'Harri, orri, arkatz': krokisaren artea

Eli Azurmendi, Rafa Elorza eta Juancar Sanz Donostiako Club Vasco de Camping elkarteko kideek eskaladako krokisen inoizko erakusketarik handiena zabalduko dute azaroan Bilbon. Liburu bat ere argitaratuko dute. Finantzaketa kolektiboko kanpaina arrakastatsua egiten ari dira asteotan.

Montserraten inguruko krokis bat. ARMAND BALLART.
ramon olasagasti
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun

Eskaladako krokisak ez dira harkaitzean trazatutako lerro baten marrazki soilak; ez dira zailtasunak, bilguneak, diedroak non dauden, zer material behar den eta abar erakusten duten disekzio hutsak. Ez. Bide bati itsu-itsuan ekin beharrean, braille hizkuntzan idatzitako istorioen antzekoak dira: hatza krokis horren gainean pasatu, eta eskalada nolakoa izan den, bideak zer nortasun duen... agertzen duten kontakizunak. Areago, krokis batzuk benetako artelanak dira, erakusten duten harkaitzeko lerroa bezain.

Eli Azurmendik, Rafa Elorzak eta Juancar Sanzek biak maite dituzte: mendia eta marraztea. Hirurak dira Donostiako Club Vasco de Camping taldeko kideak. Eli margolaria da ogibidez, eta bere ibilbidean margolan asko egin du musikari, bidaiari eta azken boladan eskalatzaileekin. Rafa eskalatzailea eta mendizalea da, eta gustuko du marraztea, «are gehiago mendiarekin lotura duten gaiak badira». Juancar eskalatzailea eta bide zabaltzailea da, berak maketatzen du Errimaia aldizkaria, eta oso krokis landuak egiten ditu ordenagailuz. Hirurak eskuz esku —hiruko sokaldian— atontzen ari dira azaroan BBK Mendi Film Bilbo Bizkaia jaialdian jarriko duten erakusketa, krokisei buruz egindako inoizko handiena: Harri, orri, arkatz.

«Donostian hasi zen dena, Club Vasco de Camping taldearen eskutik Arkaitz Iurritaren Al otro lado de la cuerda filma Antzoki Zaharrean estreinatu zenean. Azurmendik hainbat akuarela egin zituen film horretarako, eta, estreinaldiarekin batera, pintura horien erakusketa antolatu genuen. Erakusketa hartan, baziren krokis batzuk ere. Niri beti arreta deitu izan didate krokisek, Eliri ere bai, eta hor hasi ginen hizketan, krokisen erakusketa bat egiteko ideiari buruz», jakinarazi du Elorzak. Huraxe izan zen lehen harria.

Azurmendik hainbat krokis eginak zituen ordurako goi mailako hainbat eskalatzailerentzat. Elorzak eta Sanzek ere bazituzten krokis artistiko batzuk, zabalduak zituzten bideenak. Hiruren lanekin erakusketa prestatzen hasi orduko jabetu ziren, ordea, krokisen mundua mendia bezain zabala eta askotarikoa dela, eta beste hainbat egile gonbidatu zituzten: Christian Ravier, Armand Ballart, Luis Alfonso... «Guztiei asko gustatu zitzaien ideia», azpimarratu du Azurmendik.

Hala, 2020an atondu zuten, Harri, orri, arkatz lehen erakusketa kolektibo hura, Club Vasco de Campingen egoitzan, eta, «egia esan, oso ondo joan zen», oroitu du Elorzak. Ondoren, Madrilgo Sputnik-en, Paueko Image et Montagne jaialdian eta Jakako (Aragoi, Espainia) La Casa de la Montaña tabernan ere paratu zuten erakusketa. Hura izan zen bigarren harria.

Erakusketa Madrilgo Sputnik rokodromoan paratu zutenean, aurkezpen ekitaldian, ikusleetako batek eskua altxa eta galdetu zuen: «Zein izan da historian margotu den lehen krokisa?». Rafa Elorza zer erantzun ez zekiela geratu zen. «Saihesbidetik atera nintzen nolabait, baina galdera hura iltzatuta geratu zitzaidan. Non eta noiz hasten da krokisaren historia? Eta ikertzen hasi ginen». Chamonixko (Frantzia) museoan, Mont Blanceko aurreneko igoeraren inguruan, «litografia izugarri politak» aurkitu zituzten. Horien artean, Saussureren Voyage sur les Alps liburuan, Burrit izeneko batena. «Saussurek egindako bidea erakusten du litografiak. Han zegoen galderaren erantzuna. Alabaina, gero jakin genuen lehenagoko beste marrazki bat bazela, sinpleagoa, prusiar batek egina. Prusiar horrek teleskopio baten bidez jarraitu zuen Balmat eta Paccarden Mont Blanceko lehen igoera, eta marrazki bat egin zuen, eta marrazki hori ere lortu dugu. Gure iritzi apalean, marrazki hori litzateke historian izan den mendiko lehen krokisa», nabarmendu du Elorzak. Ezinbestean, alpinismoaren historiaren hasierarekin batera abiatu zen mendiko krokisen historia ere.

Historian sakondu ahala eta baten eta bestearen krokisak jaso ahala, zurrunbilo gozo batean barneratu ziren, eta jabetu «zerbait handia» egin zitekeela. Bilboko Mendi Film jaialdiarekin harremanetan jarri ziren orduan. «Jabi Baraiazarra zuzendariari aipatu genion erakusketa zabal hori Bilbora eramateko aukera, eta hark: “Banengoen ba, ni, hauek ez al didate ezer esango...?». Hark ordurako buruan zuen erakusketa Bilbora eramateko ideia, Azurmendik eta Elorzak azaldu dutenez. Beste gorputz bat hartu zuen orduan asmoak. Hirugarren harria

Erantzun aparta eta liburua

Asmoa gauzatzeko, batekin eta bestearekin jarri ziren harremanetan: Armand Ballartekin, Rolo Garibotti Patagoniako eskalatzaile entzutetsuarekin, Oscar Masorekin, Alex Puyo historialariarekin, Chema Agustinekin... eta guztiek «izugarri ondo» erantzun zuten. «Oscar Masok asko lagundu zigun Kataluniako kontaktuekin, Palatinatuko eskalatzaileen arrastoan jarri gintuen... Rolo Garibottik Patagoniako eta Yosemiteko eskalatzaileen ateak zabaldu zizkigun...», nabarmendu dute Elorzak eta Azurmendik. Eta altxor haiek guztiak jaso ahala konturatu ziren: «Hemen liburu bat dago». Eta hala, erakusketari ez ezik liburua idazteko eta atontzeko lanari ere ekin zioten.

Liburuari azken ukituak ematen ari dira orain, irailean inprentan izateko. Egitasmoak nazioarteko dimentsioa hartu duenez, ingelesezko eta gaztelaniazko testuz jantzita joango dira krokisak. Bi atal nagusitan egituratu dute liburua: lehen atalean, krokisak eremu geografikoen arabera antolatu dituzte: Euskal Herria, Pirinioak, Naranjo, Riglosko Mailoak, Montserrat, munduko mendiak (Alpeak, Himalaia...). Eta egile entzutetsuen marrazki eta testu iradokitzaileak bildu dituzte kapitulu bakoitza zabaltzeko. «Munduko mendien kapituluaren sarrerako marrazkia eta testua, adibidez, Jesus Mari Lazkanok egin ditu. Izugarri inplikatu da proiektuan», jakinarazi du Elorzak. Irudigile eta testugileen artean hor dira Antxon Iturriza, Julio Villar, Juanjo San Sebastian, Cesar Llaguno, Pierre eta Christian Ravier, Craig Muderlak, Jeremy Collins, Rhiannon Klee, Rolo Garibotti...

Liburuaren bigarren atala kontzeptualagoa da, eta krokis erabilgarriei, krokis iradokitzaileei eta teknologia berriei buruz hausnartzen dute, besteak beste. Alde horretatik, Elorza eta Azurmendi ohartu dira argazkiak gero eta gehiago erabiltzen direla krokisetan, baina baikor dira. «Marrazkiak, sormenak eta arteak bizirik iraungo dute. Argazkiak dena agertzen du, behar duzun informazioa eta behar ez duzuna; eskalatu behar duzun diedroa eta horren ondokoa. Marrazkiak, ordea, behar duzun informazioa baino ez du ematen, eta alde horretatik askoz zehatzagoa izan daiteke», esan du Elorzak.

Erakusketari dagokionez, erakusgaia bezain berezia izango da aretoa ere, Bilboko Berreginen Museoko aztarnategian atonduko baitute krokisen bilduma. «Duela ez urte asko, aparkaleku bat egiteko obrak egiten ari zirela, bloke batzuk aurkitu zituzten, eta jabetu ziren XV. mendeko frantziskotarren komentuko aurriak zirela. Noski, berehala gelditu zituzten obrak, eta komentuaren aztarnak berreskuratzeko lanei ekin. Aztarnategi horretan izango da erakusketa. Oso leku berezia da», nabarmendu du Elorzak. Azaroaren 24an zabalduko dute, eta 2024ko Errege egunaren ondorenera arte izango da ikusgai.

Krokisez gain, altxor bereziak ere izango dira erakusketa horretan: 1974ko Tximist espedizioaren Everesteko maketa, esaterako. «Elio Orlandiren Cerro Torreko hiru metroko eskultura ere ekarri nahi dugu, haitz ikusgarri hartan dauden bide guztiak irudikatuta dituena. Gaur egun Montura etxearena da, eta Alpstation Montavo eski estazioan dago eskultura hori. Lluis Hortala katalanak ikatz ziriz eginiko Montserrateko bi metroko krokis batzuk ere ekarri nahi ditugu. Ea lortzen dugun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.