Aizkorriko mendilerroaren altzoan jaioa da Mattin Iñiguez Ormazabal (Zegama, Gipuzkoa, 1985). Herriraino bertaraino iristen dira Aizkorriren zainak, mendilerroaren korridoreak eta basoak, eta Iñiguezi ere halaxe sortu eta sartu zitzaion mendizaletasuna: zain horietatik. Txikitatik ohitu zen Zegamatik Aizkorriri behetik begiratzen, eta, zenbaitetan, Aizkorri, Aketegi, Aitxuri edo Arbelaitz tontorretik Zegamari begiratzen. Behetik eta goitik. Mutil kozkor hark, ordea, aldian behin ikusten zituen paisaiari goragotik begiratzen zioten beste piztia batzuk, parapente hegalariak alegia, Murgizelain lur hartzen, eta iltzatuta geratu zitzaion irudia. Horregatik, aukera izan orduko, ikastaro bat egin zuen Urduñan, eta, geroztik, bere bizitza «parapenteari lotuta» geratu zen. Izan ere, parapenteak, hegan egiteak, «mendiarekiko edo naturarekiko oso lotura estua» eman dio.
Parapentearekin hasi eta berehala konturatu zen hego haiek ez zirela tontorrera igo eta herrira jaisteko soilik; parapentearekin luze egin zitekeela hegan. «Lehen hegaldi haietako batean gogoratzen naiz Panticosako eski estaziotik Boltaña ingurura iristea lortu genuela, eta horrek txipa aldatu zidan: honekin bidaiatu egin liteke. Ordudanik, mendiko hegaldiak egitea gustatu izan zait, eta ahalik eta distantzia luzeenak osatzea», jakinarazi du Iñiguezek.
Hasi bazen hasi, ezin konta ahala hegaldi egin ditu, eta arrano begiz ezagutu ditu Euskal Herriko eta Pirinioetako mendiak, bateko eta besteko ibarrak, zintzurrak eta herriak. Urrunagoko mendi handiak ere bai, Alpeak eta Himalaia. 2022an eta 2023an, esaterako, Karakorumen izan zen, duela bi urte Jose Ramon Agirre Marron (Ataun, Gipuzkoa, 1959), mendizale handia eta mendiko parapentean aitzindaria lagun zuela, eta iaz, berriz, Alex Blazquez Billy eta Felipe Tudela lagunekin. Bi bidaietan, munduan diren mendirik ederrenen gainetik egin zuten hegan. «Iaz, Baltoro glaziarraren hasieran aireratu eta egun batetan G-lVraino joan-etorria egin genuen eta beste batean Broad Peakeraino».
Hain urrutira joan gabe, aspalditik beste amets bat zerabilen Mattin Iñiguezek buruan: etxe inguruan nonbait aireratu eta Pirinioetara iristea, «inoiz egin gabeko zerbait». Apirilaren bukaeran Baio ingurutik abiatu ziren zenbait lagun, baina ez zuten lortu. Etsi ere ez zuten egin, ordea, eta maiatzaren 2an, baldintza berezi samarrak zetozela ikusita, beste saiakera bat egitea erabaki zuen Iñiguezek. Egun hartan, inoiz probatu gabeko leku batetik aireratu zen: Artabian (Nafarroa), San Faustoko eskalada hormen gainean dagoen Larraitza menditik, hain zuzen. Mendebalak jotzen zuen. «Euria egiteko eta ekaitza sartzeko arriskua zegoenez, goiz mugitu ginen. Goñerritik eta Artazul gain horretatik barrena, Iruñea igarotzea zen nire asmoa, eta, gero, Agoitz ingurutik Irunberri aldera hartzea; izan ere, Arangoiti aldean hurrengo egunerako baldintza oso onak emanda zeuden, eta lagun batzuekin han hegan egiteko asmoa nuen», azaldu du zegamarrak.
Iruñea igaro zuenean, ordea, lurtar baten begietara atzemanezina izango zen bide bat ikusi zuen airean; berak, arrano begiak izanik, «laino kale bat» begiztatu zuen, Txindokitik hasi eta ia Jakaraino: hodeiak lerroz lerro, bata bestearen atzetik. «Hala, laino batetik bestera saltoka, Agoitz gurutzatu nuen, Burgi gainetik pasatu nintzen, eta, haizea alde, konturatu gabe Jakaraino iritsi nintzen». Berez, lortua zuen hasierako asmoa, etxe ingurutik abiatu eta Pirinioetara iristekoa, baina baldintzak ikusirik, eta «hegaldi potentea» bilaka zitekeela jabeturik, aurrera jarraitu zuen. «Hori da parapentearen magia: ikusten ez den hori irakurtzeko gai izatea. Airea edo haizea ez da ikusten, baina haren ondorioak bai: zuhaitzak mugitzen, txoriek nola egiten duten hegan, lainoek zer forma eta lerratze daukaten... Horrek guztiak airean gertatzen ari denaren informazioa ematen digu», azaldu du Iñiguezek.
«Noraino irits ote naiteke? Noraino eramango nau hegaldi honek?», hasi zen bera buruari galdezka. Atxagak eta Ordorikak mugaz bestaldeko kontaktu bakarrari egin zizkioten 37 galdera haien antzera. Erantzun garbirik ez, baina bazekien, haize boladetan datzala txorien halabeharra. Bazekien, beste poeta batek esan zuen bezala, airean zegoela erantzuna. The answer my friend is blowin in the wind...
Ekaitzak Telera eta Tendenera parean
Maiatzaren 2 hartan mendebaldeko haizeak indarrez jotzen zuen, parapentean segurtasunez hegan egin ahal izateko muga-muga horretan. Eta, aldi berean, ezegonkortasuna ere handia zen. Ekaitz giroa. «Hala, behin Jaka igaro ondoren, kontua serio jarri zen. Telera eta Tendenera mendilerroen inguru horretan ekaitzak sortu ziren, eta ikusten zen mendietan elurra ari zuela. Pare horretan, 40 bat kilometroan, estu samar ibili nintzen». Aire zurrunbiloetatik ihesi eta ekaitzei itzuri eginez, hegoalderantz jo zuen, Boltañarantz.
«Jaka igaro ondoren, kontua serio jarri zen. Telera eta Tendenera mendilerroen inguru horretan ekaitzak sortu ziren, eta, 40 bat kilometroan, estu samar ibili nintzen»
MATTIN IÑIGUEZParapente hegalaria
Hegan doazenean, segurtasun neurri moduan, posizioa igortzen dute mugikorreko Xctrack edo Livetrack24 aplikazioen bidez, eta walkie-talkie modura funtzionatzen duen Zello aplikazioa ere baliatzen dute komunikatzeko. «Hegaldia oso berezia izaten ari zenez, 200 lagun baino gehiago batu ziren une batean, eta jendea animoak ematen hasi zitzaidan, inguruko ibarretan zer baldintza neuzkan jakinarazten. Haizea fuerte zebilela, aurrean ekaitzak neuzkala eta kontuz ibiltzeko esaten...». Izan ere, Peña Montañesa eta Ainsa ingurura arte «estu samar» ibili zen, nahiko baxutik ekaitza saihesteko, eta pare bat aldiz lurretik oso gertu ere egon zen, hegaldia bukatzeko zorian. Peña Montañesa atzean utzi ondoren, ordea, beste termikoa bat hartu eta 3.200 metrora igotzea lortu zuen, lainoen azpialderaino berriro ere. Eta abestiaren oihartzuna etorri zitzaion beste behin: «...ala esan zaidan, haize boladetan datzala txorien halabeharra...».
Hala, Katalunia alderako bideari heldu zion. «Zailtasun handienak egin eta gero jabetu nintzen hegaldia handia izan zitekeela, eta ‘tira, Mattin, hau duk hirea’ esan eta aurrera jarraitu nuen». Kataluniara iritsi zenerako, 8 bat ordu zeramatzan hegan. Maiatza hasiera izanik, artean motzagoa zen eguna, eta iluna gainean, non pausatu pentsatzen hasi zen, hegaztien antzera. «Jakinarazi zidaten, Lleidan, Organya herrian, akrobaziako parapentearen mekan, haizeak ez zuela hainbesteko indarrez jotzen. Hala, han segurtasunez lurreratu nintekeela ikusirik, zuzenean harantz joan nintzen». 300 kilometro pasatxoko hegaldia irten zen. Lekutan zen Nafarroako Larraitza.
Pirinioetan ez da sekula halako parapente hegaldi luzerik egin, lehen aldiz gainditu da 300 kilometroko langa, eta Euskal Herriko errekorra ere izan da. Zenbakiak gorabehera, ordea, Iñiguezentzat «zirraraz betetako» hegaldia izan zen, zirraragarria baita «ekaitzak saihestea, airetan zoazela zailtasunak gaindituz joatea, pare bat aldiz lurretik oso gertu ibili ondoren berriro altuera hartzea, paisaia horiek guztiak hegaldi bakar batean lotzea, etxetik irten eta ia Andorraraino joatea...».