: non eta nondik erortzen diren harriak, non egon daitekeen arrisku handiena eguzkiarekin hormetako elurra eta izotza urtu eta harriak erortzeko. Hala, kanpaleku nagusitik bertatik ikus zitekeen orratz estetiko haietako bati begi eman zioten: «Nahiko ziurra zirudien, oinarrian ez zegoen harri askorik, harkaitzak ere kalitate onekoa ematen zuen... Guztiok erakarri gintuen orratz hark».
Zulagailua hondatu
Hormaren azpira eginiko lehen bidaian (4.600 m), ia damutu zitzaien erabakia. Jasa mardulik ez, baina ia egunero izan zuten elurra, eta arrastoa urratu beharraren beharraz, ikaragarri neketsua egin zitzaien morrena eta glaziarreko lehen barneraldi hura. «Lau ordu eta erdi behar izan genituen hormaraino joateko; lehertuta iritsi ginen denok. Pentsatu genuen: 'Uf, bide hau hobetzen ez badugu, izango dugu nahiko lan'». Pixkanaka hasi ziren materiala garraiatzen, sokak, denda, janaria, eskalatzeko trasteak, eta, joan-etorri haietan, horma azpirainoko bidea hobetuz joan ziren.
Uztailaren 18-20an ekin zioten bete-betean orratza eskalatzeari. Markel de la Fuente eta Josu Linaza hasi ziren lehen luzean, baina, elur eta euri erauntsi batek harrapatu, eta kanpalekura jaitsi ziren berriro, tximu eginda. Astebetean eguraldi zakurra izan zuten gero, eta ondotik, hiru eguneko barealdi bat iragarri zuten. Ziztuan abiatu ziren gorantz. Estrategia hauxe zehaztu zuten: «Lehenbizi, 400 metrora zegoen elurrezko erlaitz bateraino soka finkatu, hor kanpaleku bat ezarri, eta hortik gora gailurreraino jarraitu. Progresioa, ordea, espero baino motelagoa izan zen. Luzeak ez ziren ikaragarri zailak, 6 edo 7. gradukoak, baina harkaitzak ez zuen aukera handirik ematen babes sendorik jartzeko, artesi asko hondarrez itsututa baitzeuden».
«Jaitsiera tentsio handikoa izan zen: beti erne, zentzumen guztiak adi, patxadaz, gauzak ondo eginez...»
EKAITZ MAIZEskalatzailea
Eskaladako lau egun behar izan zituzten erlaitz horretara iristeko. «Behetik zirudien baino askoz txikiagoa eta nahiko kamutsa zen erlaitza, ez zen sokatik askatu eta lasai egotekoa, ez zen erosoa, baina tira, egokitu genuen txoko txiki bat etzaleku bat egiteko». Biharamunean, oso goiz abiatu ziren erlaitzetik gorantz, baina luze bat eskalatu eta bilgunea ezartzen ari zirela, zulagailua hondatu zitzaien. Hormak, bilguneetan batez ere, aukera gutxi eskaintzen zuenez zulatu gabe seguru fidagarririk sartzeko, jaistea eta beste zulagailu bat hartzea hobetsi zuten. Zuhurtzia hori behintzat izan zuten, beste zulagailu bat eramatekoa.
Bigarren saiakeran, Ekaitz Maiz bera eta Markel de la Fuente sartu ziren horman. Beste bi taldekideak Sosbun North glaziarreko beste pareta batera joan ziren. Soka finkoetan gora lehen erlaitzeraino igo, eta egun berean goragoko beste erlaitz batera mugitu zuten kanpalekua Maizek eta De la Fuentek. Biharamunean, 04:00etan jaiki eta 05:00ak baino lehen hasi ziren eskalatzen. Eta, ia hamabi orduko jardunaren ondotik, arratsaldeko 16:00 aldera heldu ziren gailurrera. «Bidearen gakoa edo crux-a behetik nahiko etzanak iruditzen zitzaizkigun elurtegi batzuk izan ziren. Hara iristean, erabat bertikalak zirela konturatu ginen: sabai batzuetan sartuta zeuden, eta beheko pareta bustitzen zuten. Tarte horretan zalantza handiak izan genituen, gai izango ote ginen gainditzeko». Gainditu zituzten, gainditu zituztenez.
Gailurrean bi argazki, bideotxo bat, eta arrapaladan behera. «Jaitsiera igoera bezain zaila edo arriskutsua izan zitekeen. Beldur ginen sokak trabatuta geratzeko. Bloke asko zeuden, soka edonon kateatu zitekeen, eta jaitsiera tentsio handikoa izan zen: beti erne, zentzumen guztiak adi, patxadaz, gauzak ondo eginez...». Gailurrera iritsi ziren egun berean, hormako kanpalekuraino jaitsi ziren, eta biharamunean, finkatutako soka guztiak jasota, hormaren oinarriraino. Ordurako zain zituzten zamaketariak; izan ere, ia etxera itzuli bezperan lortu zuten bidea amaitzea. Izar gorri, mamuon betiko argi izena eman zioten bideari (M4, 7b, 1140m). Markelek proposatu zuen izena, «borrokan eredu izan diren guztien omenez».
Sosbun glaziarreko morrena eta harkaitzezko eremu idor eta griskara haietan hilabeteko egonaldia egin ondoren, Hoo herrira bueltatzea, berriro berdea ikustea, Nama izeneko parajeko belardi haiek zapaltzea «plazer handia» izan zen, Maizen hitzetan. Eta zer esanik ez Hoo herrian egin zieten abegia: «Herri guztia etorri zen. Guztia diodanean, guztia da: haurrak, zaharrak, emakumezkoak, gizonezkoak... Oso atsegina izan zen». Zer mendi eskalatu zuten erakutsi, eta eskolako zuzendariak jakinarazi zien Mun Brakk zela, zehazki Mun Brakk II (5.430 m). «Ebakitako mendiak» baltieraz. Zama eramaileek baieztatu zieten eskalatzaileek lehendik sumatzen zutena, aurrez inork igo gabeko mendia zela orratz hura. Eta ibarreko meatzari umil haien antzera, harribitxi bat bilatu zutelako pozarekin itzuli ziren etxera.