2021eko mendiko eskiaren egutegian gorriz markatuta zegoen ekitaldi nagusia jokatu da Arinsalgo (Andorra) eski estazioan, bost egunez. Pandemiagatik ezohiko munduko txapelketak izan diren arren, kirol honek azken urteetan izan duen gorakadaren isla izan dira. Lau diziplina jokatu dituzte: esprintak, erreleboak, bertikala eta banakakoa. Egunean diziplina bat jokatuz, eskiatzaileek aukera izan dute euren onena erakusteko, hainbeste denboran entrenatzen ibili ondoren.
Nahia Quincoces: «Munduko txapelketok azkenak izan dira niretzat»
Olinpiar Jokoetarako bidean dagoen kirol hau jauzi handi eta etengabeak ematen ari da azken hamarkadan, eta eskiko beste modalitate batzuetatik dator jendea mendiko eskira. Teknifikazio zentroek lan etengabea egiten dihardute, eta gazteak inoiz baino indartsuago ikusten dira elur gainean.
Iñigo Martinez de Albornoz: «Txapelketetan behar izaten den zortea falta izan zait»
Historian lehenbizikoz, hiru euskaldun izan dira munduko onenekin lehian: Nahia Quincoces, Iñigo Martinez de Albornoz, eta Igone Campos. Lehen biak eskiatzaile ohikoak izan dira nazioarteko txapelketetan azkeneko urteotan; Camposek, baina, estreinakoa izan du Andorran. Ahalik eta mailarik onena ematen saiatu diren arren, helburuak guztiz bete gabe itzuli dira berriro ere Euskal Herrira.
Igone Campos: «Arantza txiki bat gelditu zait»
Txapelketetako izarrik distiratsuena Axelle Gachet Mollaret (Annecy, Frantzia, 1992) izan da. Azken urteetan mendiko eskiak eman duen eskiatzailerik onenetariko bat da, eta urrezko bi domina eta zilarrezko beste bat eskuratu ditu; iazko abuztuan ama izan zen, eta sei hilabete eskasean itzuli da txapelketen gorenera. Munduko txapelketen egutegian zeuden bi probarik gogorrenetan, bertikalean eta banakakoan, aurkaririk gabe gelditu zen lehen igoera hasi orduko. Munduko eta Europako hainbat txapelketa irabaziak ditu, eta bere curriculuma luzatzen jarraitzeko asmoa dauka hurrengo urteetan. Bi proba nagusietan gertuen izan duen eskiatzailea Tove Alexandersson suediarra izan da. Mendian korrika ere bikain moldatzen da eskiatzaile hori, eta beste bi domina irabazi ditu.
Gachet Mollaretez gain, suitzarrak eta italiarrak izan dira eskiatzailerik nabarmenenak Andorran. Gizonezkoetan, Robert Antonioli (Sondalo, Italia, 1990) beteranoa izan da txapelketetako beste izarretako bat. Diziplina guztietan bikain moldatzen da, eta, probarik irabazi ez duen arren, zilarrezko bi dominarekin itzuli da etxera. Antoniolirekin batera, Matteo Eydallin haren herrikidea eta Remi Bonnet suitzarra nabarmendu dira beste guztien gainetik.