Aitor Murua. Mendiko eskiko euskal selekzioko hautatzaile ohia

«Gazteen talde oso ona daukagu; badago oinarria etorkizunerako»

Euskal Herrian mendiko eskia bultzatzen, garatzen eta sendotzen lan egin du hainbat urtean; horietako gehienak, selekzioko hautatzaile gisa. Aitor Muruak ardura uzteko garaia dela uste du.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Andoain
2015eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ofizioz, itsasontziak lotzen eta askatzen ditu Pasaiako portuan (Gipuzkoa). Egunerokoan itsasoa eta ura lagun dituen arren, bizitzaren erdia mendian igarotakoa da. Ia hamabost urtean mendiko eskiko euskal selekzioko hautatzailea izan eta gero, aurten agur esan dio karguari eta ardurari Aitor Muruak (Donostia, 1970). Ibilbide luze horretan guztian pozak pilatu bai, baina bidelagun asko galdutakoa ere bada Murua, Donostian jaio baina Andoainen bizi den kirolari amorratua. Kargua utzi du, baina mendiaz gozatzen jarraitzeko asmoa dauka, lasaiago, Aimar eta Naia seme-alabekin.

Noiz hasi zinen mendiko eskiko selekzioko hautatzaile lanetan?

2003-2004ko denboraldian hasi ginen taldearekin, eta eskiatzaile kopurua lortu genuenean, gazteak gehienbat, euskal selekzioa sortu genuen.

Nork eskaini zizun postua?

Norbaitek eskaini baino gehiago, lanak eta ardurak banatu egin genituen. Andoni Areizaga eta biok ginen arduradunak, eta Altitoy sortzeak nahikoa lan eragiten zuen. Lanak banatu genituen: Andoni Altitoyren arduradun, eta ni EMF Euskal Mendi Federazioko hautatzaile eta mendiko eskiko arduradun. Atzetik bultzaka genuena Antxon Bandres zen, federazioko presidentea. Gogo handia geneukala nabaritu zuen, eta beti izaten genuen inguruan, zirikatzen. Guk ezin genion ezezkorik esan halako ilusioari eta gogoari.

Nolako baliabideak zenituzten garai hartan?

Eskasak, baina EMFk beti lagundu gaitu. Hasieran, ia aurrekontu osoa prestakuntza ikastaroetan eta Altitoyn gastatzen zen. Altitoyk nahiko indar hartu zuenean, dirua gazteetara bideratu genuen, etorkizuna hor baitzegoen. Orduan, Oskar Gogorza mendiko gidari titulua ateratzear zen, eta asko lagundu zigun gazteen prestakuntzan.

Zein izan ziren aukeratu zenituen mendiko lehen eskiatzaileak?

Talde handia zen. Izen batzuk esatearren, Maria Leunda, Leire Ezpeleta, Lide Leibar, Izaskun Zubizarreta, Aitor Otxoa, Joseba Ormazabal, Xabi Urkizu, Erlantz Gonzalez, Ander Sistiaga, Aitor Igarategi, Eñaut Izagirre, Kristian Bandres…

Zein irizpideri jarraitzen zenien taldea osatzeko?

Hasieran, mendiko eskia egin nahi zuten mendizale-eskiatzaileak aurkitzea. Kopurua lortu ondoren, kadete eta junior mailetan ahal nituen gehienak sartzen nituen, eta, ondoren, seniorrak. Bai bainekien horiek harra barruan zutela eta mendiko eskia egiten jarraituko zutela. Gazteetan, aldiz, zailagoa zen: elurra urrun egoten da; materiala garestia da, eta mendiaren neguko baldintzez ezagutza sendoa eduki behar da.

Denborarekin, mendiko eskikotaldeak garrantzi handia hartu zuen federazioan. Beti izan duzue federazioaren laguntza?

Badakigu mendiko lasterketekin alderatuz gero txikiagoak garela, baina, hala eta guztiz ere, beti izan dugu EMFren laguntza. Ternua Euskal Herriko kirol arropa markak ere asko lagundu digu. Badakit batzarretan zenbait lagunek esan dutela ez direla lehiaketen aldekoak, baina agian konturatu beharko lukete lehiaketak muturra baino ez direla eta funtsean, oinarrian, mendizaletasuna lantzen dugula.

Nork osatu zenuten haserako lantaldea?

Antxon Bandresek, Antxon Bustillok, Andoni Areizagak eta Andu Martinez de Rituertok. Beste asko ere beti izan ditugu prest laguntzeko, baina ezin ditut denak aipatu. Hala ere, mendian beti aurkitzen duzu boluntarioren bat laguntzeko. Euskaldunok geure izaeraren barruan txertatuta daukagu.

Denborarekin, prestatzaile fisiko bat eta fisioterapeutak ere izan dituzu ondoan. Nolako harremana izan duzu haiekin?

Poliki-poliki, selekzioa mamituz joan zen, eta konturatu ginen denboraldia ez zela elur garaiarekin batera hasten, udan lanean hasi beharra zegoela. Talde teknikoa sortu nuen, laguntza eskatuz, beti bezala: Jokin Lizeaga entrenatzaile, Aitor Sarasola fisioterapeuta, Aitor Igarategi skiman eta ni neu koordinatzaile. Euskal Mendi Federazioan, berriz, Antxon Burcio zuzendari teknikoa geneukan, beti laguntzeko prest. Aldaketa handiena orduan nabaritu genuen, gehienbat gazteekin txapelketetan azaltzen hasi ginelako.

Nola prestatzen zenituen egutegia eta txapelketetara joateko bidaiak?

Aurrena, gure egutegia egiten genuen: Euskal Herriko hiru txapelketak —kronoigoerak, banaka eta taldeka—, eta, gero, Euskal Herriko kopara proba interesgarriak gehituz. Horiez gain, Espainiako Txapelketak eta Kopa, eta Munduko Kopako probaren bat ere egin izan ditugu. Gure helburua munduko eta Europako txapelketetan parte hartu ahal izatea izan da, baina Espainiako Federazioak ez digu lizentziarik eman nahi, ez guri, ezta Kataluniako selekziori ere. Hor dago etorkizuneko erronka.

Zurekin ibilitako hainbat kirolari Europako eta munduko txapelketetan lehiatu izan dira. Zer ekarri izan du horrek zuretzat?

Niretzat eta haientzat esperientzia ederra izan da, baina, maila ona izanik, euskal selekzio gisara joatea gustatuko litzaidake. Hor daukate lana gure federazioko ordezkariek, politikariek… Guk, kirolariok, maila lortu dugu, eta haien esku dago nazioarteko txapelketetan lehiatu ahal izatea. Eman beharreko pausoa da.

Zein izan da zure ibilbideko momenturik zailena?

Momentu zail dezente izan ditugu, urte hauetan guztietan. Pako Iriondok Euskal Mendi Federazioa utzi zuenetik gorabehera handiak izan dira federazioan. Zuzendaritza batzordean aldaketak egin dituzte noiznahi, eta ezegonkortasun horrek ez dio inondik inora laguntzen mendizaletasunari. Horrez gain, lagun batzuk ere galdu ditut istripuen ondorioz. Une latzak igaro ditut, bai.

Eta inoiz ahaztuko ez duzun garaipen bat?

Besarkada asko jaso ditut, bai hautatzaile gisa, bai kirolari gisa. Ez dut bat aukeratu nahi, denek izan baitute bere momentua eta xarma.

Zerk eraman zaitu taldea uztera?

Arrazoi bat bakarrik ez dago; zenbait faktorek bat egin dute. Garaia heldu dela iruditu zait, gutxi gorabehera hamabost urtean zalapartaka ibili ondoren. Ideia berriak eta lan egiteko era ezberdinak lantzeko ordua iritsi dela uste dut.

Nola ikusten duzu gaur egun euskal selekzioaren egoera?

Osasuntsu. Gazteen talde oso ona daukagu, eta badago oinarria etorkizunera begira. Eskertu behar dugu Candanchu Ski Club taldea egiten ari den lana mendiko eskia ezagutarazteko eta gazteei harra pizteko.

Etorkizuneko eskiatzailerik ikusten duzu Euskal Herrikoen artean?

Espainiako txapelketetan lehiatzen ari gara Nahia Quincocesekin, Iñigo Martinez Albornozekin eta Carla Martinez Albornozekin, esaterako. Hala ere, beste urrats bat egin behar dugu, Europara eta mundura begira.

Urte hauetako guztietako pasadizo aipagarriren bat?

Pasadizorik onena mendian gozatu dugun guztia izan da. Txarrena, berriz, lagun on asko galdu ditudala, mendiko eskia benetan maite zutenak. Ezin ahaztu, besteak beste, Antxon Bandres, Andoni Areizaga, Joxi Hernandez, Iñaki Cuellar eta Carlos Imirizaldu Karolo. Bejondaiela.

Eta, hemendik aurrera, zer egin behar duzu?

Dudarik ez dut. Mendiko eskiaren inguruan ibiliko naiz, baina ardurarik gabe, seme-alabekin eta lagunekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.