Bittor eta Andoni Esparta. Eskalatzaileak

«Gazteen artean maila 'ona' dago, baina ez dago oinarri sendorik»

Eskalatzeko ilusioa eta energia darie Esparta anaiei. Emaitza aipagarriak lortu dituzte lehiaketetan, eta zailtasun handiko bideak harkaitzean. Zer esana emango dute Euskal Herriko eskaladan.

Bittor eta Andoni Esparta anaiak, Bilboko Piu Gaz eskalatzeko horman. Bertan entrenatzen dira, Gianni Faggianarekin. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Bilbo
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Bittor Esparta (Bilbo, 1998) eta Andoni Esparta (Bilbo, 2001) anaiak Euskal Herriko eskalatzaile gazteen belaunaldiko bi fruiturik esanguratsuenetarikoak dira, Mikel Linazisororekin eta Eneko Carreterorekin batera. Askotan ez da erraza izaten punta-puntako kirolari gazteekin elkartzea. Ikasketak eta entrenamenduak tarteko, denbora gutxi izaten dute elkarrizketetarako. Bidaien eta ikasketen artean egin dute tarte bat, ia etxe duten Piu Gaz eskalatzeko horman.

Oso gazteak zarete oraindik, baina noiz hasi zineten eskaladan?

BITTOR ESPARTA: Txikitatik gure gurasoek mendira eramaten gintuzten. Aita eskalatzailea da, eta, aitak eskalatzen zuen bitartean, gu mendian jolasten ibiltzen ginen. Noizbehinka, eskalatzen ere bai. Beraz, betidanik izan dugu harremana eskaladarekin. Entrenamenduekin 13 urterekin-edo hasi nintzen, aitak entrenatzen gintuen.

ANDONI ESPARTA: Ni 4 urterekin hasi nintzen eskalatzen; 7 urterekin, berriz, entrenatzen.

Entrenatzeaz ari zarete. Gaur egun nork entrenatzen zaituzte?

A.E.: Gianni Faggianak. Italiarra da, baina Bilbon bizi da. Oso pozik nago berarekin, eta asko daki kirolaren inguruan.

B.E.: Bilbora etorri zenean, Euskal Herriko eta Espainiako eskalatzeko hormarik onena eraiki zuen. Oso entrenatzaile ona da, eta asko zor diogu.

Zein ezaugarri behar ditu gaur egun eskalatzaile on batek?

B.E.: Eskalada eboluzio handia izaten ari da. Lehen, harkaitzean indartsu ibiltzen ziren eskalatzaileak munduko onenak ziren lehiaketetan; gaur egun, ordea, hori ez da horrela. Txapelketetan indar handia behar da, baina, horrez gain, koordinazioa eta teknika garrantzi handia hartzen ari dira.

A.E.: Indarra, erresistentzia, abiadura, malgutasuna... Uf, denetarik behar da.

Imajinatzen hasita, ikusten al duzue zeuen burua Olinpiar Jokoetan?

A.E.: Bai, imajinatzen dut. Oso gaztea naiz, eta denbora asko daukat entrenatzeko eta hobetzeko. Tokioko Olinpiar Jokoetara joan ez arren, beste aukera batzuk izango ditut, bai Parisen bai etorkizunean.

B.E.: Ez da erraza izango Olinpiar Jokoetara joatea, bereziki Tokio 2020ra. Munduko hogei eskalatzailerik onenak joango dira bakarrik, baina aurrerago egingo diren Olinpiar Jokoetan herrialde bakoitzak eraman ahalko ditu eskalatzaileak. Beraz, ziur nago anaien artean gutako norbaitek lortuko duela [barreak].

Bittor, zertan da ona Andoni?

B.E.: Andonik dohain ikaragarriak ditu txapelketetarako, oso jarrera ona duelako eta teknikoki oso ona delako. Horrez gain, nahiko koordinazio ona du.

Eta Bittor?

A.E.: Bittor oso langilea da, eta horri esker fisikoki oso indartsua izatea lortu du.

Asko zirikatzen al duzue elkar?

A.E: Ni edozein zirikatzen ibiltzen naiz, oso lehiakorra naiz.

B.E: Ez, normalean ez. Egia da eskalatzean oso autokritikoak garela, baina berak egindako lorpen guztiak pozik ospatzenditut.

Nolakoa da zuen egun arrunt bat Bilbon zaudetenean?

A.E.: Goizean, ikastolara joaten naiz, eta, gero, etxean bazkaltzen dut. Jarraian, entrenatzera joaten naiz, gauera arte. 21:30 inguruan iristen naiz etxera.

B.E.: Goiz esnatzen naiz unibertsitatera joateko, eta ni ere etxera itzultzen naiz bazkaltzera. Bazkaldu ostean, etxeko lanak eta bestelakoak egiten ditut, eta, gero, entrenatzera joaten naiz. Berandu bueltatzen naiz etxera. Afaldu, eta berriz ere etxeko lanak egiten ditut oso berandura arte.

Nola uztartzen dituzue eskalada eta ikasketak?

A.E.: Batxilergoko lehenengo mailan ez da asko ikasi behar, eta horrek eskaladan gehiago ahalegintzeko aukera ematen dit.

B.E.: Loari orduak kenduta, zoritxarrez. Egia da askotan denbora falta sumatzen dudala unibertsitateko lanak-eta entregatzeko. Horrez gain, unibertsitateak ez du laguntza gehiegirik eskaintzen kirolarientzat. Irakaslea adeitsua ez denean, egoera latz bihurtzen da, batez ere azterketak egiteko egunak datozenean eta atzerrian txapelketaren batean nagoenean.

Zuk, Andoni, juniorra izanda, seniorren Espainiako Kopako proba bat irabazi duzu. Zer sentitu zenuen?

A.E.: Oso pozik sentitu nintzen, baina gaur egun irabaztea ez zait asko axola. Lehiaketetan ahalik eta ondoena egitea pentsatzen dut. Amaieran lortzen dudan garrantzitsuena bertan ikasitakoa izaten da.

Zer-nolako maila dago Euskal Herrian eskalatzaile gazteen artean?

B.E.: Eskalatzaile asko daude, baina arrokan aritzen diren eskalatzaileak dira gehienbat; txapelketetan ez dago eskalatzaile nahikorik. Egia da euskaldunok txapelketa asko irabazten ditugula, baina eskalatzaile kopuru txikia daukagu: gazte mailan lau eskalatzaile ditugu maila bakoitzeko, eta nagusien mailan, beste lau. Beste herrialde batzuetan kontaezinak dira gazteen mailan parte hartzen duten eskalatzaileak. Beraz, maila ona dago, baina ez dago oinarri sendorik.

A.E.: Beste herrialdebatzuekin alderatuta, maila ez da oso altua.

Euskal selekzioa ere sasoiko al dago?

A.E.: Bai, Espainia mailan talderik onena da, domina gehien lortzen dituena.

Zein dira zuen helburuak aurten?

A.E.: Europa mailako lehiaketetan parte hartzea, ahalik eta ondoen egitea, eta Munduko Txapelketan domina lortzea, abuztuan.

B.E.: Espainiako senior lehiaketetan gogor aritzea eta dominaren bat lortzea, nazioarteko txapelketetara joan ahal izateko.

Zer ematen dizue eskaladak?

B.E.: Mundua beste ikuspegi batetik ezagutzeko, naturaz gozatzeko eta lagun asko egiteko aukera.

A.E.: Bidaiak, lagunak, natura... Oso kirol berezia da zentzu horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.