Felipe Uriarte
FUJI SAN-ETIK GOSAIKUND-ERA

Gosaikund laku sakratuak

2024ko azaroaren 13a
05:00
Entzun

Makarroi platerkada sabelean, astuna egin zaigu Lauribinatik Gosaikund laku sakratuetarainoko bidea. 108 laku omen daude. Hiru ospetsuenak: Saraswati, Bharavi eta Gosainkund. Azken honetan dute beren egoitza Xiva eta Gauri jainko hinduistek. Kondairak dio, jainko maltzurrek pozoia sortu zutela, eta mundua salbatzeko, Xivak, pozoia edan egin zuela. Egarri handiz, bere hiruhortzarekin harkaitzean joz, ura sortu zuen egarria asetzeko. Budistentzat ere sakratuak dira laku hauek, eta VIII. mendeko Guru Rimpocheren maisu budistaren espiritua hemen dabilela sinisten dute. Milaka nepaldar eta indiar erromes heldu dira euri garaian, uztailan eta abuztuan, bainu iniziatikoak hartzera.

Landetxeko nagusiak estufa piztu duenean, ikaragarri poztu gara, hotza hezurretan sartuta baikenuen. Estufaren goxotasuna ospatzeko Gorka markako garagardo pare bat zabaldu dugu. Emakumezko saddhu bat dugu ondoan eserita.

Saddhu-ak guztiari uko egin eta betiko erromesaldian egiten dutenak dira; sarri, erlijio-praktika bakarti batean bizi dira, basoan edo haitzulo batean.

Gosaikund aintzira, Nepalen
Gosaikund aintzira sakratua, Nepalen. FELIPE URIARTE

Garraitzaileek, isiltasunean eta errespetuzko keinuekin entzuten dute haren hitz jarioa. Ondoan eserita dudan Ngima Kantzak, ez dio inolako sinisgarritasunik erakusten, eta barre txikiak egiten ditu. Gauza askotan ezberdintzen dira egun xerpak eta garraitzaileak. Xerpak, goi mendiko gidari izanik, sonaz zein soldataz, goragoko gizarte mailan daude beheko zamaketariak baino. Eta horrek harrokeria puntu bat ekarri die xerpeei. Modernoagoak ditugu; eta horra hor Ngimaren barrearen arrazoi ezkutua.

Hurrengo goizean, Lauribina mendatetik (4.610 m) aukera dugu paisaia ikusteko; eta ohartu gara, agian santuak izateagatik, Xivak, Gaurik eta Rimpochek, ederki jakin izan zutela eternitatea non igaro aukeratzen.

Ghopte 3.430 M, Helambu
2024ko urriaren 29a

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.