Hamabi, 77 urterekin

Carlos Soria alpinista espainiarrak Annapurna igo du, eta orain Dhaulagiri eta Shisha Pangma falta zaizkio hamalaukoa osatzeko

Carlos Soria, iazko abenduan Portugaleten. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2016ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
«Menditik erretiratuko banintz, bizitzari agur esango nioke», esan zion Carlos Soria alpinista espainiarrak iazko abenduanBERRIAri. Hamalau zortzimilakoak igotzeko asmoa du, eta igandean lortu zuen hamabigarrena, Annapurna (8.091 metro), 77 urterekin. 2012an eta iaz ez zuen lortu. Soriak (Avila, Espainia, 1939) hamabi zortzimilakoetatik hamaika 60 urterekin baino gehiagorekin igo ditu, «denbora libre gehiago» izan duelako. 65 urterekin hartu zuen erretiroa.

Hamar ordutik gora behar izan zituzten igandean laugarren kanpalekuaren eta tontorraren arteko mila metroko desnibela gainditzeko. Oso eguraldi ona izan zuten, Soriak zortzimilako batean inoiz izan duen onena, haren esanetan. Carlos Martinezekin eta Luis Miguel Lopezekin batera lortu zuen gailurrera iristea.

Shisha Pangma (8.013 metro) eta Dhaulagiri (8.167 metro) falta zaizkio hamalaukoa osatzeko. Annapurna lortuta, berez Dhaulagiri igotzen saiatzekoa zen orain, Annapurnako girora egokitu izana baliatzeko —bi hilabete inguru egin dituzte han—. Bi mendiak igotzeko baimena lortu zuten. Hala ere, beheko kanpalekura jaitsitakoan baieztatu beharko du. Ez dauka behar baino gehiago arriskatzeko asmorik, eta, tontorrera iristeko aukerarik ikusten ez badu, ez dauka arazorik atzera egiteko. Soriak harrotasunez esaten du ez dutela inoiz erreskatatu behar izan.

Zerk bultzatzen du 77 urteko pertsona bat zortzimilakoak igotzera? «Zaletasunak, oso ondo pasatzen dut», erantzun zuen iazko abenduan. «Ni alpinista jaio nintzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.