Domusa Teknik 40 MLK ultratrailaren hirugarren aldia eta Domusa Teknik 15 MLK lasterketaren lehena jokatu ziren larunbatean Azpeitian, Lagun Onak mendi bazkunak antolatuta eta Domusa Teknik enpresak babestuta. Ultradistantziako Euskal Herriko Kopako bigarren proba izan zen Azpeitikoa (65 km eta 3.700 m+), Enkarterriko aurrenekoaren ondoren. Lasterketa motza ere lineako Euskal Herriko Koparako baliagarria izan zen.
Ultratrailean, 550 korrikalari lehiatu ziren. Emakumezkoetan, Gemma Arenas espainiarrak irabazi zuen (7:04:56), eta iaz Oihana Azkorbebeitiak ezarritako marka hautsi zuen, gainera: lau minutu eta hamazazpi segundo gutxiago behar izan zituen 65 kilometroak osatzeko. Bigarren Mayi Mujika elgoibartarra (Gipuzkoa) izan zen (7:14:02), eta hirugarren, orain arteko bi aldietako irabazlea: Oihana Azkorbebeitia abadiñarra (7:21:56).
Gizonezkoetan, Miguel Heras espainiarra izan zen garaile (6:01:46). Haren atzetik, lau minutu eskasera (6:05:22), Domusa taldeko hiru kide helmugaratu ziren eskutik helduta: Alvaro Ramos espainiarra, Goar Lopetegi ibartarra (Gipuzkoa) eta iaz proba irabazi zuen Borja Zubizarreta azkoitiarra (Gipuzkoa).
Euskal Herriko Koparako sailkapenean, Mayi Mujika eta Pello Berrizbeitia izan ziren irabazle. Orain arteko bi probak aintzat hartuta, Oihan Azkorbebeitia eta Igor Olalde dira liderrak.
Domusa Teknik 15 MLK lasterketa laburrean (26 kilometro eta 1.400 metroko goranzko desnibela) 250 korrikalari atera ziren. Helmugan aurrena, emakumezkoetan, Ainhoa Intxausti izan zen (2:34:18), bigarren Laida Elizegi (2:37:04), eta hirugarren, Garazi Sanpedro (2:37:53). Gizonezkoetan, berriz, Aritz Egea izan zen irabazle (2:02:13), Oier Elortza (2:06:02) eta Xabat Manzisidor aurretik (2:06:56).
Lineako Euskal Herriko Koparako sailkapenean, Laida Elizegi eta Oier Zubeldia dira liderrak.
Domusa Teknik 40 MLK ultratrailaren sailkapenak.
Domusa Teknik 15 MLK lasterketaren sailkapenak.