Ibilbidea aproposa zen harentzat, eta sasoiko zegoen. Baina gero lasterketan erakutsi behar da. Hala egin zuen Sara Alonso mendiko korrikalariak (Donostia, 1999) asteburuan, Mont Blanceko maratoian. Oinak lurrean ditu, baina anbiziotsua da: «Oraindik lan asko dut egiteko. Baina ez dut hemen geratu nahi». Hurrengo erronkak Australian, Suitzan eta Norvegian izango ditu.
Zer sentitu zenuen helmuga lehen postuan zeharkatzean?
Helmuga baino kilometro bat lehenago aita zain neukan. Azken urtean askotan amestu izan dugu Golden Trail Serieseko helmugako zintarekin. Aurreko denboraldian hamargarren postuaren inguruan ibili nintzen, eta, nahiz eta bi lasterketetan podiumean sartu, irabaztea beste kontu bat izan da. Ezin nion irribarreari eutsi! Okerrena zera izan zen: helmugan ez zegoela zintarik!
Nolako lasterketa izan zen Chamonixko maratoia (42 kilometro eta +2.400 metro)?
Astebete lehenago joan nintzen Chamonixera, lasterketa ondo ezagutzeko asmoz. Azkar batean konturatu nintzen korrika asko egiteko lasterketa izango zela. Hegan egiteko moduko lasterketa iruditu zitzaidan. Lehen hamar kilometroetan 400 metro positibo bakarrik igotzen dira. Esaterako, Sierre-Zinalen [Suitza, 31 kilometro eta +2.200 metro] antzeko desnibela igotzen da, baina 11 kilometro gutxiagorekin. Asko gustatu zitzaidan ibilbidea. Igoera gehienak korrika egitekoak ziren, eta jaitsierak ere ez ziren batere teknikoak. Horrez gain, ordekako eremuetan ere azkar egin zitekeen korrika. Niretzako ibilbide ezin hobea zen.
Zegama-Aizkorri jokatu eta gero zenuen sasoi ona luzatzea lortu zenuen. Espero zenuen?
Urteko helburu nagusia Zegama-Aizkorri zen. Entrenamenduetako karga handiena Zegamara begira egin nuen, eta banekien handik lau astera ere ondo egongo nintzela. Tartean Espainiako Txapelketa ere jokatu nuen, eta han ere sasoiko ikusi nuen neure burua.
Zein izan zen estrategia lasterketari begira?
Banekien Dani Moreno amerikarra eta Anais Sabrie frantziarra oso azkar aterako zirela, eta, jakinik Sabrie igotzaile oso ona dela, hari jarraitzeko asmoarekin abiatu nintzen. Igoeran eutsi egin nahi nion, eta lehen jaitsieran arriskatzen nuen buruan. Hori egin nuen. Abantaila pixka bat atera nien jaitsiera horretan. Aita behean nuen, eta esan zidan nahiz eta igoeran berriro harrapatu oraindik ere beste jaitsiera luze bat neukala aurretik. Espero bezala atera zen dena.
Zegama-Aizkorrin lehen bi postuetan sailkatu ziren Maude Mathys suitzarra eta Nienke Brinkman herbeheretarra. Bertan ez zeudela jakiteak presio handiagoa eragin zizun? Faborito ikusten zeuen zeure burua lasterketa irabazteko?
Egia da Zegaman hirugarren amaitu ondoren jendeak asko espero zuela niregandik. Presioa sentitu nuen azken egunetan, baina nik Sabrie ere irabazle ikusten nuen. Pentsa, iazko lasterketa guztietan 10-15 minutuko tartea ateratzen zidan. Banekien aurrean ibiliko nintzela, baina ez nuen neure burua irabazle argi gisa ikusten. Lehia estuagoa izango zela aurreikusten nuen.
Azken kilometroetan zeundela, erorikoa izan zenuen jaitsiera batean. Zer pentsatu zenuen? Arriskuan ikusi al zenuen garaipena?
Kasualitatea izango da, baina mutiletan irabazi zuena, Jonathan Albon ingelesa ere leku berean erori zen! Halere, jaiki bezain laster, konturatu nintzen ez nuela minik hartu, eta korrika jarraitzeko ez nuela arazorik. Jaiki bezain pronto neure buruari zera esan nion: 'ez da ezer! Segi korrika!'.
Zirkuituko lehen bi lasterketak jokatu ondoren, Golden Trail Serieseko lidergoan jarri zara. Nork esan behar zizun orain dela bi urte…
Oraindik ez naiz jabetzen lortutakoaz. Bi urte baino gutxiago dira mendi lasterketen mundura iritsi nintzela, eta lehen postuan izateak izugarrizko poza ematen dit. Kilian Jornetek berak ere zoriondu nau! Laino batean bezala nago, baina oraindik lan asko daukat egiteke. Ez dut hemen gelditu nahi. Korrika egiten jarraitzeko oso gogotsu nago.
Zirkuitua irabaztearekin amesten al duzu?
Zirkuitua irabaztea oso-oso zaila ikusten dut. Urte hasieran lehen bostetan sailkatzearekin amesten nuen, eta hori ere oso urruti ikusten nuen. Oraindik ere oso zaila ikusten dut lehen bostetan sailkatzea, baina, orain arte lortutako postuekin, lehen hiruretan sartzearekin amesten dut. Amestea libre da!
Zein izan da gakoa bi urte hauetan halako bilakaera izateko?
Gauza askoren batuketa izan dela esango nuke. Unibertsitatean Lleidan nengoenean gehienez ere 700 metro positibo entrenatzen nituen; orain, berriz, 3.500-4.000 egiten ditut. Jaitsieratan ere, zenbat eta gehiago entrenatu, gero eta beldur gutxiago daukat. Horrek asko laguntzen dit jaitsiera teknikoetan. Kilometro kopurua ere 90etik 129ra igo dut, baina errepidean egiten nituen denbora berak egiten ditut oraindik ere. Baliteke entrenamendu aldaketa izatea gako nagusia.
Zegamako eta Chamonixko emaitzei esker babesle berriak iritsi al zaizkizu?
Bai. Dei batzuk jaso ditut dagoeneko, baina gauzak lasai hartu nahi ditut. Asko daukat eskertzeko egun ditudan babesleei, bai Salomon taldeari, baita, Domusa Teknik enpresari ere. Azken horiek apustu argia egiten ari dira mendi lasterketetako munduan, eta alde horretatik oso pozik nago. Albiste ona da babesle berriak iristea mendi lasterketen mundura.
Sara Alonso. Mendiko korrikalaria
«Golden zirkuituan hirugarren amaitzea amesten dut»
Bi urte bakarrik daramatza mendi lasterketak korritzen Alonsok, baina onenen mailan lehiatzen ari da. Sinetsi ezinda dago asteburuan Mont Blanceko maratoia irabazi ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu