Etxera bidean dira Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejo, Euskal Herrira iristeko irrikan. Astelehenean bete zuten Antartika itsasotik itsasora hego polotik pasatuta eta autonomia osoarekin zeharkatzeko erronka: 55 eguneko zeharkaldia, 3.400 kilometroko ibilbidea eta zero azpiko 45 gradu arteko tenperatura. Azken egunak Union Glaciarreko basean egin dituzte —Antartikako sarbideetako bat da hori—, eta atzo iritsi ziren Punta Arenasera (Txile). Ongi bidean, igandean edo astelehenean iritsiko dira Loiura. Antartikan bizitakoak ekarri ditu lerrootara Iñurrategik.
Zer diozu azken bi hilabeteetan bizitakoez?
Esperientzia berria izan da guretzat, oso aberasgarria. Ez da erraza izan, luzea egin zaigulako eta sufritu egin dugulako, baina gogobete gaituen espedizio bat izan da. Bukatu dugun moduan bukatuta, pozik egoteko moduan gaude.
Gustura hartuko zenuten Union Glaciarreko babesa eta epela...
Bai, baina etxera itzultzeko desiratzen gaude, egonean luze egiten direlako egunak. Uda da Txilen eta sasoi indartsua da turismorako. Jende asko dabilenez, ez zaigu erraza egiten ari hegaldiak lotzea.
Antartikan baldintza gogorrak izango zenituztela jakin bazenekiten. Zer egin zaizue gogorrena?
Egunero izan dugu zerbait: haize falta ez zenean, sastrugi-ak —haizearen eraginez elurretan eta lurzoruan sortutako desorekak—; sastrugi-ak ez zirenean, hotza... Eguna joan eta eguna etorri sekulako tentsioa eragin digu horrek. Kometek indar handia eskatzen dute, eta sastrugi artean kometekin ibiltzeak arrisku handia dauka; adi egon behar zen eta tentsioa eragin digu horrek, eta hainbeste egunetan tentsio horri eutsi beharra gogorra egin zaigu. Bitxia bada ere, nekea sentitu nuen aurreneko eguna Union Glaciarren geundenekoa izan zen, zeharkaldia bukatuta; tentsioa gainetik kentzeak eragin zidan nekea, lasaitzeak.
Sastrugi-ak bertatik bertara ezagutu dituzue. Hori izan al da zeharkaldiko ezusterik handiena?
Bi ezusteko aipatuko nituzke: sastrugi-ak hainbeste kilometrotan aurkitzea, batetik, eta hotza, bestetik. Sastrugi-ena ikaragarria izan da. Bagenuen haien berri, baina ez genuen uste hasieratik bukaerara sastrugi artean ibiliko ginenik. Lurmutur Hirian aurreratu ziguten negua berezia izan zela Antartikan, ekaitz handiak izan zirela eta haien ondorioz sastrugi handiak sortu zirela. Ez genuen berehalakoan pentsatu, ordea, zeharkaldia kalbarioa izango zenik. Elur oneko egunak gutxi izan ditugu.
Antartikako hotzarekin ere ezustea hartu al duzue?
Hain tenperatura baxurik ez genuen espero. Mikel Antartikan eskalatzen egona zen, eta ez zuen hainbesteko hotzik gogoratzen. Goi ordekan 3.000 metrora pasa genituen egunak ikaragarri hotzak egin zitzaizkigun. Hankak ez genituen sentitzen Juanek eta biok, eta beldurra ere sartu zitzaigun.
Tenperaturarik hotzena zenbatekoak izan duzue?
Zeropetik 45 gradukoa, baina gauza bat da tenperatura eta beste bat sentsazio termikoa. Altuera galdu ahala hotza baretuko zela pentsatzen genuen. Baina, gorputzeko grasa galtzen joan garelako edo, Hercules badiara iritsi bitartean hotz handia pasa dugu.
55 egunez hirurak bakarrik, paisaia antzekoa, jan-edana berdina... Nola egin diozue aurre egunerokoari?
Baldintzek lagundu ez dutelako egin zaigu monotonia gogorra. Buffet batean oporrak egitearen parekoa da; buffet-a ona denean gozatzeko modua izaten da, baina halamoduzkoa bada, bigarren egunerako nekatzen da bat. Antartikan Groenlandiako baldintzak izan bagenitu gozatu egingo genukeen, monotonoa izanagatik azkarrago mugituko ginatekeelako. Antartikan gozatzeko ez dugu aukerarik ia izan. Helmugara iritsitakoan hartu genuen atseden; kometarik atera beharrik ez, haizeak nondik joko zuen begiratu beharrik ere ez...
Zein izan duzue egunerokoa?
Goizeko bostetan jartzen genuen sukaldea martxan, eta pare bat ordu behar izaten genituen kometak prestatzeko. Haizeak horretarako aukera ematen zuenean kometari eragin eta ez zuenean oinez edo eskiekin aurrera jarraitu eta kilometroak pilatzea genuen helburua. Hamar edo hamabi orduko saioaren ondoren denda muntatu, afaria prestatu eta zakura lotara sartzen ginen.
Ahalegin horri aurre egiteko ezinbestekoa da erregaia. Zein zenuten eguneko menua?
Ondo gosaltzen genuen; 1.500 bat kaloria hartzen genituen: gurina, irasagarra eta gailetak, ahi eta zereal nahaskia, kafea eta mahatsak. Egunean bi edo hiru geldialdi egiten genituen, te beroa edan eta fruitu lehor batzuk jateko, eta arratsaldeko seiak aldera, afaria. Union Glaciarren, etxean bezala elikatzen hasi ginen, eta bi hilabetean jan eta edan ez genuenera joaten zitzaizkigun begiak: fruta, berdura, ardoa... Dutxa bat ere hartu genuen.
Maud Erreginaren Lurraldean eskalatu ez izana izan da, akaso, zeharkaldiko orbana?
Pena eman digu, baina aukeratu beharra genuen. Izan ditugun baldintzak kontuan hartuta eta eguraldi iragarpenak tarteko, ez eskalatzea erabaki genuen. Helburu nagusia zeharkaldia zen; eskalada, berriz, osagarria, gustuko osagarria izan arren.
Mendian bezain gustura izan al zarete Groenlandiara nahiz Antartikara egindako espedizioetan?
Biekin gelditzen naiz ni; ez daukat inolako damurik. Egin dugun zeharkaldia aberasgarria iruditu zait, eta Himalayarekin oraindik ez nago nekatuta. Hara itzultzeko esperantza badaukat oraindik ere. Erabat espedizio desberdinak dira, ezin dira konparatu, baina egia da Himalayako esperientzia ikaragarri baliagarria izan zaigula Antartikan. Espedizio polarretan ibili gabeak ginen gu, eta Himalayan pilatu dugun esperientziarik gabe hanka sartze handiak egingo genituen Antartikan. Esperientzia desberdinak dira, baina osagarriak izan ditugu.
Mendia. Antartikako zeharkaldia. Alberto Iñurrategi. Alpinista
«Gozatzeko aukera gutxi eman digu Antartikak»
Astelehenean bukatu zuten Antartikako zeharkaldia, eta atzo iritsi ziren Punta Arenasera, Txilera. Ongi bidean, iganderako edo astelehenerako etxera iritsi nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu