Ostiralean hasi zen aurtengo Mendi Film jaialdia, Bilboko Euskalduna jauregia leporaino beteta zegoela. Hasteko eta behin, WOP Mendi Film Saria jaso zuten mendi federazioek, beren mendeurrenean. Miren Eizmendi Nafarroako presidente izendatu berria eta Martin Montañes azken 13 urteetan presidente izandakoa, Zigor Egia Euskal Mendizale Federazioko presidentea eta Ricardo Hernani presidenteordea igo ziren oholtzara. Egiak eta Eizmendik hunkiturik eskertu zuten aitortza: saria «Euskal Herriko mendi talde eta euskal mendizale guztiena» dela nabarmendu zuen Egiak, eta emakumezko mendizaleen ekarria eta ahalegina azpimarratu zuen Eizmendik.
Ostiraleko irekiera ekitaldian bertan, Helias Milleriux alpinista frantziarrak Nuptseko hego hormako eskalada harrigarriari buruzko filma aurkeztu zuen, ikusleen txalo artean. Gaua bukatzeko, hunkigarria izan zen Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima alpinista japoniarrei eginiko oroitza. Sokoh Eto Hiraideren alargunak, seme-alabak alboan zituela, bihotzez eskertu zien keinua Euskaldunara bertaratu ziren guztiei eta antolatzaileei.
Milatik gora lagun bildu ziren Euskaldunan ostiraleko lehen saio bereziaz gozatzeko. Eta larunbat eta igandez ere, sekulako giroa izan da gainerako aretoetan, bai zinema saioez gozatzeko, bai erakusketak bisitatzeko eta hitzaldiak entzuteko ere. Aurten, guztira hamabi euskal produkzio izango dira jaialdian, eta lehen asteburuan estreinatu dira horietako batzuk. Beraz, etxeko protagonista ugari izan da lehen bi egunetan: Marta Gomez eta Paula Iglesias zinemagileak Flying Hands aurkeztuz, Aniqa Bano protagonista pakistandarra bertan zela; Janire Etxabe eta Hodei Zambrano Haize Lerroak filmarekin; Mikel Lizarralde eta Maite Arroitajauregi MursegoZazpi filmarekin; Alfonso Garcia eta haren Una mirada atrás, el arte de equipar filmeko protagonistak eta ekoizpen taldea.
Nazioarteko egileei dagokienez, azpimarragarriak izan dira, besteak beste, Eliza Kubarska zinemagile poloniarrak Wanda Rutkiewicz herrikide eta mendizale handiari buruz ondu duen The Last Expedition filmaren aurkezpena, Erri de Luca idazle eta eskalatzailearen L’etá sperimentale filma, eta Matteo Maggi eta Cristiana Pecci zuzendariek aurkeztutako Marmolada, Madre Roccia pelikula.
Bi liburu aurkezpen ere izan dira: Silvo Karo alpinista handiak Fast & Light ekarri du, eta Sebastian Alvaro dibulgatzaileak, berriz, Mis Montañas aurkeztu du, liburuko kapituluetan ageri diren hainbat euskal mendizale bertan zirela: Jose Carlos Tamayo, Juanjo San Sebastian, Javo Alonso, Alberto Iñurrategi...
Euskaldunatik atera gabe, bisitari ugari bildu da Tximist Everest 1974 eta Gailurretan izan gaitun erakusketak ikustera ere. Jaialdia amaitu arte Euskaldunan izango dira bi erakusketa horiek.
Gaurtik ostegunera bitarte, jaialdiaren kanpaleku nagusia Euskalduna jauregitik BBK aretora aldatuko da. Arratsaldez bi saio egunean, 17:30ean eta 19:30ean, film on asko, eta gonbidatu interesgarriak haiek aurkezteko. Zinemagileak: Bertrand Delapierre, Iñigo Grasset, Amaia Lejarreta, Luke Kane, Yohan Guignard, Ander Salsamendi, Aitor Intxaurraga… eta protagonistak: Natxo Gonzalez eta Garazi Sanchez surflariak, Janire Etxabe dantzaria eta beste hainbat.
Sarrera batzuk geratzen dira oraindik BBK aretoko emanaldiez gozatzeko: Mendifilmfestival.com.