Unai Bengoa eta Joxelu Albizuri. Mendi korrikalariak

«Gauzak asko aldatu dira; lotsa galdu diogu distantzia luzeari»

Euskal Herriko ultren eta ultra korrikalarien historia idatziz gero, ezinbestean aipatu beharko lirateke Bengoa eta Albizuri, bai lortutako emaitzengatik, bai aitzindariak izateagatik.

Bengoa eta Albizuri, 2014ko Hiru Handietan parte hartu aurretik. EDU URIBE.
Unai Ugartemendia.
Itziar
2016ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Mendiko lasterketa luzeen —ultren— sukarra hasi aurretik, Unai Bengoak (Itziar, Deba, Gipuzkoa, 1973) eta Joxelu Albizurik (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963) parte hartzen zuten halako lasterketetan. Beteranoak dira. Eskarmentua dute, ez bakarrik lasterketetan, baita ohorezko postuetan ere. Albizurik, esaterako, lau aldiz irabazi du Hiru Handiak.

Noiz hasi zineten mendian korrika?

UNAI BENGOA: Lasterketetan, duela zortzi urte inguru. Mendian ibiltzen nintzen, baina lehiatzen orduan hasi nintzen.

JOXELU ALBIZURI: Nik denbora gehiago daramat; lasterketetanhamazazpi urte dira jada. Suhiltzaile lanetan hasi nintzenean, aldizkari bat iritsi zen nire eskuetara, eta han irakurri nuen Aneton [3.404 metro, Aragoi, Espainia] lasterketa bat bazela. Mendian asko ibiltzen nintzen, eta hara joatea pentsatu nuen. Gaur arte.

Lasterketetara mendi martxetatik iritsitakoak al zarete?

J.A.: Bai. Garai batean, lagunekin martxa erregulatuak egiten nituen. Soldadutzatik bueltan, zerbaitetan hasi behar nuela pentsatu nuen. Parranda egiteaz gain, mendian hasi nintzen: lehenik oinez, gero azkarrago, eta, azkenerako, korrika.

U.B.: Gazteago nintzenean, mendiko bizikletarekin ibiltzen nintzen, baina, kirol garestia zenez, duatloietara pasatu nintzen. Orduan Euskal Herriko zirkuitua izaten zen. Geroago, triatloietan aritu nintzen, eta ironman batzuk ere egin nituen. Bigarren haurra izan nuenean, denbora gutxi izaten nuen entrenatzeko, eta berriro korrikari ekin nion. Mendian ere hasi nintzen, eta orduan egin nituen lehen mendi lasterketak.

Zein izan zen zuen lehen ultra lasterketa?

U.B.: Nirea, 2008an, Anetoko ultra. 64 kilometrokoa izan zen, eta anoa gunerik gabeko lasterketa antolatu zuten. Markarik ere ez zegoen, GR-ri jarraitu beharra zegoen. Hantxe elkartu ginen Joxelu, Imanol Aleson eta abar.

J.A.: Hiru Handiak, 100 kilometrokoa. Orduan martxa moduan egiten zen. Dena oinez egiten genuen, azkeneko kilometroak izan ezik. Erregulatua zenez, kontroletan gelditu beharra zegoen.

Nola entrenatzen zarete?

U.B.: Ahal den moduan. Ez dut entrenamendu finkorik. Eguraldi ona denean, bizikletan ateratzen naiz; txarra egiten duenean, ordea, korrika egiteko baliatzen dut. Astean lau edo bost egunetan irteten naiz.

J.A.: Nik, dudan lanagatik eta aukerarengatik, ez daukat derrigorran egin beharreko ezer. Gaur egiten ez badut, bihar egiteko aukera izango dut. Hala ere, lanegunen bezperan ez dut saio gogorrik egiten.

Beste kirolik egiten duzue?

U.B.: Bizikletan asko ibiltzen naiz. Triatloitik nator, eta horrek badu zerikusia. Orduan bizikletan denbora asko igarotzen nuen, eta oso gustuko dut oraindik. Oso kirol eskertua da, gainera.

J.A.: Nik ez; mendian ibili eta korrika egin.

Zein da ultra lasterketetan aurrean ibiltzeko sekretua?

J.A.: Asko ibiltzea, dudarik gabe, baina pasatu gabe. Jende asko gehiegi ere entrenatzen da, eta hori ez da batere ona. Diziplina honetan oso sekretu gutxi dago.

U.B.: Orduak sartzea eta burua ere entrenatzea.

Nola uztartzen dituzue familia eta lasterketa luzeak?

U.B.: Mundu honetan ibiltzen garen gehienok bezala, mugak kontrolatuz, kar-kar. Askotan konturatzen gara etxekoek gure falta sumatzen dutela, eta orduan izaten da gelditu beharreko garaia. Lasterketak asteburu oro izaten ez direnez, denbora izaten dugu familiarekin egoteko ere.

J.A.: Nik ez dut arazo askorik izaten. Emaztea ere denetara apuntatzen da, eta elkarrekin joaten gara. Berak ere asko gozatzen du, eta ni ere gustura horrela.

Nola moldatzen duzue lasterketen egutegia?

U.B.: Urte hasieran lasterketak begiratu, eta laneko egutegiaren arabera moldatzen naiz. Familiarekin hitz egin, eta horrela planifikatzen dut. Gaur egun, gainera, urte hasierarako eman behar da izena lasterketa gehienetan.

J.A.: Azkenaldian, gertuko lasterketak egiten saiatzen naiz: Hiru handiak, Ehunmiliak… Betierelaneko egutegiaren arabera.

Elikadura zaintzen al duzue?

J.A.: Zerbait bai, baina erotu gabe. Nik lasterketengatik ez dut ezer aldatzen. Denetik jaten dut.

U.B.: Ni ere ez naiz asko zaintzekoa. Lasterketa baino egun batzuk lehenago janari batzuk beste batzuk baino gehiago jaten ditut, baina erotu gabe. Nik, gainera, mahaian asko gozatzen dut.

Zein da lasterketa luzeen erakarpena?

U.B.: Bakoitzak bere buruari jartzen dizkion erronkak: lasterketa amaitzeko gai izatea, aurreko urteko denbora hobetzea… Azkenean, dena da erronka.

J.A.: Niri gauak gustatzen zaizkit ikaragarri: kopetako argiarekin joatea, isiltasuna… Jendearekin joatea oso polita da, eta arriskua ere asko gutxitzen da.

Zuen gertukoek zein iritzi dute egiten dituzuen lasterketez?

U.B.: Askotan gertatzen da gu ikusita bateren bat ere korrika hastea, eta hori ere ona da. Etxekoek, berriz, jada ezagutzen gaituzte, eta gertukoek ere bai.

J.A.: Kirolzale ez direnek ez gaituzte ulertzen. Askok esaten digute: «Ikusiko duzu, denborarekin ordainduko duzue, iritsiko zaizue honen faktura…». Urteak daramatzat hori entzuten, eta zera pentsatzen dut: «Faktura iristen bada, ordaindu eta kito».

Zer iritzi duzue mendiko lasterketek duten goraldiari buruz? Zer ondorio ekarriko du?

J.A.: Gauzak asko aldatu dira azken urteetan. Duela urte batzuk 100 kilometroko lasterketa bat egitea izugarria zen, oso jende gutxi ateratzen zen; gaur egun, ordea, jendea ez da harritzen halakoak egiteagatik. Distantzia luzeari lotsa galdu diogu. Askok diote: «Horrek egiten badu, nik zergatik ez?». Nitaz esan izan dute.

Lasterketa luzeetan geroz eta jende gazteagoa irteten da.

U.B.: Eta zergatik ezin du gazte batek horrelako proba luzeetan parte hartu? Arazoa ez da adina izaten, prestakuntza baizik. Gaztea izanda ondo prestatuta joanez gero, ez dago inolako arazorik.

Nola ikusten dituzue gaur egungo gazteak?

U.B.: Oso indartsu. Jendeak gauza gehiago ditu eskura: entrenatzaileak, nutrizionistak, medikuak… Gure garaian ez zen horrelakorik.

Albizuri, zure semea ere lasterketetan aritzen da. Aholku asko eskatzen al dizkizu?

J.A.: Ezta bat ere, kar-kar. Lagun baten bidez hasi zen, eta gustura dabil. Oso gustuko du ibiltzea, eta gaur egun kirol asko egiten du.

Nola zaintzen duzue zeuen burua? Ezer berezirik egiten duzue?

U.B.: Min handia daukadanean bakarrik joaten naiz masajistarengana; bestela, ez dut joateko ohiturarik. Normalean, luzaketa batzuk egin eta igerilekura joaten naiz. Urteen poderioz, luzaketa asko egitea eskatzen dit gorputzak, bere onera bueltatzea ere gehiago kostatzen baitzaio.

J.A.: Masajistarengana urtean behin joateko ohitura nuen. Denboraldia hasi baino lehenago izaten zen. Gero, lasterketa gehienetan masajea ere ematen dutenez, horrekin pasatzen dut urtea. Azkenaldian, semea masajista denez, berak ematen dizkit masajeak noizean behin.

Zein izan da zuen eredua mendi lasterketetan?

J.A.: Iker Karrera. Pertsona gisa ona eta oso zentzuduna delako. Oso korrikalari ona da, eta gaitasun handiak dauzka.

U.B: Imanol Aleson eta Joxelu. Gainera, lagunak ditut biak ere.

Noiz arte ikusiko zaituztegu lasterketetan?

U.B.: Gorputzak nahikoa dela esaten duen arte. Bitartean, ahal den moduan jarraituko dugu.

J.A.: Bi urte badaramatzat lasterketak utzi egingo ditudala esanez. Lehiakortasun handia nabari dut lasterketetan, eta hori ez dut atsegin. Garai batetik ona, gauzak asko aldatu dira.

Euskal Herrian ultra distantziako lasterketa batzuk baditugu; Ehunmiliak, esaterako. Zuek lasterketa horretan emaitza bikainak ere lortu dituzue. Zer eman dizue lasterketa honek?

J.A.: Gauza asko eman dizkit, eta gauza asko sentitu izan ditut Ehunmilietan. Lehenik eta behin, geurea den lasterketa bat da. Gure mendiak dira, gure jendea… Tartean igarotzen diren herriak, Azpeitian izaten den jende andana, esaterako. Eta, gehienbat, amaieraz pentsatzen jartzean, orduan joaten dira min guztiak.

U.B.: Niretzat sentimendu bat da: amaierako poza, lasterketan askotan gaizki joan ondoren; igarotako mina; familiaz gogoratzen zara; azken kilometroa; negarra; helmugara iristea eta Imanol Alesonen moduko lagunak besarkatzea… Azken finean, sentsazio bikaina izaten da.

Zer uste duzue falta zaiola Ehunmiliak lasterketari atzerritik jende gehiago etortzeko?

J.A.: Nik uste du jendeari mendi altuetan ibiltzea gustatzen zaiola, Alpeetan dauden antzeko mendietan. Erakargarriagoak direlako izan daiteke agian.

Zein da lasterketa hain luzeak korritzeko arrazoia?

U.B.: Erritmoarekin oso gustura sentitzen naizelako, lehenik. Lasterketa motzetan beti lehertu beharrean joaten zara, beti bete-bete eginda. Erritmoaz gain, gaua ere oso gustuko dudalako. Eguna argitzen ikustea gauza ederra da.

J.A.: Nik ere erritmoa aipatuko nuke. Pixkana-pixkana nekatuz joatearena, buruarekin izaten diren elkarrizketak, gorputzaren gorabeherak… Dena abentura bat da.

Non uste duzue dagoela gorputzaren muga?

U.B.: Uf ! Galdera zaila da. Esan daiteke Tor de Geants [330 kilometro] izan daitekeela distantzia kontuan hartzen badugu, baina hor lo egiteko aukera ere izaten da. Ni lasterketa batean bi gau ere igarotakoa naiz, eta ondo eutsi nion. Gehienez 240 kilometro egindakoa naiz. Ez nuke jakingo esaten muga non dagoen.

J.A.: Ez dakit, bada. Muga jartzeko garaian, distantziak baino gehiago, niri hotzak ematen dit beldurrik handiena. Luzerak ez nau kikiltzen. Uste dut oraindik ez zaidala gorputzaren muga gorenera iritsi.

Bengoa, nolako esperientzia izan zen 2015eko Tor de Geantsekoa?

U.B.: Esperientzia ona izan zen. Oso eguraldi txarra izan genuen, eta ikaragarrizko hotza pasatu. Hango gauek, eguraldi onarekin, latzak behar dute. Gorabehera handiak izaten dira hainbeste egunetan, eta gorputzak era ezberdinean erantzuten du. Une oro oso kontzentratuta joan behar da: oinak zaindu, maletak prestatu, ondo jan… Oso ondo antolatuta dago. Eguraldiarengatik ezin izan nuen amaitu, baina itzuliko naiz denborarekin.

Eta aurten zein lasterketa egiteko asmoa duzue?

U.B.: Oraingoz, Zegama-Aizkorri [42 kilometro] , Ehunmiliak [166 kilometro], Grand Raid des Pyrenees [160 kilometro] eta Hiru Handiak [100 kilometro].

J.A.: Nik ere Ehunmiliak eta Hiru Handiak, ziur. Gero, beste pare bat egiten saiatuko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.