Haize bortitza etsai

Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak ezin izan dute lortu helburua Gasherbrumen. Bertan behera geratu da WOPeak proiektua

Vallejo, Zabalza eta Iñurrategi, atzo, prentsaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Bilbo
2017ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Bi egun eskas daramatzate Euskal Herrian Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak. Asteazken gauean iritsi ziren Himalaiatik, «triste», ezin izan baitute WOP2017 espedizioaren helburua bete: Gasherbrum I (8.080 metro) eta Gasherbrum II (8.034 metro) mendiak lotzea, estilo alpinoan, kanpaleku nagusira jaitsi gabe eta ohiko ibilbidetik kanpo. Saiatu, saiatu dira, baina eremuan zebilen haize bortitzak ezerezean utzi ditu ahalegin guztiak. Bigarren saiakera, beraz, ustela izan da berriz ere. Iaz ere, Gasherbrumera joan ziren, baina, oraingoan bezala, ezin izan zuten helburua bete.

«Gogotsu eta indarrez geunden helburua lortzeko, baina fisikoki ezinezkoa izan da. Haizea bortitzegia zen», adierazi zuen atzo Zabalzak, espedizioaren nondik norakoak azaltzeko Bilbon emandako prentsaurrekoan. «Etsita eta triste gaude, helburua argia zelako, eta konpromisoa, sendoa».

Aukerarik ere ez dute izan. Bi hilabetez egon dira oinarrizko kanpalekuan mugitu ezinik, baina ez dute «aukerarik» ikusi bidearekin jarraitzeko. Kanpalekuko egonaldian, egun batzuetan euren buruak «engainatu», eta lortuko zutela esan zioten batak besteari, baina «7.000 metrotan orduko 50 kilometroko haizeak egonda, ezinezkoa zen».

Erreskatea, eginbeharrekoa

Azken saioa egin eta gero, hurrengo egunean, Valerio Annovazzi alpinistak beste oinarrizko kanpalekuan hiru egun zeramatzala esan zieten. Hara joatea erabaki zuten, Annovazzi bizirik zegoen ala ez ikusteko. Kanpalekura heldu zirenean, mugitu ezinik zegoela ikusi zuten, eta, hainbat botika eman eta gero, Annovazzi bi hanken gainean jartzea lortu zuten.

Meritu handia da egoera klimatologiko horietan, eta bi hilabeteko nekearen ostean, mendizale bati bizitza salbatzea. Vallejok, Zabalzak eta Iñurrategik, ordea, garrantzia kendu nahi izan zioten egindakoari. «Eginbeharrekoa zen. Gainera, erreskatearen kontuari bueltak emanez gero, badirudi ezkutatu egin nahi dugula porrot egin dugula gure proiektuan. Ez da egia. Kontzientzia garbi dugu, baina triste gaude».

Horren harira, Mikel Iriondo WOPeko arduradunak iragarri zuen bertan behera utziko dutela WOPeak proiektua. «Ez dago gailur altuagorik bizirik jarraitzea baizik. Hurrengo urteetako helburua ezin da izan zortzi milako batean bandera bat jartzea, hiru alpinista hauen balioei segida ematea baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.