Eskalatzailea

Iñaki Arantzamendi: «Gero eta gehiago kostatzen zait motibazioa bilatzea»

Eskaladako eremu gehienak jorratu dituzten eskalatzaileetako bat da Arantzamendi. Arrokan eta txapelketetan, bietan aritu izan da hainbat urtez, eta emaitza bikainak lortu ditu. Euskal selekzioko hautatzailea ere izan zen iaz.

Iñaki Arantzamendi eskalatzailea
IÑIGO URIZ / FOKU
Unai Ugartemendia.
Alegia
2024ko urriaren 16a
05:05
Entzun

Egurre rokodromoko paretak hornitzen pasatu du eguna Iñaki Arantzamendik (Ondarroa, Bizkaia, 1988), eta lanak bukatu ondoren izan da hitzordua harekin. Magnesioz beteak ditu hatzak, eta argazkiak ateratzeko ere horman gora eta behera dihardu une oro. Zeledon (Ilarduia, Araba, 9a zailtasuna) bideaz eta bere ibilbideaz hitz egin du.

Ez dira egun asko igaro Zeledon bidea osatu zenuenetik. Nondik etorri zitzaizun hura egiteko aukera?

Orain dela hamar urte, Eginora [Araba] lehenbizikoz joan nintzenean, sektore hura inoiz ikusitako harrigarriena iruditu zitzaidan. Orduan jada han ibiltzen ziren Patxi Usobiaga, Ruben Diaz, Ander Lasagabaster eta Gorka Karapeto. Noizbait probatu behar nuela esaten nion neure buruari. Orain dela hiru urte erabaki nuen probatzea lehen zatiraino, alegia, Zeledon Txiki [8c+ zailtasuna] zatia. Ondoren aita izan nintzen, eta denbora gutxi izan nuen saiatzeko.

Zenbat denbora behar izan zenuen bidea kateatzeko?

Bost edo sei egun izan ziren. Oier Berrueterekin aritu nintzen probatzen, eta hark emandako bi aholkurekin kateatzea lortu nuen. Handik egun gutxira, hark ere osatu zuen bidea. Oraingoan batere presiorik gabe joan nintzen. Egiteko moduan ikusten nuen, baina ez nion neure buruari presio hori jarri nahi. Joaten nintzen bakoitzean gozatzen saiatu nahi nuen. Egun pare batean ez nuen eguraldi onik izan, baina hurrengoetan asko gozatu nuen.

Nolako bidea da Zeledon?

Bi zati ditu. Lehen zatiak Zeledon Txiki du izena, eta geldialdi bat dauka ondoren. Bigarren zatiak, Activos tóxicos-ek [8c zailtasuna] bidearen zatirik gogorrena hartzen du. Eskalatzeko ditudan ezaugarrietarako eta estilorako oso egokia da zati hori; beraz, ondo egiten nuen. Bigarren zatirako, ordea, dena falta nuen. Beti leku berean erortzen nintzen. Aurten, eta, aipatu bezala Berruetek emandako aholkuei esker, aldaketa txiki bat egin dut. Dena ondo atera da. Psikologikoki asko eskatzen duen bidea da. Zorte pixka bat ere izan nuen, egia esan.

Bidea kateatzearekin obsesionatuta ibili zara?

Ez, honekin ez. Zailtasun bereko beste bide bat egina nuen 2017an, Obaba [Dima, Bizkaia], eta harekin ibili nintzen obsesionatuta. Ez dut inoiz honelakorik egin: aldez aurretik begiz jo bide bat eta hura eskalatu. Sentsazioen arabera eskalatzen dut. Ez dut helburu jakinik izan bide ezberdin bat kateatu ondoren. Gauzak natural egitea gustatzen zait. Halere, Zeledon bidearekin maiteminduta gelditu nintzen hasieratik. Oso gustura gelditu naiz. Bidea amaitu ondoren, negarrez jaitsi nintzen emozioak jota. Lanketa eta prozesu baten amaiera izan da Zeledon.

«'Zeledon' bidearekin maiteminduta gelditu nintzen hasieratik. Bidea amaitu ondoren, negarrez jaitsi nintzen. Lanketa baten amaiera izan zen»

Erronka berrien bila jarraitzeko asmoa daukazu?

Ez, orain atseden hartu eta familiarekin egotea tokatzen zait. Halere, ni motibazioak mugitzen nau. Hainbeste urtez ibili eta gero, ez da batere erraza motibazioa bilatzea. Esfortzu handiagoa eskatzen dit orain; ez da eskalatzen hasi nintzenean bezala.

Rokodromoan ere urte askotan aritutakoa zara, eta Euskal Herriko txapeldun ere izan zinen 2013an eta 2019an.

Bai, hala da. Txapelketa asko jokatu ditut urte askotan, eta oraindik ere urtean zehar pare bat jokatzen ditut. Oso gustuko ditut txapelketak, eta motibazioa lantzeko balio didate. Halere, konturatu naiz gustukoago dudala txapelketetako bideak prestatzea. Txapelketetan asko ikasi dut, asko gozatu dut, eta benetako lagun on asko egin ditut bidean. Ondo entrenatzea eskatzen dute, baina oraintxe bertan ez dut gogo handirik horretarako.

Txapelketak eta arroka bateragarriak al dira?

Niretzat bai, nahiz eta oso gauza ezberdinak diren biak. Bietako mugimenduak oso ezberdinak dira. Bakoitzean nahi dudana aurkitzen dut. Orain dela hamar urtera arte-edo, parekotasun handiagoa zegoen. Egun, ez dute batere antzik. Bi aldeak gero eta urrunago daude, eta biekin gozatzen dut asko. Nik, halere, arrokako eskalatzailetzat dut neure burua.

Egunerokoan aldea hain nabaria da?

Bai. Rokodromoetako eskalatzaileak asko ugaritu dira. Herri askotan ireki dituzte, eta gorakada izugarria izan da. Kirol olinpiko bihurtu da eskalada, eta hori izan daiteke kopurua handitzearen eragile nagusia. Arrokan ere jendea ikusten da, baina, rokodromoetan dabilen eskalatzaileen kopuruarekin alderatuta, ez da hainbeste igo, ezta gutxiagorik ere. Azken bost urte hauetakoa izugarria izan da.

Euskal selekzioko hautatzaile moduan ere aritu zara urte batez. Gustura ibili zara?

Oso-oso gustura ibili naiz. Ni ere aritu nintzen eskalatzaile gisa selekzioan, Josean Mulasekin, eta, orduan, agian, ez nuen hainbeste enpatizatzen haien lanarekin. Beste aldean egotean asko sufritzen da, eta asko aldatzen dira gauzak. Ardura handia eskatzen duen lana da, eta gauza asko hartu behar dira kontuan. Asko gozatu dut hautatzaile moduan.

Zer-nolako selekzioa aurkitu zenuen?

Beteranoenak ezagutzen nituen, eta gazteak ezagutuz joan naiz. Piu Gazen [Bilbo] jokatu genuen lehen txapelketan konturatu nintzen gazte asko zegoela emaitza onak lortzeko moduan. Gazteak sartzearen aldeko apustu garbia egin genuen, beteranoak ahaztu gabe. Uste dut ondo atera dela apustua. Denek aurrera jarraitzen dute, eta emaitzak ere onak izaten ari dira.

Denbora asko pasatu ez zenuen arren, balantzea positiboa izan da?

Bai, zalantzarik gabe. Gazte askori eman nien aukera, eta emaitza onak lortu dituzte. Gainera, gozatzen jarraitzen dute. Niretzat hori jada nahikoa da.

Zaila da urtero Mikel Linazisoro edo Eneko Carretero bezalako eskalatzaileak ateratzea, baina txapelketetan ondo aritzeko maila nahikoa badago?

Horretarako oinarrian egin behar da lana. Oinarria lantzea ezinbestekoa da. Oso selekzio ona izan dezakezu, baina, oinarria sendoa ez bada, ez dago zer eginik, eta goranzko piramidea apurtu egiten da. Gazteekin lana egiteko denbora falta dela ikusten dut. Txapelketak ere beste modu batera antolatu behar dira. Euskal Herriko Txapelketa pare batekin bakarrik, gazteek ez dute aukerarik ikusten ikasiz joateko. Txapelketak antolatzeko jendea falta da, bai rokodromoetan, bai federazioetan eta aldundietan. Lan handia eskatzen du txapelketa bat antolatzeak. Ez da Euskal Herriko arazoa bakarrik; Espainian ere arazo bera dago hainbat federaziotan.

Selekzioan Ainhize Belarrekin egoteko aukera izan zenuen. Zu ere harrituta zaude erakusten ari den mailarekin?

Ez, ni ez nau batere harritu. Niretzat ez da batere sorpresa izan Zeledon eta Iñi Ameriketan [9a+ zailtasuna, Baltzola, Dima, Bizkaia] bideak kateatzea. Ikusi izan dut nola lehiatzen den. Txapelketa batzuetan ez zituen esperotako emaitzak lortu, eta frustratu ere egiten zen, baina nik beti esaten nion lasai egoteko. Bere bidea aurkituko zuela errepikatzen nion, eta nik, behintzat, argi neukan bere bidea arrokan aurkituko zuela. Beste maila batean dago, eta beste maila bat dauka. Haren indarra arrokan dago, eta erakutsi du. Lortzen ari dena txapela kentzeko modukoa da.

Askok jada Josune Bereziarturekin alderatzen dute.

Niri alderaketak ez zaizkit batere gustatzen. Ezin dira alderatu, gainera. Josunek bere garaian egin zuena ez zen batere baloratu. Ez dakit emakumea zelako edo zergatik, baina niretzat gizonezkoen maila zuen, zalantzarik gabe. Ainhize bera ere, egun, Espainiako onenen mailan dago, bai mutilekin konparatuta, bai neskekin konparatuta ere. Ez dakit non dagoen haren sabaia, baina hala jarraitzen badu, nahi duen lekura irits daiteke. Hark duen mailara iritsita, jada oso zaila da pauso handiak ematea, baina pausoz pauso joaten bada eta laguntzak baldin baditu, edonora heldu daiteke. Estatu Batuetan jaio izan balitz, ez daukat batere zalantzarik profesionala izango zela. Profesionala izateko maila dauka. Beste kirol askotan gertatzen den antzera, eskaladan ere markek ez dituzte profesionalak nahi, sare sozialetako influencer-ak baizik. Hemen ere ez diote bakoitzaren mailari erreparatzen, zenbat jarraitzaile dituzun baino ez dute jakin nahi.

«Ainhize [Belar] Estatu Batuetan jaio izan balitz, profesionala izango zen, baina hemen markek sare sozialetako 'influencer'-ak nahi dituzte»

Oro har eskalada osasuntsu dago Euskal Herrian?

Baietz esango nuke. Halere, iruditzen zait orain dela hamar urte Araotzera [Oñati, Gipuzkoa] joaten nintzenean maila handiagoa zegoela. Jende gehiago ibiltzen zen bide zailenetan edo gogorrenetan. Egun, agian, jende gehiago joaten da, baina konturatzen naiz ez dela hobetu. Lehen aipatu dudan moduan, maila askoz ere gehiago igo da rokodromoetan. Halere, badago jendea bide gogorrak egiten diharduena, esaterako, Gorka Karapeto. Garrantzitsuena bakoitzak bere mailan gozatzea da.

Egun, rokodromoetako eta hainbat txapelketatako hormak hornitzen ibiltzen zara. Nola hasi zinen lanbide horretan?

Astean behin Alegiako [Gipuzkoa] Egurre rokodromoan aritzen naiz, eta beste egun batez Logroñoko [Espainia] Raw Indoor-en. Nahi gabe hasi nintzen honetan. Mutrikuko [Gipuzkoa] Sorgin Errekako taldeak hormak hornitzeko ikastaro bat egin zuen, eta, bertako lagun batek aipatuta, nik ere izena eman nuen. Piu Gazeko rokodromoan egin genuen. Hura amaituta, bertako langile bat gaixoaldian zegoen, eta haren lekua betetzeko eskaini nuen neure burua. Hura amaituta, autonomo izateko apustua egin nuen, eta rokodromo bila hasi nintzen. Zortez, Alegiatik eta Logroñotik deitu ninduten. Horrekin batera, txapelketa batzuetan ere aritu izan naiz lan horretan. Niretzat oso lan aberatsa da hau. Asko gozatzen dut. Ez dut askorik irabazten, baina denbora badaukat familiarekin kontziliatzeko ere.

MOTZEAN

  • Eskaladan egindako lagunik onena? Javi Cano. Hura da txapelketetan egin ditudan lagun handienetako bat.
  • Eskalatzeko bide bat?Fetuccini [Kanpezu, Araba, 8b+ zailtasuna].
  • Egiteko duzun bat? Zeleputza [Ilarduia, Araba, 9a+].
  • Eskalatzeko leku bat? Komentua [Kanpezu].

  • Eskalatzaile bat? Gorka Karapeto, Iban Larrion, edo niri eskalatzen erakutsi zidan Xabin Ulazia.

  • Beste kirol bat? Mendiko lasterketak.

  • Kirolari bat? Jose Luis Korta.

  • Jateko? Ondarroako hegaluzearekin egindako marmitakoa.

  • Edateko? Ardoa.

  • Musika talde bat? Su ta gar.

  • Abesti bat?Udaberri azidoa, Kuraia taldearena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.