Mendiko lasterketak

Goi mailako parte hartzea igandeko Zegama-Aizkorrin

Oihana Kortazarrek eta Kilian Jornetek zaila dute iaz bezala irabaztea. 524 lasterkari irtengo dira

2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Mendi lasterketen Munduko Kopa igandean hasiko da, eta abiatzeko nekez aurkituko dute antolatzaileek agertoki egokiagorik: Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Euskal Herrian antolatzen diren mendi lasterketen artean izen eta sona handieneko proba da, baina igandekoak mugak hausteko osagai guztiak ditu. «Inoizko korrikalari zerrendarik onena osatu dugu», dio lasterketako zuzendari tekniko Alberto Aierbek.

Izenei erreparatuz gero, arrazoirik ez du falta. Kantitatean eta kalitatean goia jo du 2012ko Zegama-Aizkorrik, azken orduko hutsune batzuk gorabehera. Palman larunbatean jokatu zen Transvulcaniako irabazleak Zegaman izango dira: Dakota Jones eta Anna Frost. Nazioarteko lasterkarien zerrenda, ordea, luzea da oso: Mike Wolfe, Kilian Jornet, Anton Krupicka —ziurrenik ez du parte hartuko, baina Zegaman izango da—, Raul Garcia, Rickey Gates, Nick Clark, Luis Alberto Hernando, Joe Grant, Marco de Gasperi, Nuria Picas, Nikki Kimbal, Emannuella Brizio... Azkenean, Miguel Heras eta Mireia Miro ez dira egongo.

Etxekoen parte hartzea ere aintzat hartzekoa da. Oihana Kortazar irabazten saiatuko da iaz bezala. Aurkari gogorrak izango ditu, baina sasoian da elgetarra: «Fisikoki ongi iritsi naiz». Nerea Amilibia, Oihana Azkorbebeitia eta beste duten onena ematen saiatuko dira. Gauza bera esan daiteke Jabi Olabarria, Imanol Goñi, Aritz Kortabarria, Jokin Lizeaga eta enparauez.

Irteera, 09:00etan

Gainerakoan aldaketarik apenas izango duen mendi maratoiak. Ibilbidea urterokoa da: 42,192 kilometro Aizkorri-Aratz natur parkean. Zegamatik 09:00etan abiatuko dira lasterkariak, eta ibilbidean Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri igoko dituzte. Ibilbide teknikoa da, eta zailtasun handikoa. Ongi bidean, 13:00 aldera helmugaratuko da irabazlea, baina parte hartzaileek zortzi orduko epea dute ibilbidea osatzeko.

Zegamatik Aratzerakoa izango dute lehenengo zatia, malda gora etengabean. Handik Sancti Spiritusera jaitsiko dira, eta jana eta edana izango dute han. Indarrak berritzea komeni, eguneko igoera gogorrenari ekin aurretik: Aizkorrikoa. Ez da igoera luzea, baina 500 metroko desnibela gainditu beharko dituzte bi kilometroan.

Aizkorritik Urbiara jaitsiko dira, baina aurrez ibilbideko puntu garaiena pasatuko dute: Aitxuri (1.551). Urbiarako jaitsiera pikoa da. Eguraldiak zeresana izango du jaitsieran; tentuz jaitsi beharrekoa da, euria eginez gero. Urbiako zelaiak pasatuta, mendi maratoiko azken igoera izango dute: Andraitz. Ez da igoera gogorrena, baina ordurako nekea pilatuta izango dute korrikalariek. Handik Zegamara 10 kilometroko jaitsiera faltako dute.

Aurtengo Zegama-Aizkorrik badu berrikuntza bat: I. Zegama-Aizkorri Junior Trail. Zegaman hasi eta bukatuko da lasterketa, eta 10,4 kilometro izango ditu. 16 eta 18 urte bitarteko 45 gaztetxok parte hartuko dute. Lasterkariak 10:30ean irtengo dira, eta Aizkorrondoko kanaletik Mandabideko anoa guneraino joango dira, handik herrira itzultzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.