Ezarian. Mendia. Juanjo San Sebastian. Idazlea eta mendizalea

«Gozarazten gaituen orok sufriaraz dakiguke»

Bosgarrenez berrargitaratu dute San Sebastianen 'Cita con la cumbre' liburua. Adiskidetasuna eta zoritxarra ditu ardatz.

Adrian Garcia.
Bilbo
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Juanjo San Sebastian mendizaleak (Bilbo, 1955) betidanik izan du gustuko idaztea. 2000. urtean argitaratu zuen lehen aldiz Cita con la cumbre liburua (Gailurrarekin hitzordua). Mendiarekiko zaletasuna nola piztu zitzaion kontatzeaz gain, mendian izandako abenturak eta esperientziak jaso zituen liburuan. 1994an K2an jazotako ezbeharrak kontaketaren atalik garrantzitsuenak hartzen ditu. San Sebastian eta Atxo Apellaniz espediziokide eta adiskidea tontorretik bueltan zetozela, elur jausi batek harrapatu eta bi gau dendaz kanpo igaro behar izan zuten, 8.000 metroko altueran. San Sebastian ozta-ozta irten zen bizirik. Apellaniz beherako bidean zendu zen. Igaro diren urteak emandako distantziarekin, indar handiz kontatzen ditu San Sebastianek mendi hartan gertatutakoak.

Zergatik erabaki zenuen liburua idaztea?

Azkeneko espedizioan, Gyala Eri mendian, telefono satelitea genuen, eta Sebasek [Sebastian Alvaro]deitu zidan liburuarena proposatzeko. Idaztearen kontua betidanik gustatu izan zait, baina beti beste baterako utzi izan dut. Proposamena mendian nengoela etorri zenez, hemen ez neukan denbora aprobetxatu nuen idazteko. Hona bueltatu nintzenerako zatirik garrantzitsuena idatzita nuen.

Asko kostatu al zitzaizun bizitzako une gogor hori paperera eramatea?

Oso ariketa polita izan zen. Baita gogorra ere. Askotan malkoak ateratzen zitzaizkidan idazten ari nintzela, garai hura eta hango ordu larriak freskotasunez gogoratzen nituen eta. Pentsamendu ariketa polita izan zen, neure buruari egiteko nituen galdera askori erantzuna bilatzen saiatu bainintzen. 1994ko ezbeharra gertatu zenetik, sei urte pasatu ziren liburua idatzi arte. Sei urtek ematen dute gauzak ondo finkatzeko denbora.

Liburuan mendizaletasun urte horien balantzea egiten duzu. Nolakoa da balantze hori? Eman dizun baino gehiago kendu al dizu mendiak?

Ez, ez. Nik beti esaten dut mendiek zentzua ematen dietela bizitza askori, eta kentzen duten baino bizitza gehiago ematen dutela. Benda guztiak eskuetan nituela [izozketen eraginez] jendeak galdetzen zidan ea merezi izan zuen horrek guztiak. Galdera horri erantzun egokia emateko sufritutako eta gozatutako guztia balantza batean jarri behar duzu. Nik neronek uste dut, eta bizia mendiari eman diogun guztiok ere hala pentsatzen dugula nago, askoz indar handiagoa dutela momentu onek txarrek baino. Horrelako espedizioetara joaten zarenean, aldez aurretik dakizu ezbeharren bat gerta daitekeela. Bizitzak berak erakusten dizu hori: gozarazten gaituen orok sufriaraz dakiguke. Bizitzan dena pakete banaezin bat bezala datorkigu, heriotza barne.

Lau aldiz saiatu zara K2 igotzen. Nolako harremana izan duzu mendi horrekin?

Lehenbiziko espedizioan, 1983an, gailurra lortuko genuela erabat konbentzituta atera ginen. Ez genuen igo, eta, gainera, oso esperientzia txarra eduki genuen hango jendearekin. Espediziokideen artean ere giro txarra zegoen, eta eguraldiak ez zuen lagundu. Itzuleran Pakistanera berriro ez ginela bueltatuko zin egin nuen, nahiz eta orduz geroztik beste sei aldiz itzuli naizen. Bigarren aldian, pakistandarrei buruzko iritzia erabat aldatu zitzaidan, eta egun guztiz maiteminduta naukate. 1989. urtean eginiko saioan obsesio apur bat egon zen, jaitsitakoan berriro igotzeko baimena eskatu baikenuen. Urte horretako esperientzia oso txarra izan zen alde guztietatik, eguraldiagatik, taldeagatik eta saiatu genuen bideagatik. Horrek K2rekiko sentitzen nuen amodioa hautsi zuen. Orduan pentsatu nuen K2 nire planetatik kanpo geldituko zela. Lehen aldiz K2 igotzea proposatu zidatenean 28 urte nituen, eta ez nuen ezetz esateko aukerarik izan. 1994an banuen ezetz esateko aukera, ez bainengoen K2az maitemindurik. Baina nire mendiko betiko adiskideak zihoazen, eta sentitu nuen K2 nire historiaren parte zela, eta historia horren amaieran egon nahi nuela.

Hil ala biziko momentuetan, 8.000 metroko altueran, erabaki garrantzitsuak hartu zenituen. Nola hartzen dira erabaki horiek?

Askorik pentsatu gabe. Horrelako altueran anestesia baten eraginpean biziko bazina bezala sentitzen zara. Ez duzu gehiegi sufritzen; mina ere ez duzu hemen behean bezala sentitzen. Tontorrera iristean ez duzu inongo pozik sentitzen, ez duzu ezer sentitzen. Ondoren, kanpaleku nagusira ailegatzean sentitzen dira gauza horiek guztiak, izozketak, heriotzak dakarren tristura... Goian erabat murriztuta zaude fisikoki, baita psikologikoki ere. 8.000 metrora dagoen oxigenoa hemen dagoenaren %30 da, eta zeuk ere ehuneko horretan funtzionatzen duzu. Erabakiak hartzeko gaitasuna ez da berdina. Hurrengo pausoan bakarrik pentsatzen duzu. Nik momentu hartan Atxorekin bueltatu behar nintzela nuen buruan. Harrigarria bada ere, Atxo hilda zegoela konturatu nintzenean ez nuen inongo ezustekorik hartu. Hori besterik gerta zitekeela uste nuen, nahiz eta horren kontra borrokatu. Orduan pentsatzen duzu bizitzan egindako gauzarik garrantzitsuenek ez dutela ezertarako balio, nahiz eta egia ez izan.

Zeure semeak esango balizu zortzimilako bat igo nahiko lukeela, zer esango zenioke?

Egun gauzak dauden moduan beste edozein menditara joateko aholkatuko nioke. Mendia ardura, bakardadea, konpromisoa da. Mendizalea egin nintzen, inor ez zelako mendira joaten. Haren erabakia izango balitz, ez nioke ezetz esango. Egiten duena egiten duela grinarekin eta pasioarekin egin dezala esango nioke, hori baita gizaki egiten gaituen elementu nagusia.

Nola ikusten duzu oraingo mendizaletasuna? Zortzimilakoen mitoak ez al du pisu handiegia?

Everest betiko Everest izan daiteke atzera, jende asko joaten ez bada. Zortzimilakoaren arabera gertatzen da hori. Kangchenjungara bazoaz, ziur bakarrik egongo zarela. Zortzimilako guztiak ez dira zaku berean sartu behar. Egun Everesten gertatzen dena ez zait gustatzen. Bakoitzak ikusiko du zer egin, baldintza horietan joateari nik ez diot inongo erakargarritasunik ikusten.

Mendian dagoen lehiakortasunak ez al dio mendizaletasunari kalterik egiten?

Mendia ez da lehiaketa bat. Hala ere, ez dugu geure burua engainatu behar. Messnerrek Kukuczkak baino lehenago egin nahi zituen zortzimilakoak. Nik eskalatzen nuen garaian, nire lagun batek egindako bide batetik nindoala hark igotzen emandako denbora baino lasterrago igotzen saiatzen nintzen. Baina hedabideek gauza horiei balioa ematea ez da ona. Ez du axola nork egin duen lehena. Nola da egin beharreko galdera. Gure gaztetako ereduak 70eko hamarkadako ingelesak ziren. Egun Himalayan errepikatzen diren balio handiena duten bideak aspalditik egin zituzten haiek.Horrek ematen digu orain egiten ari denaren neurria.

Espedizioetarako babesleak topatzeko nahiko arazo izan zenituzten. Horrek erakusten al du goi mendizaletasuna eliteko kirol bat dela?

Liburuan ere aipatzen dut behin baino gehiagotan damutu nintzela diru laguntzak eskatzeaz. Horrek hartu nahi ez genituen konpromisoak hartzera behartu gintuen. Behin barruan sartzen zarela konturatzen baitzara baldintza horietan ez zenuela hori egin nahi. Hasierako garaietan ezin nuen horrela jokatzea saihestu. Nik mendi jakin batera joan nahi nuen, eta diru laguntzak eskatzen nituen joan ahal izateko. Zortzimilakoen sukarra pasatu zitzaidanean konturatu nintzen planteamendu okerra zela. Egin beharreko gauza da zenbateko aurrekontua duzun ikusi, eta horren arabera proiektu polit bat egiteko burua eta imajinazioa erabiltzea. Proiektu oso erakargarriak bila ditzakezu poltsikoan duzun diruarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.