Gasteizen jarri du hitzordua Gontzal Murgoitiok (Elorrio, Bizkaia, 2001). Jarduera Fisikoko ikasketak egiten ari da, eta han pasatzen du astea. Denboraldiaurre betean dago, baina aurreko denboraldiaren errepasoa egin, eta 2024ko denboraldiari buruz hitz egin du. Gaztea izan arren, oinak lurrean ditu. Ahobizarrik gabe hitz egiten du.
Urri amaieran, Golden Trail Serieseko finala jokatu zenuen, Italian. Zertan igaro duzu denbora ordutik?
Konturatzerako, denboraldia oso luze egin zitzaidan, eta bai fisikoki, baita mentalki ere oso nekatuta amaitu nuen. Hiru aste geldirik eman nituen atseden hartzen, eta nire egunerokotik ihes egin nuen lagunekin eta familiarekin. Afariren bat eta parranda batzuk egiteko ere aprobetxatu nuen. Gorputzak asko eskertu zuen atsedena, eta oso ondo etorri zitzaizkidan aste haiek, denboraldi berriari gogoz ekiteko.
Mendian korrika egiteari bai, baina erabat utzi zenion kirola egiteari?
Ez. Halere, egun batean bakarrik atera nintzen korrika pixka bat egitera. Bizikletan ere ibili nintzen egun batzuetan, baina lagunekin gozatzeko baliatu nuen denbora batez ere. Denboraldiak iraun bitartean zaintzea ondo dago, baina ezin dut ahaztu oraindik oso gaztea naizela, eta beste gauza batzuk ere egin behar ditudala [barrezka].
Golden Trail Serieseko finala aipatu duzu. Gogo askorekin joan zinen, baina ez zenuen oso gustura amaitu.
Halaxe izan zen, bai! Uztailean eta abuztuan inoiz baino hobeto entrenatu nintzen, baina iruditzen zait irailean lasterketa gehiegi korritu nituela. Finalera sailkatzeko, Olla de Nuriakoa [Herrialde Katalanak] jokatu behar izan nuen, baina ez nuen espero bezain ondo egin. Mentalki oso burumakur itzuli nintzen etxera, eta, finalari begira, oso gogorrak egin zitzaizkidan gelditzen ziren bi asteak. Animoa zeharo galduta eta neure buruarekin oso haserre ibili nintzen. Ez nuen espero lasterketa batek hain ondorio txarrak ekarriko zizkidanik. Egoera horiek hobeto kudeatzen ikasi behar dut.
Horrelako egoera batean finala jokatzea ez da samurra izango.
Ez. Bi aste horietan erabat galdu nuen motibazioa. Finalerako ez nintzen ondo errekuperatu. Denboraldiko azken proba izango zen, eta amaitzeko gogo handia neukan. Denboraldiari ez nion amaiera onik eman.
Parte hartu zuten askok aipatu zuten izugarrizko maila egon zela finalean. Iritzi bera daukazu?
Bai, nik ere hala sentitu nuen. Korrikalari askok bukatzen dute lasterketa oso denbora gutxian, eta hutsegiterik txikiena ere oso garesti ordaintzen da. Atzera egiteko aukera izango banu, argi daukat irailean askoz ere gutxiago lehiatuko nintzatekeela, finalera freskoago iristeko. Gaur egun, eta mendiko lasterketek hartu duten maila kontuan hartuta, esfortzua asko neurtu behar da. Aurtengo akatsik handiena hori izan da, gehiegi lehiatu naizela.
«Esfortzua asko neurtu behar da, eta gehiegi lehiatzea izan da aurtengo akatsik handiena»
Zenbat lasterketa egin dituzu?
Gezurra badirudi ere, 27 lasterketa jokatu ditut. Lasterketa batek asko eskatzen du, bai fisikoki, baita mentalki ere, eta luzera begira ondorio handiak ditu.
Nola antolatu zenuen 2023ko mendi lasterketen denboraldia?
Urtarrilean kros pare bat egin nituen mendiko lasterketetara begira, eta ondoren Portugalen hasi nintzen lehiatzen, Golden Trail National Serieseko lasterketa batean. Ondoren, Euskal Herriko Txapelketa jokatu nuen, Mendaron [Gipuzkoa]. Txispa falta zitzaidala konturatu nintzen. Piramidaleko arazo batzuengatik, Espainiako Txapelketari uko egin behar izan nion ondoren, baita Aloinako igoerari [Oñati, Gipuzkoa] ere. Mundialera begira nituen planak ez ziren posible izan. Maiatzean eta ekainean lasterketa herrikoiagoak jokatu nituen. Oso presio gutxirekin jokatu nituen lasterketa horiek, eta asko gozatu nuen. Agian, Tolosaldeko Bi Tontorretan [Tolosa, Gipuzkoa] emandako maila azpimarratuko nuke.
Denboraldi gorabeheratsua izan duzula aipatu duzu. Euskal Herriko txapelketan jaso zenuen kolperik handienetakoa?
Agian bai. Banekien Ibai Larrea urtetik urtera gehiago gerturatzen ari zitzaidala, eta arriskua ikusten nuen. Edozein unetan niri irabazteko gai zela ikusten nuen. Mendarorako, neure burua indartsu ikusten nuen, eta 2022an Sorginen Lasterketan [Atxondo, Bizkaia] irabazitako txapela lortu nahi nuen berriro ere. Ez zen posible izan. Lasterketan nindoala, ez nuela irabaziko konturatu nintzenean, kolpe handia sentitu nuen. Oso azkar etsi nuen, eta agian nire portaera ez zen onena izan.
«Gustuko dut faborito izatea. Presio hori ondo daramat, eta motibazioa areagotzeko balio izaten dit»
Denboraldiaz gehiago espero zenuen?
Bai! 2022an zenbat ikasi nuen eta zer-nolako maila erakutsi nuen ikusita, pentsatzen nuen aurtengo denboraldian askoz hobeto ibili behar nuela. Euskal Herrian onenen artean ibiltzeko mailara iritsi nintzen, eta maila hori mantendu dut, baina Euskal Herritik kanpo egin ditudan lasterketetan ez naiz behar bezala aritu, ez Espainian, ezta Europako beste hainbatetan ere. Ingurukoek ere gehiago espero zuten nitaz, eta, alde horretatik, huts egin dut. Agian, helburuak ondo finkatzea falta izan zait, eta, noski, lasterketa gutxiago jokatu behar nituen. Arantza bat baino gehiago utzi dizkit denboraldiak. Sasoia denbora luzean mantentzea ez da batere erraza. Datorren urtean gustatuko litzaidake ez jokatzea hamar lasterketa baino gehiago. Hori bai, horiek bete-betean jokatzea gustatuko litzaidake. Orain, bikain ari naiz entrenatzen, eta animoz ere oso gustura sentitzen naiz. Gogotsu nago 2024ko denboraldirako. Nire esku dagoen guztia egiten saiatuko naiz esperotako mailara iristeko.
Lasterketa gehienetan zu izaten zara faborito argia, Euskal Herriko lasterketetan behintzat. Ondo kudeatzen duzu hori?
Bai, eta, gainera, niri asko gustatzen zait faborito izatea. Presio hori ondo eramaten dut, eta motibazioa areagotzeko balio izaten dit, gainera. Jendeak nigan konfiantza duela erakusten du horrek, eta gaur egun asko baloratzen dudan zerbait da. Hori bai, huts egitean, kolpea handiagoa izaten da. Zenbat eta gehiago igo, kolpea orduan eta handiagoa, eta hori ere eramaten ikasi behar da.
Oso gazte zinela hasi zinen lasterketak irabazten, eta jendeak beti espero du zuk irabaztea. Horrek kalte egin dizu?
Ez nuke jakingo esaten, baina agian bai. Bi urtez jarraian jauzi handia egin nuen, eta momentuan bertan oso gustura sentitzen zara, baina ondoren konturatzen zara agian jauzia azkarregi egin zenuela. 2020an, 19 urterekin Sorginen Lasterketa irabazi nuenetik, bizimodu berri batean murgildu nintzen. Ordura artekoa jada ahaztuta gelditu zen. Urtero jauzi berbera egitearekin amesten duzu, baina hori ia ezinezkoa da. Gutxinaka igotzen joatea hobea da kolpetik igotzea baino.
Azken urteetan Salomon taldearekin lehiatzen zabiltza. Zure onerako, gazteen aldeko apustu garbia egin dute.
Oso gustura eta oso eskertua nago Salomonekin. Lagun asko egin ditut talde horretan, eta, korrika egiteaz gain, nire bizitzan ere lagun moduan ikusten ditut. Salomon taldeak korrikalari hobea egin nau, eta ezagunagoa bihurtu nau. Agin, Kilian Jornet joan zenetik hutsune moduko bat gelditu da taldean, eta gerora erabaki zuen gazteen aldeko apustua egitea. Gaur egun, 26 edo 27 urterekin jada korrikalari asko beterano moduan ikusten dira. Goi mailako kirola asko gaztetu da orokorrean.
Haien aldetik presioa sentitu duzu lasterketetan?
Ez, ezta batere. Beste markekin lehiatzen diren korrikalari askok ere gauza bera aipatu didate, haiei ere ez diela presio handirik egiten. Egia da emaitzen arabera jasoko duzula ordaina ere, baina nik behintzat oso lasai korritzen dut alde horretatik. Marka baten presioa eramatea ez da erraza, eta mendi lasterketen munduan Salomon taldea zerbait bada. Esker hitzak besterik ez dauzkat haientzat.
Haiekin duzun kontratua urte amaieran amaituko duzu. Zer asmo duzu?
Oraindik ez dut erabakirik hartu. Halere, Salomonen jarraitzen badut edo beste talderen batean amaitzen badut, mendi lasterketen inguruan dudan pentsamendua ez da batere aldatuko. Nik naizen bezalakoa izaten jarraituko dut.
Gaur egun, zu baino belaunaldi zaharragoko korrikalari askorekin partekatzen dituzu podiumak Euskal Herrian. Horrek zer pentsatua ematen dizu?
Bai, eta arduratu egiten nau. Askotan partekatu izan dut podiuma Jokin Lizeagarekin, Asier Larruzearekin, Hassan Ait Chaourekin edo Oier Ariznabarretarekin, esaterako, eta haien eta nire arteko adin tartea oso handia da. Korrikalari izugarriak izan dira denak ere, eta errespetu izugarria diet denei, baina ez dakit hori ona den kirol honentzat.
Zuen belaunaldia oparo dator. Besteak beste, punta-puntan zabiltzate Malen Osa, Sara Alonso eta zu zeu.
Ibai Larrea ere sartuko nuke talde horretan! Gure maila ematen ari garela iruditzen zait. Asko hitz egiten dut Osarekin eta Larrearekin, eta asko laguntzen diogu elkarri. Denok pasatu ditugu momentu onak eta txarrak. Aurten, esaterako, ordu asko igaro ditut Malen Osarekin. Gauza asko partekatu ditugu, eta arazoak izan ditugunean asko lagundu diogu elkarri. Oier Ariznabarreta bezalako beterano baten laguntza ere asko eskertzen dut. Beti izan dut ondoan, eta asko daukat eskertzeko.
MOTZEAN
Mendi lasterketetan egin duzun lagunik onena?
Asko egin ditut, baina batzuk aipatuko ditut:Ibai eta Ekain Larrea, Eki Imaz, Ibai Ormaetxea, Anartz Artola, Aitor Zunzunegi, Malen Osa, eta Oier Ariznabarreta.Lasterketa bat?
Sorginen Lasterketa.
Egiteko duzun bat?
Aloinako igoera.
Entrenatzeko leku bat?
Anboto.Mendi korrikalari bat?
Imanol Goñi.
Inoizko mendi korrikalaririk onena?
Kilian Jornet.Mendi lasterketetako talde bat osatzeko lau korrikalari?
Oier Ariznabarreta, Hassan Ait Chaou, Imanol Goñi, eta Jokin Lizeaga.
Sareetan gehien jarraitzen duzun kirolaria?
Manuel Merillas mendi korrikalaria.
Beste kirol bat?
Pilota.Kirolari bat?
Jokin Altuna.Jateko?
Txokolatezko palmera.
Edateko?
Ura. Parrandan nabilenean, Ginkasa.Musika talde bat?
Iheskide.
Abesti bat?
Viva la vida [Coldplay].