Mendiko korrikalaria

Malen Osa Ansa: «Golden Trail Seriesen podiumarekin egiten dut amets»

Mendiko eskiko denboraldi betean, eta mendi lasterketetako denboraldiaurrean dago Malen Osa Ansa. Iazko denboraldi bikainari segida emateko gogo biziz dago.

(ID_13645957) (/EZEZAGUNA) img_20240226_174749
GOLDEN TRAIL SERIES
Unai Ugartemendia.
2024ko otsailaren 28a
05:10
Entzun

Ez da erraza Malen Osa Ansa (Oñati, Gipuzkoa, 2002) geldirik ikustea. Gaztetasunak ematen duen indarra baliatzen du Salomon taldeko korrikalariak, hainbat diziplinatan bere onena emateko. Baita lortu ere. Urtarrilean, lehen aldiz aritu zen mendiko eskiko lasterketa batean, Andorran, eta irabazi egin zuen. Orain, Espainiako Txapelketarekin egiten du amets. Gero hasiko da bete-betean mendi lasterketetan. Garaipenak garaipen, oinak lurrean ditu.

Zer moduz zabiltza mendiko eskiko denboraldian?

Andorran lehiatu baino hamar egun lehenago probatu nuen lehen aldiz lasterketetan erabiltzen den materiala, lagun baten bidez. Neguan ordu asko sartu ditut mendiko eskian entrenatzen, eta kirol honetan lehiatzen ibiltzen diren euskal eskiatzaileengana hurbiltzeko aukera izan dut. Andorrara probatzera joan nintzen. Uste baino askoz hobeto joan zen dena, eta konfiantza handia hartu nuen. Indartsu ikusi nuen neure burua, eta asko gozatu nuen. Datorren urtera begira, denboraldia hobeto eta serioago prestatuko dut. Aurten, argi neukan korrikako entrenamenduei beste zerbait emateko izango zela.

Nondik datorkizu mendiko eskirako zaletasuna?

Beti gustatu izan zait eskiatzea, baina orain arte iraupen eskian ibilitakoa nintzen. Pandemia garaian, aldiz, etxe ingurutik ezin irtenda ibili ginenean probatu nuen mendiko eskia. Iaz jada konturatu nintzen neguan entrenatzeko baliagarria izan zitekeela, gehienbat bolumena sartzeko. Orduan jaso nuen lehen deia euskal selekzioarekin Espainiako Txapelketan parte hartzeko. Azkar esan nien ni ez nintzela eskiatzailea, eta ez nintzela inoiz lehiaketetako materialarekin ibilia. Aurten, ordea, ondo antolatu nintzen, eta lasterketa pare bat sartu nituen neguko egutegian.

Proba bakarrean aritu zara. Zer moduz aritu zinen?

Gabonetan gehiago entrenatzeko aukera izan nuen, baina ezjakintasun handiz joan nintzen Andorrako probara. Oso ezusteko polita izan zen irabaztea, baina bigarrenari ia hiru minuturen aldea ateratzea ez nuen inondik inora espero. Oso denbora ona egin nuen, eta konfiantza handia eman zidan neure burua hain ondo ikusteak. Orain, Espainiako Txapelketara joango naiz Sierra Nevadara [Espainia], igoera bertikaleko proba jokatzera. Aurten, igoera bertikalak bakarrik jokatuko ditut.

Kontu handiz ari zara eskiatzen udako denboraldira begira?

Ez nuke nahi erorketa tonto batean uda guztiko mendiko lasterketen egutegia pikutara botatzea. Nire denboraldia mendi lasterketetakoa da, eta ez dut batere arriskatu nahi. Pistaz harago, oso gutxi entrenatuta nago, eta entrenamendu gehienak eskiko pistetan osatu ditut, horrelako probak prestatzeko egokiena hori baita. Datorren urtean ez dakit zer gertatuko den, nahiz eta asmoa den lehenago hastea mendiko eskian entrenatzen. Jada unibertsitatea amaituta izango dut, eta azaroan Alpeetara joan nahiko nuke lagun batzuekin.

«Ikusi dut igoera bertikaletan ondo aritu naitekeela. Ez dut oraingoz denboraldi oso bat egin nahi mendiko eskian, eta gutxinaka joango naiz pausoak ematen»

Espero zenuen hain ondo aritzea?

Ezta gutxiagorik ere! Lehiatzeko erabiltzen den materiala probatu nuenean, oso baldar ikusi nuen neure burua. Jende askok aipatzen zidan korrika ondo ibilita eskien gainean ere ondo moldatuko nintzela, baina, aldagai asko daude kirol honetan, eta teknikak ere izugarrizko garrantzia dauka. Kirolari askok oso aldaketa erraza egin dute; esaterako, txirrindularitzatik korrikara. Baina beste batzuek, aldiz, ez. Nik ez nekien zer gertatuko zen nire kasuan, baina hamar egunean aldaketa handiak ikusi nituen nire garapenean. Teknika gutxinaka hartuz joan nintzen, eta etorkizunean balioko didaten aholkuak eman zizkidaten. Lortutako emaitza, halere, ezustekoa izan zen. Ni gozatzera irten nintzen.

Mendiko eskian goian ibiltzen diren aurkari batzuk falta ziren arren, lortutako denbora hor dago.

Bai, eta horretaz jabetzen naiz. Esaterako, ez ziren lehiatu, besteak beste, Ana Alonso eta Marta Garcia. Espainiako Txapelketan ez dut neure burua haien aurretik ikusten. Andorran nire atzetik sartu ziren, baina Europako Kopako proba jokatu ondoren zetozen, dezenteko egurra hartuta, eta aurreko egunean bakarkako proba jokatu zuten. Beraz, pentsa… Halere, astebetera, Munduko Kopako proba egin zen ibilbide berean, eta hango denborak alderatu nituen, eta konturatu nintzen oso denbora ona zela. Estreinakoa izateko oso gustura gelditu nintzen.

Aurtengo aurrerapena ikusita, etorkizun hurbilean aintzat hartzeko kirola izan daiteke zuretzat mendiko eskia?

Bai, zalantzarik gabe. Lehenik, denboraldiaurre on bat egiteko aukera emango dit mendiko lasterketetarako, eta aldaketa egokia iruditzen zait. Datorren urtean mendiko eskiko Munduko Txapelketa jokatuko da, eta 23 urtez azpikoetan lehiatzeko aukera izango dut. Helburu polita izango litzateke han aritzea. Ikusi dut igoera bertikaletan ondo aritu naitekeela. Ez dut oraingoz denboraldi oso bat egin nahi mendiko eskian, eta gutxinaka joango naiz pausoak ematen.

Mendi eskiko euskal selekzioko hautatzaile Igor Alzelaik berripaper honetan esan berri du nahi duzun lekura iritsiko zarela. Zer diozu zuk?

Askotan hitz egin dut Alzelairekin horren inguruan, eta oraintxe bertan oso goian nauka berak [barrez]. Asko daki kirol honetaz, eta iruditzen zait oso ona dela nitaz hori pentsatzea. Dohain asko ikusten dizkit, eta ikusten du lan pixka bat eginez gero urrutira irits naitekeela. Nik, aldiz, ez dut hain argi ikusten. Iruditzen zait jendeak uste baino kirol askoz teknikoagoa dela, eta teknikak asko eragiten du hobetzeko orduan. Ez dakit prest nagoen hainbeste denbora eskaintzeko kirol honi. Bertikaletan ez du hainbesteko eraginik teknikak, baina, bakarkakoan, esprintetan eta erreleboetan zeresan handia dauka. Ez dut neure burua ikusten udan aldaketak egiten mendiko eskirako.

Mendi lasterketetan lehiatzen aurki hasiko zaren arren, oraindik Espainiako Txapelketa jokatzeko duzu.

Bai, eta nire azken lasterketa izango da. Aurtengo bi helburuak hauek ziren: Andorrako lasterketa eta Espainiako Txapelketa. Ea nola doakidan.

Nola ari zara uztartzen mendiko eskiko denboraldia eta mendi lasterketetako denboraldiaurrea?

Zorionez, bi kirolek ez dute askotan bat egiten egutegian. Jada lehiatzen hasteko asmoa neukan, baina ez da posible izan. Mendi lasterketetan oraindik ere denboraldiaurrean nagoela esango nuke. Orain egin nahi nituen lasterketak test moduko proba batzuk baino ez ziren, ez baitziren helburu zehatzak. Entrenamendu moduan erabili nahi nituen, txinparta pixka bat hartzeko. Sasoi aldetik nola nagoen ikusi nahi nuen. Biak uztartzeko arazorik ez dut ikusten, bateragarriak dira oso. Mendiko korrikalaria naiz, eta kirola egitea izugarri gustatzen zait. Udan, esaterako, gehiago ibiltzen naiz bizikletan. Entrenamendu gurutzatua deitzen duten hori egiten dut asko. Egia da, halere, korrikako denboraldia gerturatuz doan heinean, kilometro gehiago egiten ditut korrika.

«Orain arte, ea zer ateratzen zen ikustera joaten nintzen lasterketetara, baina, orain, foku gehiago dauzkat neure gainean»

Mendiko lasterketen denboraldiarekin hasteko gogoz zaude?

Bai. Azken hiru asteak ez dira onenak izan, baina abendua eta urtarrila nire inoizko hilabeterik onenak izan dira. Asko gozatu dut, eta kalitatezko ordu asko sartu ditut. Oso indartsu jarri nintzen bi hilabete horietan. Oso motibatuta nago, eta ikusten dut lana ondo eginez gero oso txukun aritu naitekeela. Egutegi polita daukat. Hasteko irrikaz nago.

Zure hirugarren urtea izango da mendi lasterketetako zirkuituan. Jada ez zara ezusteko bat.

Ez, eta batez ere iazko emaitzengatik. Orain arte, ea zer ateratzen zen ikustera joaten nintzen lasterketetara, baina, orain, foku gehiago dauzkat neure gainean. Seinale ona dela iruditzen zait, eta horrek esan nahi du orain arte behintzat gauzak ondo joan direla. Jendeak zerbait espero izatea zerbaitegatik da. Halere, presio horri dagokionez, gauzak erlatibizatzen saiatzen naiz. Iaz, punta-puntako lasterketetan oso ondo aritu nintzen, baina baliteke aurten ez hain ondo aritzea. Denboraldi bakoitza mundu bat da.

Iaz erakutsi zenuen munduko onenekin lehiatu zaitezkeela.

Aurreko denboraldian, munduko onenekin lehiatzean, nola nengoen ikusi nahi nuen, zenbateraino gerturatu nintekeen. Oso ezusteko polita izan zen ikustea aurrean ibil nintekeela. Oraindik ere asko daukat hobetzeko, eta hori ere gauza ederra da. Entrenatzailearekin oso lan txukuna egiten ari naiz, eta nire helburu nagusia zera da: nire onena hemendik zortzi edo hamar urtera ateratzea. Aurten ere jauzi txikiak ematen jarraitu nahi nuke.

Salomon taldeko izarretako bat zara. Horrek presioa areagotu egiten du?

Ez, nahiz eta jende askok aipatzen didan. Nik, presioa baino gehiago, aukera bat ikusten dut. Askotan ahaztu egiten zait sareetan dudan jarraitzaileen kopurua, edo hainbeste jende dudanik begira. Ni betiko jendearekin nago, etxean, eta nire entrenamenduak egiten. Taldekoak elkartzen garenean ere gizakiak gara, eta ahaztu egiten zaigu zein dimentsiotan gauden. Salomon taldean egoteak ate asko ireki dizkit, eta aukera asko ematen dizkit.

Aurten, inoiz baino gehiago mugitu da mendi korrikalarien merkatua. Izan duzu taldez aldatzeko aukerarik?

Beti bada jendea galdetzen duena, baina nik ez dut eskaintza formalik izan. Hasieratik oso garbi utzi nuen oso gustura nagoela Salomon taldean. Ez zait gustatzen jendea zoratzen ibiltzea. Hasieratik oso ondo portatu da taldea nirekin, eta inoiz esperoko ez nuen eskaintza bat jaso nuen, gainera. Eta ez naiz alde ekonomikotik bakarrik ari, beste gauza askotan ere laguntza handia eman didate. Oso harreman estua daukat bertako jendearekin, eta ez nuen aldatzeko beharrik ikusi.

Aurten ere Golden Trail Serieseko zirkuitua izango da zure egutegia gehien beteko duena. Horrek esan nahi du Zegama-Aizkorri estreinakoz jokatuko duzula?

Bai. Buelta asko eman dizkiogu gaiari, batez ere entrenatzaileak. Ez geneukan batere garbi aurten izan behar zuen edo ez. Oso zaila da Zegama-Aizkorriri ezetz esatea, batez ere kontuan hartuta Golden Trail Seriesa dela nire helburu nagusia. Ilusio handia egiten dit parte hartzeak, baina, askotan esan dut eta berriro ere esango dut: aurtengo erronka bakarra eta nagusia zera izango da, jendearekin gozatzea, gorputza ondo sentiaraztea, eta helmugara iristea lasterketan gozatu dudala sentituta. Inoiz ez dut maratoi distantziako lasterketarik jokatu, eta gauza asko hartu behar dira kontuan. Entrenamenduak aldatu egiten dira, eta ez nengoen prest dena aldatzeko Zegama-Aizkorri lasterketagatik. Badakit ez dela nire Zegamarik onena izango, eta garbi daukat beste distantzia bateko lasterketetarako egingo ditudala nire entrenamenduak.

Distantzia luzatzeari errespetua diozu?

Hasiera batean ez, ikusita zein motatako korrikalaria naizen. Aurreko udan jada egin nituen bost orduko entrenamendu pare bat. Oso gustuko dut entrenamendu luzeak jorratzea, eta ikusi nuen gorputzak ondo erantzun zidala. Ez dut uste distantzia arazo bat izango denik niretzat. Probatzeko gogoa daukat, eta neure buruari erakutsi nahi diot gai naizela distantzia horretan ondo aritzeko.

Zerekin konformatuko zinateke aurtengo denboraldia amaitzean?

Zaila da esaten, gehienbat ez dagoelako dena nire esku. Golden Trail Serieseko zirkuituan iaz lortu nuen laugarren postua berriz lortuz gero, oso-oso pozik egongo nintzateke. Podiumarekin amesten dut, baina urtetik urtera maila asko hobetzen ari da, eta gero eta korrikalari gehiago biltzen da garaipenaren bila. Baliteke zazpigarren postuan amaituta ere oso gustura egotea, edo laugarren amaituta ere beteta ez amaitzea. Iaz, pentsatu ere ez nuen egiten amaitu nuen gisara amaitzea. Hirugarren postua lortzeko ibili nintzen borrokan. Lehen hamarren artean amaitzea helburu objektibo bat iruditzen zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.