Zegama-Aizkorri Euskal Herriko mendi lasterketarik entzutetsuenak badu dagoeneko data: maiatzaren 20a. Joan den astelehenean ireki zuten izena emateko epea, eta urtarrilaren 27 arte jarraituko du zabalik.
Skyrunner World Series Race 2012 Munduko Kopako zirkuituko lehenengo proba izango da mendi maratoia. 11. aldia izango da aurtengoa.
Iragan urtean baino 50 dortsal gehiago jarriko dituzte eskura antolatzaileek. Izan ere, lasterketa lehen aldiz antolatu zutenetik, 2002an, parte hartzeko eskaerak gora egin du urtetik urtera. Aurten 450 korrikalari aterako dira Zegamatik Aizkorrira bidean.
Hiru multzotan banatuko dituzte dortsalak. Alde batetik, aurreko bi lasterketetako markarik onenak dituztenentzat 125 dortsal gordeko dituzte. Horietatik 11 urtetik urtera hutsik egin gabe Zegama-Aizkorri guztietan parte hartu duten korrikalarientzat izango dira. Lasterketarekiko duten fideltasuna saritu nahi dute horrela antolatzaileek.
Beste 100 dortsal antolakuntzak gordeko ditu, nazioartetik etorriko diren punta-puntako korrikalariei tokia egiteko.
Dortsal baino eskaera gehiago daudenez, gainontzeko 225 dortsalak zozkatu egingo dituzte. Zozketa Zegamako udaletxean egingo dute, otsailaren 24an, 19:00etan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, izena emateko epeak astebete bete ez duenean dagoeneko 1.300 lasterkari inguruk eman dute izena, lasterketaren izen onaren tamainaren erakusle. Iaz 2.000 lasterkari inguruk egin zuten eskaera.
Berrikuntzak
Ibilbidea da 11 urte horietan lasterketan aldatu ez den gauza bakarra. Denboraren poderioz, indarra eta oihartzuna hartu du mendiko maratoiak, Euskal Herritik kanpo ere ezaguna egin arte.
Berrikuntza nagusia da 16-17 urte bitarteko neska-mutilentzat lasterketa laburrago bat prestatuko dutela. Oinarrizko kirola sustatzea du xede gazteentzako lasterketak.
Hamabi kilometro inguru izango ditu gaztetxoen probak. Madrilen eta Katalunian beste antzeko lasterketak egingo dituzte, eta Zegamakoarekin batera zirkuitu bat osatuko dute. Zirkuitu horretatik aterako diren korrikalari onenen artean selekzio bat osatuko dute, Salomon Junior izenekoa.
Maiatzaren 20an Aratz eta Aizkorri mendi inguruetara gerturatzen denak ikuskizun bikaina izango du. Nazioarteko korrikalari onenak maldan gora zangoak estutzen ikusi ahal izango dituzte, horietako asko euskaldunak.
Goi mailako korrikalari askok jada baieztatu dute maratoian parte hartuko dutela. Iazko bi txapeldunek ez dute hutsik egingo, eta Kilian Jornet kataluniarra eta Ohiana Kortazar Munduko Kopako garailea han izango dira. Horiez gain, Tom Owens, Miguel Heras, Zigor Iturrieta eta euskal selekzioko kideek ere maratoian parte hartuko dute.
Korrikalariek askotan adierazi dutenez, giro ezin hobea bizi ohi da lasterketa egunean. Jendetza biltzen da Aizkorri inguruan korrikalariei animoak ematera.
Mendia
Goi mailako lasterkariak Zegama-Aizkorri proban. Mendi maratoia maiatzaren 20an jokatuko da; urtarrilaren 27 arte eman daiteke izena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu