Stefi Troguet. Alpinista

«Hamalau zortzimilakoak igotzeko ahaleginean sartu nahi dut buru-belarri»

Oso gaztea da oraindik Troguet, baina iaz, bi hilabete eta erdian, bi zortzimilako igo zituen: Nanga Parbat eta Manaslu. Hori dela eta, zeresana eman zuen. Aurten beste bi igotzeko asmoa zuen, baina koronabirusak asmoak zapuztu dizkio oraingoz.

STEFI TROGUET.
Unai Ugartemendia.
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Etxean egoten ez dakiela aitortu du Stefi Troguet alpinistak (La Massana, Andorra, 1992). Baina udaberriko lehen egunak bertan pasatzea tokatzen ari zaio,COVID-19arengatik ezarritako konfinamendua dela eta. Hala ere, udari begira ondo prestatuta egon nahi du badaezpada ere, eta ez du baztertu arlo fisikoa.

Nola daramazu geldialdia?

Umorearekin hartu behar izan dut. Neguan aktibitate asko egin dut, eta bat-batean horma baten aurka jotzea bezalakoa izan da. Baina jada egoerara egokitu naiz. Espedizioetako garaiekin alderatzen dut. Imajinatzen dut beheko kanpalekuan nagoela, eta eguraldi ona dagoenean mendira irtengo naizela. Etxean entrenatzen ari naiz, eta ahal dudan moduan nabil.

Ez da erraza izango zu bezalako pertsona batentzat etxean egon behar izatea, ezta?

Ez, hala da. Uste dut inoiz ez nituela hainbeste egun pasatu etxean.

Noiz eta nola hasi zinen mendian?

Aita eskiko monitorea zen, eta txikitan askotan joaten ginen mendira. Baina orduan ez zidan beste munduko ezer esaten mendiak. Urte askotan eskiatzen ibili nintzen. 19 urte-edo nituela, lehengusu batek Pica d´Estats [Pirinioak, Herrialde Katalanak, 3.143 metro] igo behar genuela esan zidan. Erronka bat izan zen, eta entrenatzen egon nintzen denbora batean. Dena ondo atera zen, eta gailurrera iritsi ginen. Hura lortzeko egin nuen bideak, eta gailurreko egunak asko gogobete ninduten. Kateatuta gelditu nintzen mendiarekin.

Zure ibilbidea logika handikoa izan da geroztik. Pirinioak lehenik, Alpeak ondoren...

Hala izan da. Lehenik Andorrako mendietan ibili nintzen, eta, gero, Pirinioetako mendirik garaienera joan nintzen, Anetora [3.404 metro]. Gutxinaka mendi garaiagoak igotzen joan nintzen.

Nola duzu gogoan lehen espedizioa?

Kilimanjaro igo nuen [Tanzania, 5.895 metro], eta, gero, Elbrus [Kaukaso, 5.642 metro]. Konturatu nintzen altuerara ondo egokitzen nintzela, eta itzultzean Cervino [Alpeak, 4.478 metro] eta Mont Blanc [Alpeak, 4.810 metro] osatu nituen. Azken hori eskiekin egin nuen. Hotzaren eta zailtasunaren arteko nahasketa gustuko nuen. Handik gutxira, Nepalera joan nintzen trekking egitera, eta lehen aldiz begien aurrean ikusi nuen Ama Dablam [Nepal, Himalaia, 6.812 metro]. Handik urtebetera eskalatzera joan nintzen.

Goi mendietan nahiko bakarrik ibili izan zara. Zer dela eta?

Mundu honetan sartu eta jendea ezagutzen hasi arte, nahiko zaila da talde bat osatzea. Beti espedizio komertzialekin mugitu izan naiz, inor ez bainuen ezagutzen. Beste aukerarik ez nuela konturatu nintzen. Hasiberria nintzen honetan, eta ez nintzen alpinista tekniko horietakoa.

Oso kritikatua izan zinen espedizio komertzialekin ibiltzeagatik.

Hala da. Lagunek ere esaten zidaten nik egindakoak ez zuela inolako meriturik, espedizio komertzialetan aritzen nintzelako. Baina ez nuen beste aukerarik. Izan ere, berandu hasi nintzen eskalatzen. Ederki etorri zait espedizio komertzialen mundua. Batetik, neure burua ezagutzeko balio izan dit, eta, bestetik, jendea ezagutzeko. Egia da, orain arte egindako bi zortzimilakoak Ama Dablameko talde berarekin egin ditut. Orain, gauza aldatu egin da. Jende asko ezagutu dut, eta gauza ederra izango zen konfiantzazko jendearekin talde bat osatzeko aukera izatea.

Andorran bertan ez al zenuen gertuko alpinistarik espedizio bat antolatzeko?

Goi mendietan ibili den jende askorik ez da egon inoiz. Bada zortzimilakoak egindakoren bat edo beste, baina urte askotan hutsune handia egon da alde horretatik. Egun, Jordi Cornella hor dabil.

Aconcagua (Andeak, 6.962 metro) igo eta gero hasi zinen zortzimilakoetan pentsatzen?

Ama Dablamek erakutsi zidan gauza teknikoagoak egiteko gai nintzela; Aconcaguak, aldiz, altuerara ondo moldatzeko arazo handirik ez nuela berretsi zidan.Orduan pentsatu nuen: «Jendea Aconcaguara joaten bada gero zortzimilakoak igotzeko, zergatik ezin naiteke ni joan?». Probatu egin behar nuela erabaki nuen. Aconcagua igo eta gero, zazpimilako batzuk egin nahi nituen: Lenin Peak [Pamir mendikatea, Kirgizistan, 7.134 metro] eta Komunismo [7.495 metro]. Baina aita gaixotu egin zen, eta dena bertan behera utzi behar izan nuen. Aconcaguatik zortzimilako batera joan nintzen.

Hamalau zortzimilakoak egin dituzten askorentzat Nanga Parbat (Pakistan, Karakorum, 8.125 metro) izan da igo duten azken mendia. Zuretzat, aldiz, lehena izan zen. Zergatik?

Etxean kontatu nuenean, sekulako drama izan zen! Hala ere, beti izan dut argi gauza bat: bi eratako zortzimilakoak daudela. Batzuk espedizio komertzialen kutsua dute erabat, eta besteak bide berrietatik edo oso gutxi erabiltzen direnetatik igotzen dira. Ez nuen mendi komertzialetatik hasi nahi, gustura aritu ezean ziurrenik ez bainintzen berriro ere itzuliko. Garai hartan, Nirmal Purja hamalau zortzimilakoak zazpi hilabetean betetzeko erronka egiten ari zen bete-betean. Lehen ere Ama Dablam haren taldearekin igo nuen. Orduan esan zidan berarekin edozein zortzimilakora joateko gonbidatuta nengoela. Nanga Parbat hautatu nuen, horrelako mendi batean taldea ezinbestekoa delako.

Nola oroitzen duzu espedizioa?

Izugarria izan zen. Beheko kanpalekuan lau edo bost talde baino ez geunden. Haren lantaldea beranduago iritsi zen beheko kanpalekura, eta nik astebete pasatu nuen Ali Sadpararekin. Sekulako tipoa da! Nik aurretik denak ezagutzen nituen, eta horrek ere gauzak asko erraztu zituen. Gailurraren egunean, denak sakabanatuta joan ginen, haiek oxigenoa zeramatelako eta ni gabe nindoalako. Ni baino askoz ere lehenago iritsi ziren gailurrera.

Nirmal Purjari ere bereak eta bi esan zizkioten erronka amaitu zuenean. Nola bizi izan duzu guztia?

Gertutik jarraitu diot haren ibilbideari. Harekin igo ditut bi zortzimilakoak. Denetik esan dute hari buruz, baina uste dut mendia gertutik ezagutzen ez duen jendea izan dela. Alpinistarik ezagunenek esan dute ez dela haien gustukoa izan erronka, ez dutela hura egiteko modua partekatzen. Baina balioa eman diote, zerbait ezberdina izan delako agian. Nik ere ez nuke hala egingo, baina ez dut kritikatzen. Berak egin duen onena zera izan da: taldeari eman diola balioa. Bera oso indartsua da, baina erronka honen oinarria, zalantzarik gabe, taldea izan da. Hark ere badaki hori.

Nanga Parbat igo eta bi hilabete eta erdira, talde berarekin, bigarren zortzimilakoa igo zenuen: Manaslu (Nepal, Himalaia, 8.163 metro). Hura beste kontu bat izan zen, ezta?

Bai, hura eromena izan zen! Nirmal Purjak talde handiagoa zeraman. Bezeroak ziren asko. Everesten ikusi ditugun ilaren antzekoak osatzen dira Manaslun ere. Ez zitzaidan asko gustatu, baina espedizio guztiei alde ona besterik ez diet ikusten. Horretan, jende asko ezagutzeko aukera izan nuen. Nanga Parbaten sufritzea tokatu zitzaidan, egokitzeko denbora gutxiago izan nuelako. Manaslun, ordea, dena mantsoago joan zen, eta erosotasun gehiago izan nituen. Baina argi dut nire lehen zortzimilakoa Manaslu izan balitz ziurrenik ez nintzela berriro zortzimilako batera itzuliko.

Alde handia al dago Pakistango eta Nepalgo mendien artean?

Pakistanera beldur pixka batekin joan nintzen, baina maiteminduta etorri nintzen. Jendea izugarria da, eta ia ez dago turismorik. Nepal beste gauza bat da. Askoz jende gehiago dago leku guztietan,

Oraindik ere ibilbide motza egin duzu mendian, baina beldur handia pasatzea tokatu al zaizu noizbait?

Ezusteko txiki batzuk izan ditut. Baina gehiago izan dira Alpeetako laumilakoetan, Himalaiako zortzimilakoetan baino. Asko kostatzen zait zerbaitek beldurra ematen didala esatea; uste dut oraindik beldurraren nozioa erabat garatu gabe dudala. Oso larri egon behar dut beldurra sentitzen ari naizela esateko. Hala ere, mendian negar egitea tokatu izan zait, uneren batean pentsatu izan dudalako ez nintzela handik aterako.

Aurtengorako erronka polita zenuen pentsatuta: Gasherbrum I (Karakorum, Himalaia, 8.010 metro) eta Gasherbrum II (8.035 metro) jarraian kateatzea. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoerarekin, zertan dago espedizioa?

Maiatzera arteko espedizio guztiak bertan behera gelditu dira, baina ekainekoak oraindik ere zalantzan daude. Ez dakigu zer gertatuko den, eta oraindik ez dut ezer baztertu, baina badirudi dena atzeratu egingo dela. Nazioarteko hegaldiak martxan jartzerako, denbora bat pasatuko dela iruditzen zait.

Talde berarekin egiteko asmoa al zenuen?

Ez, Nirmal Purjak bere enpresarekin jarraitu behar du espedizioak egiten, eta orain dauka dirua irabazteko aukera, zilegia da. Badirudi Broad Peak [Karakorum, Himalaia, 8.051 metro], K2 [Himalaia, Karakorum, 8.611 metro], Manaslu eta Everest [Himalaia, 8.848 metro] egiten saiatuko dela. Nik argi neukan bi mendi egin nahi nituela espedizio berean, eta oraingo honetan ez nuen espedizio komertzial handi bat nahi, baizik eta zerbait txikiagoa, eta azkenean Austriako enpresa batekin joango naiz. Bestalde, neguan jende asko ezagutzeko aukera izan dut, esaterako Jonatan Garcia, eta batera zerbait egiteko aukeran egon gaitezke.

Buru-belarri sartu nahi duzu zortzimilakoen lasterketan?

Bai, ez dut zalantzarik. Mendi guztiek alde asko dituzte, eta ez dago zertan bide arruntetik joan. Ilusio handia egiten dit proiektuak.

Eta zortzimilakoren bat neguan? Gustatuko al litzaizuke probatzea?

Ikaragarri gustatuko litzaidake. Badakit oso-oso gogorrak direla, baina pausoz pauso joan nahi dut. Uste dut etorkizunerako erronka polita izan daitekeela.

Geldialdi honek kalte handia egin diezazuke etorkizunean?

Uste dut baietz. Neguan lan handia egin dut. Oso indartsu sentitzen nintzen, eta egun gutxitan ehunetik hutsera pasatu naiz. Indar ariketa asko egiten ari naiz etxean, baina badakit mendira irtetean dena faltan nabarituko dudala, ez dut zalantzarik.

Gaur egun alpinismotik bizi al daiteke?

Ni orain artean eskiko entrenatzailea izan naiz, eta denboraldian zehar bi edo hiru lan hartzen nituen. Muturreraino egiten nuen lan, ondoren udan mendian galduta ibiltzeko. Aurten, ordea, saiatu egin nahi nuen alpinismoaz bitzen. Autonomo egin nintzen. Bateko babesleekin, besteko hitzaldiekin eta laguntza batzuekin, urtea aurrera neraman. Probako urtea izango zela argi neukan, eta gaizki ateratzen bazen berriro ere lehengora itzuliko nintzela. Oraingo geldialdiarekin, ikusi egin behar nola amaitzen dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.