Aurreko ostiralean zabaldu zuten eskaladako krokisei buruzko Harri, Orri, Arkatz erakusketa Donostiako Okendo Kultur Etxean, eraikin berriko erakusketa aretoan. Bilbon, Tolosan eta Potesen (Kantabria) izan ondoren, beraz, proiektuaren sorlekura itzuli da erakusketa. Eli Azurmendi, Rafa Elorza eta Juancar Sanz izan dira hasiera-hasieratik ekinaldiaren bultzatzaile nagusiak, eta haiek izan dira komisario Okendoko erakusketa horretan ere.
Donostian hasi zen dena, Club Vasco de Camping taldearen eskutik Arkaitz Iurritaren Al otro lado de la cuerda filma Antzoki Zaharrean estreinatu zenean. Eli Azurmendik hainbat akuarela egin zituen film hartarako, eta, estreinaldiarekin batera, pintura haien erakusketa antolatu zuten. Tartean baziren krokis batzuk ere, eta huraxe izan zen lehen harria. Orduan jabetu ziren Azurmendi, Elorza eta Sanz eskaladako krokisen inguruan zerbait zabalagoa egin zitekeela, baita krokisen mundua mendia bezain askotarikoa dela ere. Hala, hainbat egile gonbidatu zituzten lehen bilduma hartarako: Christian Ravier, Armand Ballart, Luis Alfonso... Eta 2020an atondu zuten Harri, Orri, Arkatz lehen erakusketa kolektibo hura, Club Vasco de Campingen egoitzan. Duela bost urte jada.
Proiektua egikera sendoagoa hartzen hasi zenean, bultzatzaileak mundu zabaleko krokis egileekin jarri ziren harremanetan, baita Bilboko Mendi Film jaialdiarekin ere. Hala, ezarian, mundu mailako dimentsioa hartzen joan zen hasierako asmoa, eta duela bi urte, erakusketa zabalago bat egin zen Bilboko Berreginen Museoan, 2023ko Mendi Filmen egitarauaren barnean. Liburu ere bihurtu zen proiektua, eta orain dokumentala grabatzen ari dira.
Bost urteren buruan, egileentzat «oso berezia da» Donostiara itzultzea. «Gogo handia genuen proiektua jaio zen lekuan erakusteko. Uste dut, gainera, erakusketa eremua oso berezia dela, Okendoko aretoa oso-oso ondo dago; propio egokitu dute, gainera, erakusketarako, eta luxu hutsa da hor erakutsi ahal izatea», nabarmendu du Azurmendik.
«Jende askok esan digu [erakusketa] inspirazio iturri izan dela, bai eskalatzeko eta bai margotzeko. Horrelakoak entzutea guretzat oso polita da»
ELI AZURMENDIMargolaria eta erakusketaren komisarioa
Erakusketak eskaladako krokisaren «historia aberatsa» ematen du ezagutzera, eta egile ugariren lanak biltzen ditu: Armand Ballart, Rolo Garibotti, Phillippe Barthez, François Carrafancq, Pierre eta Christian Ravier, Jeremy Collins, Chema Agustin, Angel Lopez Cintero, Clay Wadman, Julio Villar, Elio Orlandi, Craig Muderlak, Rhiannon Klee, Philippe Mussatto, Simon Elias eta Oscar Maso. «Proiektua guk kudeatu dugu, baina kolektiboa da, denen artean egindakoa», argitu nahi izan du Azurmendik.
Bai erakusketaren eta bai liburuaren kasuan, jendearen erantzuna eta iritzia «espero baino askoz hobea» izan dela adierazi du Azurmendik. «Jende askok esan digu inspirazio iturri izan dela, bai eskalatzeko eta bai margotzeko. Horrelakoak entzutea oso polita da guretzat. Uste dut, gainera, proiektuak oraindik bide bat daukala egiteko. Donostiako hau laugarrena da, baina Alpeetatik eskatu digute, AEBetatik ere bai, zaila izango da hara eramatea baina... Jendeari originala iruditu zaio, eta ikusten dugu interesa badagoela».
Donostiako Okendoko erakusketa honetarako, Frantziako Lara Amoros eta Camille Beurrier eskalatzaile eta margolarien lanak gehitu dituzte. «Lara Amoros bi urte eta erdian ibili da bidaiatzen eta marrazten, eta handik eta hemendik krokisak bidaltzen aritu da, Japoniatik, Koreatik, Brasildik... Beurrier ere margolaria da, krokis egilea. Hala, bien koaderno, marrazki eta materialekin beira arasa bat egokitu dugu. Hori da orain arteko erakusketen aldean berritasun nagusia», azaldu du Azurmendik.
Bilduma hainbat panel eta bitrinaz osaturik dago. Paneletan mundu osoko egileek egindako krokisak biltzen dira, hainbat mendiguneri buruzkoak eta teknika eta helburu desberdinekin eginak, krokis erabat praktiko eta erabilgarrietatik hasi eta krokis artistikoetaraino. Beira arasetan, aldiz, krokisen sortze prozesuaren berri ematen da, baita eskaladarako informazio iturri gisa jokatzen duten paperaren berri ere, aldizkarien, eskalada giden edo piada liburuen bidez.
Okendoko erakusketa martxoaren 15era arte izango da ikusgai. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:00 - 14:00 / 16:00 - 20:30, eta larunbat eta zubietan, 10:00 - 14:00 / 16:30 – 20:00. Erakusketarekin loturik, hainbat jarduera ere izango dira urtarrilean eta otsailean. Urtarrilaren 23an, 19:00etan, erakusketaren komisarioen eskutik bisita gidatua izango da euskaraz. Aurretik izena eman behar da Okendo kultur etxean. Urtarrilaren 24an, Krokisen mundua hitzaldia emango du Armand Ballart kataluniarrak. Okendoko areto nagusian izango da, 19:00etan. Urtarrilaren 30ean, Uxue Loizu eta Maialen Rojo eskalatzaileek eta krokis egileek Abriendo camino, Groenlandia dokumentalaren proiekzioa egingo dute Okendoko areto nagusian, 19:00etan. Eta otsailaren 27an, komisarioek bisita gidatua egingo dute gaztelaniaz.