Irantzu Porres eta Tasio Martin. Eskalatzaileak

«Gazteok indartsu goaz, baina indartsuago datoz gazteagoak»

Euskal Herriko eskaladaren oraina eta etorkizuna dira, aldi berean, Porres eta Martin. Entrenatzera eta lehiatzera ohituta daude, gustuko dute haitzean eskalatzea eta badituzte proiektuak buruan.

DANI PEREZ.
Unai Ugartemendia.
Bilbo
2017ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Azkenaldian, zeresana eman dute txapelketetan Tasio Martinek (Bilbo, 2000) eta Irantzu Porresek (Bilbo, 1998). Zaila da garaiotan ikasleak lasai harrapatzea. Azken azterketen atarian dabiltza biak, eta duten denbora apurra entrenatzeko eta ikasteko aprobetxatzen dute.

Zein kirol egindakoak zarete?

TASIO MARTIN: Gurasoek betidanik eraman naute mendira, mendia baita haien bizitzaren zati oso garrantzitsu bat. Uste dut txikitatik nuela gustukoa mendian ibiltzea, baina, horrez gain, gurasoekin bizikletan ere ibili naiz, baita ibaietan kanoarekin ere. Esaterako, Ebro ingurutik 600 kilometro egin genituen bizikletaz, Reinosatik irten [Kantabria, Espainia] eta etxeraino; eta Frantzian eta Txekian kanoarekin ibili gara, gure kabuz ibaietan zehar egunak igaroz. Gurasoek eskiatzera ere eraman naute txikitatik. Kirol ugari egin ditut, guztiak gurasoekin, bat izan ezik: futbola. Guztien artean, ordea, garrantzia hartu zuen orain arte aipatu ez dudan bakarrak: eskaladak.

IRANTZU PORRES: Txikia nintzenean balleta egiten nuen. Gerora nahiko ondo etorri zait, eskaladarako malgutasuna lortze aldera.

Noiz hasi zineten eskalatzen?

I.P.: 14 urterekin-edo hasi nintzen eskalatzen. Ez dakit oso berandu edo goiz den.

T.M.: Eskalatzen oso txikitatik hasi nintzen. Gurasoek kontatu didatenez, urte gutxi nituela harrietara igotzen nintzen mendira eramaten nindutenean. Ikusi zuten semea eskalatzailea izango zutela. 6 urte ingururekin hasi nintzen eskalatzen: noizean behin, boulderrera joaten nintzenaitarekin edo amarekin, eta, geroago, arrokan eskalatzen hasi nintzen.

Nork eraman zintuzten lehenengo aldiz eskalatzera?

I.P.: Alex Arrizabalagak eraman ninduen haitzera eskalatzera. Entrenatzaile izan nuen, eta laguna da gaur egun. Beti sinetsi izan du nigan, eta berak erakutsi dizkit eskalada munduko gauza gehienak. Asko eskertzen dut berak eta Estik nigatik egindako guztia.

T.M.: Gurasoek. Beraiek eraman ninduten lehenengoz bai mendira, bai eskalatzera.

Noiz eta nork bideratuta hasi zineten lehiaketetan?

T.M.: 10 urterekin hasi nintzen lehiatzen, Eskola Kirolak antolatzen zuen boulder liga batean. Ez dut gogoratzen norbaitek esanda izan zen edo ez.

I.P.: Oso berandu hasi nintzen lehiatzen. Euskal Herriko Txapelketa nire lehenengo txapelketa izan zen, eta ordurako 17 urte nituen.

Oso gaztetatik postu onak lortutakoak zarete. Horrek presio berezia sortzen al du?

T.M.: Orain arte lehiaketaren bat irabazi dut, bai Araban eta bai Bizkaian ere, baina Euskal Herrian ez dut lortu podiumaren goialderaino igotzerik. Bigarren postua izan da emaitzarik onena. Egia da irabazteak presio apur bat sor dezakeela, baina ez nuke esango aparteko presiorik eragiten duenik, ez behintzat ni aritzen naizen mailan. Eliteko kirolarietan, ziurrenik, presioa askoz handiagoa da, babesleak eta bestelako faktore batzuk baitaude tartean.

I.P.: Egia esan ez dakit, ez da nire kasua izan.

Gogoan al duzue irabazi zenuten lehen txapelketa?

T.M.: Irabazi nuen lehen txapelketa gogoan dut, bai. Izan ere, lehiatu nintzen lehengoan lortu nuen. Gogoratzen dut bost edo sei eskalatzailek berdindu genuela lehengo postuan. Irabazteak motibazioa piztu zidan lehiatzen jarraitzeko, eta ikusi nuen nire adineko eskalatzaile asko zeudela, maila oso onekoak. Eskola Kirolak urtero antolatzen zuen liga moduko baten txapelketa bat izan zen, eta lortu nuen gauzarik garrantzitsuena, argi eta garbi, lagunak izan ziren. Izan ere, han ezagutu nituen eskalada kuadrillako lagun ditudanak.

I.P.: Gogoratzen dut Boulderreko ligaxkako proba bat irabazi nuela Amurrion, Euskal Herriko Txapelketa baino asteburu bat lehenago.

Zer-nolako maila dago Euskal Herrian?

T.M.: Euskal Herrian maila oso handia dago. Nagusiek maila bikaina erakutsi dute: Pou anaiek, Patxi Usobiagak eta beste batzuek, esate baterako. Gazteok indartsu goaz, eta gazteagoak gero eta indartsuago datoz. Eboluzioa ikaragarria da.

I.P.: Tasiok esan bezala, Euskal Herria txikia bada ere, mundu mailan ezagunak izan diren eta gaur egun ezagunak diren eskalatzaileak daude: Josune Bereziartu, Patxi Usobiaga... Gaur egungo gazteen artean, badira oso onak direnak, baina uste dut lehiaketako eskaladaren kontzeptua eta hormen baldintzak hobetuko bagenitu, askoz ere maila hobea egongo litzatekeela .

Etorkizuneko eskalatzaileak zarela esaten dutenentzat, zer duzue esateko?

T.M.: Nahiago dut burua orainean zentratzea, ez etorkizunean. Etorkizunerako asmoak eta proiektuak izatea garrantzitsua da, baina ez da ahaztu behar momentu hau dela garrantzitsuena, une oro bizi duguna. Etengabe ikastea da garrantzitsuena, horretan jartzen dut arreta.

I.P.: Etorkizunean, eskalatzen ikusten dut neure burua. Bizimodu polita iruditzen zait bidaiatzeko, jende berria ezagutzeko, naturaren inguruan egoteko... Amets ugari ditut betetzeke eskalada munduan, baina norkdaki zer gertatuko den etorkizunean.

Zuen adinean gazte askok uzten dute eskalada ikasketen ondorioz. Zuek zer asmo duzue?

T.M.: Batxilergoko urteak gogorrak dira, eta gazte askok beren kirolak edo bestelako ekintzak praktikatzeari uzten diote. Nik ez dut eskalada uzteko inolako asmorik, nola edo hala moldatuko naiz hori gerta ez dadin.

Eta zuk, Porres, nola uztartzen dituzu ikasketak eta eskalada?

I.P.: Oraingoz, nahiko ondo moldatzen naiz, baina gerora ez dakit nola ibiliko naizen, batek daki.

Gustura aritzen al zarete txapelketetan?

T.M.: Geroz eta gusturago. Hasieran, oso urduri lehiatzen nintzen, baina urduritasun hori arinduz doa txapelketetan parte hartu ahala. Gainera, lehiakideen artean dagoen giroa ezin hobea da, denok baikara lagunak.

I.P.: Espainia mailako txapelketetan, ez naiz oso ondo sentitu. Neure buruari presio gehiegi jartzen diot, urduriegi sentitzen naiz, lotsa ematen dit. Hala ere, gustatzen zait lehiakideen artean dagoen giroa. Lehiatzen ikasi behar dudala uste dut.

Porres Euskal Herriko Boulder txapelduna izan zen iaz. Zer esanahi izan zuen zuretzat?

I.P.: Egia esan, ez nuen espero.Ez nuen inor ezagutzen, eta, guztiok nahastuta geundenez, sailkapen fasean ez nekien noren aurka ari nintzen lehiatzen, eta, neure burua sailkapenean lehen postuan ikusi nuenean, ezusteko polita izan zen. Asko motibatu ninduen entrenatzen jarraitzeko.

Martin, aurten oso indartsu hasi duzu denboraldia. Espero al zenuen?

T.M.: Iaz hasi nintzen entrenamendu formalekin, modu sistematizatuan entrenatzen, eta horrek bere emaitzak ditu.

Haitzean ere asko eskalatzen duzue. Zer ematen dizue haitzean eskalatzeak?

I.P.: Ez dakit, berezia da haitza, berezko egiten duen zerbait dauka .

T.M.: Haitzean eta mendian eskalatzea da eskaladaren benetako esentzia. Txapelketak entrenatzeko aitzakia baino ez direla esan daiteke, baina benetako desira mendian eskalatzea dut. Lehiaketek gogor entrenatzeko motibazioari eusten laguntzen didate, eta, horrenbestez, hobetzen. Gero, hobekuntza hori mendira eramatea da nire helburua.

Zer asmo dituzue aurten?

T.M.: Lehiaketei dagokienez, Espainiako Kopan lehenengo zortzien artean amaitzea. Hirugarren proba Zaragozan [Aragoi, Espainia] jokatuko da maiatzaren 13an, eta espero dut helburua lortzea. Aurreko bietan 10. eta 7. postuak lortu ditut.

I.P.: Txapelketak bukatzera noa. Haitzean proiekturen bat hartuko dut, eta udarako kateatuta izatea espero dut.

Txapelketetatik kanpo, zein proiektu dituzue?

I.P.: Aurten dudan asmo eta lehiarik handiena eskaladan nire jarrera aldatzea da, gehiago gozatzen ikastea eta batez ere nire beldurrak uxatzea.

T.M.: Udari begira, proiektu ugari ditut buruan, lagunekin egiteko: batetik, Picu Urriellura [Asturias, Espainia] joatea eta han lau aurpegiak egun berean eskalatzea eta Norte Oculto izeneko bidea eskalatzea dira helburuak. Bestetik, lagunekin Alpeetara bidaia bat egiteko asmoa daukat, Ecrins aldera [Frantzia].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.