Mendia. Mendi lasterketak

Gorbeia Suzien arrakastatsua

Gorbeia Suzien Eguzkilore sariarekin bukatu da aurtengo mendi lasterketen Euskal Kopa. Hassan Ait Xau eta Aitziber Ibarbia izan dira txapeldunak, hainbat lasterketa irabazita.

Oihana Kortazar Gorbeia Suzien Eguzkilore sarian, mendian gora. GORBEIA SUZIEN.
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Gorbeia Suzien Eguzkilore sariak eman dio amaiera 2012ko mendi lasterketen Euskal Kopari. Seigarren eta azken proba izan da aurreko larunbatean Zeanurin jokaturikoa. 365 korrikalarik hartu zuten parte lasterketan, baina ez ziren Gorbeia mendiaren paisaiaz gozatu zuten bakarrak izan. Antolakuntzak martxa bat ere antolatu zuen. Bertan, 478 pertsonak parte hartu zuten. Ingurunea babesteagatik izen emateen kopurua mugatua izan zen. «Azken egunetan Internet bidez martxarako izena eman zuten pertsonen kopurua asko hazi zen, eta muga bat jarri behar izan genuen; batetik, gure baliabideak mugatuak zirelako, eta, bestetik, Gorbeia parke naturala izanik ez zelako komenigarria jende multzo handiegiaelkartzea», adierazi du Iñigo Iruarrizaga, antolakuntzako kideetako batek. Eguraldiak ikusle, ibiltari eta korrikalariei mendiaz gozatzeko abagune ederra eskaini zien. «Lasterketa egunean primerakoa izan zen eguraldia, baina aurreko bi egunetan egindako euriteek asko zaildu zuten antolakuntzaren lana».

Ionut Zinca korrikalari errumaniarrak irabazi zuen gizonezkoetan. 28 kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten nagusiek, 1.980 metroko desnibelarekin. Zeanurin eman zioten hasiera probari eta Zaburu eta Arrabatik igaro ostean, Gorbeiako gailurrera igo ziren parte hartzaileak. Jaitsieran, Mairuelegorreta, Zenigorta eta Lanbreabe igaro zituzten. «Gaur egun erabiltzen ez diren antzinako bide asko daude Gorbeian, eta horiek garbitu eta egokitu ditugu lasterketa egiteko», adierazi du Iruarrizagak.

Zinca hasieratik nagusitu zen lasterketan. Azken zatian ikusleen animo ugari jaso zituen, bi ordutik beherako denbora lortuz gero banatuko zen 200 euroko sari gehigarria baitzuen jokoan. Azkenean, bi ordu, 29 minutu eta 38 segundo behar izan zituen ibilbidea amaitzeko. Oso lasterketa gogorra izan zela adierazi zuen Zincak proba bukatutakoan. Hassan Ait Xau izan zen helmugara iristen bigarrena. Horrela, Euskal Kopako garaile bihurtu zen. Jokatu diren sei probetatik bi irabazi ditu Ait Xauk eta beste bietan bigarren sailkatu da. Javi Olabarrik bete zuen podiumaren azken koska Gorbeiako proban. «Irten ziren parte hartzaileetatik ez zen ia inor erretiratu; deskalifikazio bat edo beste izan zen, kamiseta ez erabiltzeagatik, baina gainontzekoan denek amaitu zuten ibilbidea», dio Iruarrizagak.

Emakumeei dagokienez, Oihana Kortazarrek irabazi zuen. Bera zen proba irabazteko hautagai nagusia, eta ez zuen hutsik egin. Tripako arazo batzuk zirela medio, ezin izan zuen lasterketaz gozatu, baina, hasieratik nagusitu zen. Hiru ordu, sei minutu eta 25 segundo behar izan zituen ibilbidea amaitzeko. Maite Maiora eta Aitziber Ibarbiak osatu zuten podiuma, hurrenez hurren. Ibarbia izan da Euskal Kopako txapelduna, sei probetatik hiru irabazita.

Martxan parte hartu zutenak korrikalariekin elkartu ziren ibilbidearen hainbat tokitan, eta elkar animatzeko aukera izan zuten. Korrikalari eta ibiltariak Gorbeian zehar zebiltzan bitartean, Zeanurin rokodromoan eta slackline egin ahal izan zuten gainontzekoek. Mendiko materiala erosteko aukera ere izan zen azoka txiki batean. Indarberritzeko, 700-800 pertsona inguruk bazkaldu zuten herriko plazan sari banaketa eta zozketen ostean. «Herritar talde batek prestatu zuen bazkaria eta korrikalari eta ibiltari guztiek izan zuten bertan bazkaltzeko aukera», esan du Iruarrizagak.

Joko Alai mendi taldeak Zeanuriko Udalaren laguntzaz antolatutako lehen mendi lasterketa izan da aurtengo Gorbeia Suzien Eguzkilore saria. «Ilusioa eta maitasun handia eduki dugu Gorbeia Suzien Eguzkilore saria antolatzeko orduan, eta uste dut gertutasun hori probaren egunean nabaritu zela», dio Iruarrizagak, «herritarren borondatezko lana da azpimarratu beharreko beste puntu garrantzitsuena; haien laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke horrelako jardunaldi bat aurrera eramatea». Federazioak oso balorazioa ona egin du probaz, eta antolatzaileek datorren urtean ere antolatzeko asmoa agertu dute, baina, Gorbeia parke natural babestua izanik, ondo aztertu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.