Gozatzen jarraitu nahi du mendian

Atletismoan urte oparo batzuk igaro eta gero, Irati Zubizarreta jabetu zen egiten ari zenak ez zuela asebetetzen. Hala, mendi lasterketetan hasi zen, eta pixkanaka tokia egiten ari da hor ere. Sasoi onean ikusten du bere burua denboraldi honetarako, eta, COVID-19ak egutegia baldintzatuko duen arren, ilusioz eta gogotsu dago.

Irati Zubizarreta mendi korrikalaria, bere herrian, Beasainen, duela egun batzuk. GORKA RUBIO / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Beasain
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Azken urteetan mendiko lasterketen zirkuitura iritsi diren korrikalari askoren antzera ailegatu da Irati Zubizarreta ere (Beasain, Gipuzkoa, 1998). Ordura arte, atletismoko pistan hainbat eta hainbat itzuli emandakoa zen; izan ere, eskola garaietan antolatzen ziren kirol jardueretako bat izan zen goierritarrentzat atletismoa. Mutilen artean igaro behar izan zituen urte asko: «Ni nintzen neska bakarra. Ordurako jada krosean zebilen Elena Calvillo herritarra, eta hura zen niretzat erreferentzietako bat. Urte askotan aritu nintzen buru-belarri atletismoan; pistan, aire librean eta krosean lehiatzen nuen. Nire espezialitatea 1.500 metroko oztopoen lasterketa zen». Urte oparoak izan ziren haiek Zubizarretarentzat. Beste lorpen askoren artean, Gipuzkoako marka ere lortu zuen bere mailan. Onenen artean ibil zitekeela erakutsi zuen atletismoan egon zen urteetan. Jauzi txikiak ematen ari zen denboraren poderioz.

Espainian jokatzen ziren lasterketetan ere hizki larriz idatzita egoten zen haren izena proba gehienak hasi aurretik. Urteko zerrendan ere, bigarren egotera iritsi zen. Baina zorigaiztoko Espainiako Txapelketa batean, lurrera erori, eta erabaki zuen ordura arteko ibilbidea denbora batez albo batera uzteko eguna iritsi zela. «Eroriko hark begiak ireki zizkidan; pista uztea erabaki nuen. Erori nintzenean, konturatu nintzen kirol hark ez ninduela betetzen. Irabazteko nahia besterik ez neukan, eta ez nuen gozatzen. Uda osoa bakarrik pasatzen nuen pistan sartuta. Frustrazioak jota ibili nintzen denbora batean», aitortu du atletismoan ibilitako urte haietaz gogoratuta. Denbora zehatz batzuekin itsututa igarotako urte haietaz ez du oroitzapen onik. Izan ere, egiten ari zen bideak ez zuen asebetetzen. Ez zen erabaki erraza izan, hala ere, pista uztea: «Ordura arte ondoan izan nituen guztien aurka joan nintzen; jendeak ez zuen nahi nik pista uzterik, eta, gainera, talderen batetik ere deitu ninduten hara joateko, baina ezetz esan nien. Handik gutxira, Beasainen jokatzen den Arriarango mendi lasterketan parte hartu nuen. Geroztik, ez naiz pista batera itzuli». Pistan lehiatzeko korrikalari bat galdu zen arren, mendiak ateak ireki zizkion parez pare.

Mendirako grina

Etxean eta ezagunen artean izan zuen estreinakoa Zubizarretak mendi lasterketa batean, 2016an.Beasaingo Arriaraneko auzo txikian jokatzen den lasterketa xumean eman zituen lehen pausoak mendian korrika. Entrenamendurik egin gabe azaldu zen lasterketara, baina hasieratik mendiarekin kateatuta gelditu zen. Lasterketa hura amaituta, garai hartan euskal selekzioko hautatzailea zen Eneko Aliendek segituan eman zion elastiko urdinarekin lehiatzeko aukera. Hautua argia zen: pista uztea eta mendian korrika egiten hastea. «Mundu berri bat deskubritu nuen. Gogoan dauzkat lehen lasterketa hartako sentsazioak: aldapan gora oso gaizki moldatzen nintzen, eta jaitsieratan aurrera egiten nuela konturatu nintzen. Orduan ezagutu nituen, besteak beste, Laida Elizegi, Maria Zorroza...».

Azkar hasi zen emaitza onak pilatzen parte hartu zuen lasterketetan, eta teknifikazioko euskal selekzioan igarotako urteak gogoratu ditu bereziki. Ez zen bakarrik joan teknifikazio taldera, Lide Urrestarazu ordiziarra ere hasi baitzen selekzioarekin entrenatzen. «Niretzat garrantzitsua izan zen Lide ondoan izatea; babesa ematen genion batak besteari. Urte askotan elkarren aurka lehiatzen ibili eta gero, aldi berean utzi genuen pista».

Denbora gutxian Zubizarretaren izena oso ezagun egin zen mendi lasterketetako zirkuituan. Hasteko, Espainiako txapeldun izan zen 2016an eta 2017an, eta, handik gutxira, gazteen mailako munduko txapeldun izatea lortu zuen; Comapedrosan (Andorra) jokatu zen txapelketa hura. Bertan lortutako garaipenak ez zion egunerokotasunean aldaketa handirik ekarri, baina bere buruarengan gehiago sinesteko balio izan zion. Gazteentzako prestatuta zegoen taldea bertan behera uztea erabaki zuen, ordea, Euskal Mendi Federazioak, eta aukera berrien bila hastea tokatu zitzaion Zubizarretari.

Mendi lasterketetan lortutako garaipenek marka handien eskaintzak ekarri zizkioten goierritarrari. «Hainbat markaren eskaintzak jaso nituen, baina azkenean La Sportivara joatea erabaki nuen. Eskaintza ona egin zidaten, gehienbat bidaiatzeko aukera handia ematen zidatelako, eta haiek ez zidaten beste munduko ezer eskatzen. Orduan oraindik ere ez neukan Instagram konturik, eta bat egitea izan zen eskatu zidaten gauza bakarra». Korrikalari gazte askok osatzen dute gaur egun oraindik Italiako taldea, eta, gauza guztien gainetik, bertan dagoen giroa azpimarratu du Zubizarretak. Haiekin taldean ibiltzeak ematen dizkion onurak ere ez ditu ahaztu, eta eskertu egin du jasotzen duen babesa. «Taldean egoteak onurak besterik ez dizkit ekarri orain artean. Eskerrak ematea besterik ez dut Ferrino, Ultimate Direction eta Alpina bezalako babesleei».

Hala ere, berriro ere euskal selekziora itzultzearekin amesten du: «Berriro selekziora itzultzeak izugarrizko ilusioa egingo lidake.2018an egin nuen azken lasterketa selekzioarekin, eta etorkizunean berriro ere lehiatzeko aukera izatea espero dut». Horretarako segituko du lanean.

Emakumeen kopuru urria izan da urte askotan mendi lasterketetan. Zubizarretak, ordea, ez du egoera horren gaizki ikusten Euskal Herrian behintzat. «Lasterketetan gero eta emakume gehiago dabilela esango nuke. Etorkizunean, iruditzen zait kopurua goraka joango dela; are gehiago, iruditzen zait atletismotik mendira gero eta emakume gehiagok egingo duela jauzia. Azken adibidea Sara Alonso izan daiteke». Emakume gehiago erakartzeko, berriro ere euskal selekzioa izan du hizpide, eta, horretarako, adibidea ere argi azaldu nahi izan du. «Iruditzen zait oso garrantzitsua izango litzatekeela berriro ere gazteentzako teknifikazio taldea izatea, horrek korrikalari gazteei sarrera erraztuko liekeelako gehienbat».

Prestakuntzan oso metodikoa da Zubizarreta. Entrenatzailearen aginduak bete zalea dela dio, eta elikadura asko zaintzen duela. Begetarianoa da gaur egun, orain urte batzuk beganoa izan bazen ere. Kirolari batentzat beganoa izatearen zailtasunak azpimarratu nahi izan ditu. Beganoa eta kirolaria izatearen «arriskuak» gertutik sentitzen hasi zen: errendimendua jaisteko eta hilerokoa galtzeko aukera handiak izan zitzakeela sentitu zuen. «Ez nuen elikadura bizitzaren arazoetako bat izaterik nahi. Ezinbestean, beharrezkoa ikusten zuen batez ere nutrizionista baten laguntza izatea. Lanak pilatzen zitzaizkiola ikusten hasi zen egunerokoa eta kirola uztartzeko garaian. Aldaketa hortik etorri zela aurreratu du gaiaz sakontzen hastean. «Gaur egun ez da batere zaila begetarianoa izatea: ez dugu haragirik jaten, baina esnekiak, gazta eta arrautzak jateko aukera dugu». Ondo moldatzen da horrela.

Urte erabakigarria

2020ko denboraldia urte garrantzitsua izatera zihoan Zubizarretaren kirol ibilbidean. Horretarako prestatu zuen urtea, baina, pandemia iritsi zenean, asmo guztiak bertan behera utzi behar izan zituen. «Pandemiagatik itxi baino astebete lehenago jokatu nuen Igoera Bertikaletako Espainiako Txapelketa, Jaenen [Espainia]. Etorkizuneko korrikalarien mailan, bigarren egin nuen sailkapenean. Oso pozik amaitu nuen. Lesio batetik atera berri nintzen, eta oso entrenamendu gutxi eginda iritsi nintzen. Asko motibatu ninduen horrek, baina handik astebetera etxean sartu gintuzten», gogoratu du Zubizarretak. Hala ere, ez du oroitzapen txarrik pandemiagatik. Familiakoek mendian duten txabola batean dituen zakurrei bisitak egiteko aprobetxatu zituen egun asko. Horretaz gain, modua izan zuen korrika egiteko zinta bat eskuratzeko, eta haren gainean entrenatzen igaro zituen ordu asko.

Unibertsitateko azken urtean sartuta egonik, ikasteko ere baliatu zuen denbora. Buru-belarri ekin zien ikasketetako azken hilabeteei, eta horrek ere bere saria izan zuen. Halaber, uda iristearekin batera, azken urteetan mendiko lasterketengatik egiterik izan ez zituen hainbat gauza egiteko ere hartu zuen denbora. «Izaban [Nafarroa] jokatzekoa zen Espainiako Lineako Txapelketa nuen buruan. Oso ondo prestatu, eta ahalik eta emaitzarik onena lortu nahi nuen. Baina hura ere ez zen jokatu, eta udako asmoak aldatu behar izan nituen».

Uda izan da azken urtetan denboraldiko urtarorik gogorrena Zubizarretarentzat. Iazkoa, ordea, zeharo ezberdina izan zen. «Urte askotan Munduko Txapelketak jokatzeko aukera izan dut udan; iaz, berriz, bikotekidearekin eta lagunekin Pirinioetara joateko aukera izan nuen. Oinez kilometro asko egin nituen. Bikain etorri zitzaidan».

Baina lehiatzeko aukera ere izan du. Azken hilabeteetan, Ordizian jokatzen den errepideko Josetxo Imaz lasterketa eta Abaltzisketan jokatutako Aralarko mendi maratoi erdian hartu du parte. Lehiatzeko «izugarrizko gogoa» zeukala aitortu du, eta gustura aritu dela.

Aurtengorako ere «gogotsu» eta «motibatuta» dagoela berretsi du, denboraldi berriaz galdetuta. COVID-19ak baldintzatuko du aurtengo egutegia ere, baina erronkak eta helburuak ondo finkatuta dituela nabarmendu du. Bere azken urtea izango da Gazteen mailan, eta onena ematen saiatuko da urte erabakigarri honetan. «Kros denboraldia bertan behera gelditu denez, elurretako lasterketak egiteko gogoa daukat». Horretarako prestatzen hasi zen, eta oraingoz lasterketa pare batean parte hartzeko asmoa du. «Espainiako Txapelketa jokatu nahi nuen Sierra Nevadan, baina dortsalak hamabost minutuan agortu ziren, eta kanpoan geratu naiz».

Neguan elur gaineko Espainiako Kopan egin nahi duen ahaleginaz gain, udaberriarekin batera hasiko diren mendi lasterketetako Espainiako Txapelketak ditu begiz jota. Maiatzaren 1ean eta2an jokatuko dira bi txapelketak, bertikaletakoa eta lineakoa, Jaenen. Inoiz ez bezala prestatzeko saiakeran murgilduta dago. «Urte polita izatea espero dut. Ikasketak ere amaitu ditut, eta etxean egoteak aukera paregabeak sortzen dizkit ondo entrenatzeko. Aspaldiko urteetako entrenamendurik onenak egiten ari naiz negu honetan, eta horrek esperantza ematen dit denboraldi honetarako. Emaitzez gain, mendiaz eta naturaz gozatzea da garrantzitsuena, eta horretan egin nahiko nuke ahalegina momentu honetan».

Hankak lurrean ditu Zubizarreta korrikalari gazteak, eta orain arte lortutakoari balio erantsia ematen saiatuko da datozen urteetan ere. Atletismoan hizki larriz idatzi zuen bere izena, etahala egin nahi du mendi lasterketetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.